Agenda

"Ez duzu abusatuko" liburua mintzagai Bilboko Biran

Xehetasunak
Noiz: apirilak 23, 20:00etan
Non: Bilbo, BIRA elkargunea

Ez duzu abusatuko (Elkar, 2017) liburua mintzagai izango dute Alberto Barandiaran, Miren Rubio eta Iņigo Astiz egileek, Imanol Murua gidari delarik.

Sinopsia:

Ez da berria. Lehen ere entzuten ziren antzeko historiak: holako eskoletan… halako apaizak… Ahopean beti, zerbait lotsagarria balitz bezala, egiten zuenarentzat ez ezik, sufritzen zuenarentzat eta inguruko guztientzat.

Horregatik hobe isilpean, hautsak gehiegi harrotu gabe.

Baina iritsi da garaia gauzak esateko eta gertaerei bere izenez deitzeko. Eliza barruko pederastia kasuez ari gara, apaiz eta fraideek gaztexoei egindako sexu-abusuez. Mundu angosaxoian lehertu ziren halako eskandaluak lehenik, baina olatua mundu osoan barrena hedatu da, baita gure artean ere.

Alberto Barandiaran, Iņigo Astiz eta Miren Rubiok, eskarmendu handiko kazetariak hirurak, ezkutuan zegoena argira atera dute, Euskal Herriko elizan izandako pederastia kasuei buruzko erreportaje zabal honetan.

Beraiek ezagutarazitako gertaerak dira batzuetan, azkenaldian zabaldutakoak besteetan. Berriki gertatuak nahiz azken bost hamarkadetakoak, urte askotako min isila pasatu ohi baitute abusuen biktimek jasandakoa kontatzera ausartzeko.

Kontatu beharreko historiak ziren hauek, isiltasunak, biktimen sufrimendua areagotzeaz gainera, usteldu egiten duelako elizak gizartean nahi lukeen konfiantza; kontatu beharrekoak, baina ez bakarrak, adituak oro bat baitatoz orain arte ezagutarazi diren kasuak ez direla gertatu diren guztien zati txiki bat baizik. Icebergaren punta.