Aingura hegodunak

Garazi Ugalde Pikabea eta Gorka Salces Alcalderen poemak

Asteazkena, 2014-10-29

Pasaia Hiria-Xabier Portugal poesia lehiaketako azken sarituen lanak eman ditu argitara Bermingham argitaletxeak: Garazi Ugalde Pikabearen Korapiloak lokarrietan, eta Gorka Salces Alcalderen Haize takikardikoa. Lan bakoitzaren hasierari luzatu diogu begirada. (Argazkia: DVtik).

Patxi Ezkiagak eta Irati Goikoetxeak osatutako epaimahaiak aukeratu ditu egile bi hauen lanak:

GARAZI UGALDE PIKABEA (Lezo, 1988). Gizarte zientzietako batxilergoa amaituta Gasteizera jo zuen Itzulpengintza eta Interpretazio ikasketak egitera. 2011n lizentziatu zen eta gerora ere ikasten jarraitu du, hizkuntzen irakaskuntzari eta itzulpengintzari lotutako hainbat lanetan jardutearekin batera. Hizkuntzak ikasteko bidean atzerrian egin dituen egonaldietan bi hiri izan ditu bizileku: Londres eta Bremen. Egun Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologia Unibertsitate Masterra bukatzen ari da, eta literatura itzulpenaren arloko ikerlanean dihardu.

Literaturari dagokionez, gaztetxoa zela, 2004an, Eusko Jaurlaritzaren irakaskuntza ertaineko Urruzuno literatur lehiaketan saritua izan zen Malko gaziak narrazioarekin. Sari hari esker Irlandara egindako bidaia antolatuak hurbildu zuen batik bat literaturaren mundura. Geroztik zalea izan bada ere, hauxe du bere lehen argitalpena.

IRAKURRI Hitzak udaberrian eginiko elkarrizketa.

Lerro hauek zabaltzen dute Korapiloak lokarrietan lana:

 

IZURRIA

 

Erraietan egin dizu zimiko, agurtzeko.

Gorputza igaro dizu gero tximista iduri

zopa beroegiak barrua errez nola.

Alferrik dira orduan eztulak

alferrik ur tragoak eta damuak.

Beroegi harrapatu zaitu.

Ez dago ihesbiderik.

Izurria da.

Jan zaitu.

 

BACSTAGE-EAN

 

Amaitu da funtzioa

baina ez du alde egiteko asmorik.

Mozorroa erantzita ere hortxe dirau.

Estu hartu zaitu gaurkoan

 

Ahoz gora diozu ezetz

burua esku artean ezetz

behin eta berriz ezetz

hau ez zarela zu

zintzurretik zaituela Hydek.

 

Mozorroa erantzi duzu alferrikako keinuz.

Agertokian zinena baino koldarrago zara

Orain, backstage-ean.

pasaia hiria 2013

GORKA SALCES ALCALDE (Portugalete, 1986). Euskal Herriko Unibertsitatean Historiako lizentziatura eta masterra bukatu ostean, lan aukerak zabaltzeko asmoz Irakaskuntzarako Gaitasun Ziurtagiria eskuratu zuen. Hala ere, ez zuen lanpostu egonkorrik izaterik lortu eta behin-behineko hainbat beharretan ibili zen, zorte kolpe bati esker Berria egunkariko beka lortu zuen arte. Kazetan erredaktore lanetan urtebetez aritu ondoren, doktore-tesia egiteko aukera suertatu zitzaion, eta gaur egun euskaldunek komunikabideen aurrean dituzten iritziak, ohiturak eta jarrerak aztertzen dihardu, berriz ere Euskal Herriko Unibertsitatean.

Nerabezarotik izan du literaturarekiko eta, bereziki, poesiarekiko zaletasuna, baina duela lau urtera arte ez zen inoiz idaztera ausartu. Ordutik ahal duen guztietan erabiltzen ditu kaiera eta boligrafoa egunerokotasunaren aurkako terapia gisa. 2013an Ermua Hiria literatur lehiaketa irabazi zuen euskarazko poesiaren atalean, Apirila ņirņirka lanarekin. Horrez gain, Itu aldizkarian kolaboratu du Ausa ezizena erabilita, eta zenbait iritzi-artikulu argitaratu ditu zuzeu.com webgunean.

Lerro hauek zabaltzen dute Haize takikardikoa lana:

 

BIDEA

 

Isiotutako lehen zigarroa

amatatu genuenetik

kolpeek zuhurtzia

aurkeztu ziguten unera arte

behin baino ez genuen kliska egin.

Ilusioak berean jarraitzen zuen, ordea.

Artean gazteluak airean eraikitzen

ginen maisu.

Barre egitea

fede kontu hutsa zela

ulertu genuenean

ezagutu gintuen beldurrak.

Baita hortzak erakutsi ere.

Egunen batean helduko zaigu udazkena.

Errekaren soinuak ilunabar laranja

zelan doitzen duen sentitzera

eseriko gara zu eta biok zuhaitzen artean,

itsasoa aditzen hasten den puntu berean.

Lurrera eztiki eroriko diren zenbait hostok

emango digute arrazoia:

 

Sumatzen dugu aspaldiko

metro geltokiaren

izerdi epelaren

hasperen etsiaren

falta

 

Maite genuena bidea zelako.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)