Aingura hegodunak

Imanol Ubeda eta Luigi Anselmi

Asteartea, 2011-10-11

XX. mendeko poesia kaierak bilduma argitaratu zuen Susa argitaletxeak duela urte batzuk. 40 bat izan ziren Koldo Izagirrek hautatu zituen poetak eta aukeratuen artean zen Luigi Anselmi idazlea. Zoo ilogikoa (Pamiela, 1985) liburuan argitaratu zuen poema hau, esate baterako, Kaierak-en ere aurkituko duzue. Imanol Ubedak doinua ipini dio eta hitzen ubera honetara ekarri nahi izan du.


Gauaren olatuak

Gauaren olatuak
lehertzen diren tokian
aurkituko nauzue.

Eskuez urari
alferrikan eutsiz.

Begiez aparra
lore iraunkor
bihurrarazi nahiz.

Hor aurkituko nauzue.

Gauaren ertzean.
Izarrak hiltzera
doazen hondartzan.
Ilargia
hondoratzen den
itsaso odoleztatuan.

Amets hautsiz
eta edalontzi hutsez
inguraturik
aurkituko nauzue.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)