Agenda

Miren Odriozola eta Leire Ibargurenekin "Laura esaten zioten" liburua mintzagai

Xehetasunak
Noiz: martxoak 24, 17:30etan
Non: Beasain, Igartza jauregia
Harremanetarako
Irakurle taldea: Beasain

Miren Odriozola eta Leire Ibargurenekin

Laura esaten zioten: Miren Odriozolaren borrokak (Txalaparta, 2016) liburua mintzagai izango dute. Leire Ibarguren liburuaren egilea eta Miren Odriozola saioan izango dira.

Sinopsia:

1980ko hamarkadan, hainbat euskal herritar, internazionalismoaren banderapean, Hego Amerikako hainbat herrialdera joan ziren bertako iraultzetan parte hartzera. Batzuk El Salvadorrera jo zuten eta FMLNk gidatzen zuen matxinadarekin bat egin zuten. Ezagun ditugu borrokaldi horren lehen lerroan hil ziren Pakito Arriaran, Begoņa Garcia Arandigoien edota Marta Gonzalez, baina horiekin batera beste internazionalista asko egon ziren, euskaldun zein ez, eta horien izenak guztiz ezezagunak dira. Miren Odriozola horietariko bat izan zen; guduan parte hartu zuen, sanitaria gisa, hasiera batean, eta bestelako ardura ugarirekin gerora. Laura esaten zioten.

Borroka anitzetan parte hartu zuen horren aurretik eta ondoren: ETAko kide, Francoren kartzelak ezagutu zituen; borroka feministaren parte izan zen; Auzitegi Nazionalak Udalbiltzan egindako lanagatik auziperatu zuen… Liburu hau bizitza eta mundu osoa borroka-zelai izan duen emakume baten biografia da, izan ere, Mirenek berak dioskunez: “Nire uste apalean, abertzale euskaldunok frogatu dugu, gure herria maitatzeaz gain, beste herriak ere maite ditugula, gutako batzuk euren biziak lur haietan uzteraino. Bere herria maite ez duenak maita ditzake besteak?”.