Amuak

Uxue Alberdi, "zuri nahi nauk" (Alfonsina Storniren poema bat)

Ostirala, 2017-06-09

Uxue Alberdik Alfonsina Storni (1892-1938) poeta argentinarraren antologia apailatu eta euskaratu du Munduko Poesia Kaierak bildumarako. Liburuaren aurkezpen ekitaldian, Alberdik Storniren poema hau errezitatu zuen: Zuri nahi nauk. Bideo irudiz jaso genuen.


Zuri nahi nauk

Hik egunsenti nahi nauk,

Nahi nauk aparrezko,

Nahi nauk nakarrezko.

Zitoria nola,

Garbia oroz gain.

Lurrin fineko.

Korola hetsiko.

 

Ilargi-izpi batek ere

Irazi gabea.

Bitxilorerik batere ez nire

Ahizpatzako.

Hik elurkara nahi nauk,

Hik zuri nahi nauk,

Goizalba nahi nauk hik.

 

Hik, kopa guztiak

Eskura ukan hituenak,

Ezpainak fruituz

Eta eztiz more.

Hik, aihenez estaliriko

Oturuntzan

Dena eman huenak

Bakoren ohorez.

Hik, engainuaren

Jardin Beltzetan

Gorriz jantzirik

Laster egin huenak hondamendirantz.

 

Hik, hezurdura duanak

Oraino ukigabe,

Batek jakin zein

Mirariren jabe,

Nahi nauk zuri

(Jainkoak barka hazala),

Nahi nauk garbi

(Jainkoak barka hazala),

Nahi nauk egunsenti!

 

Egik ihes basoetara,

Hoa mendira;

Garbi ezak ahoa;

Bizi hadi bordetan;

Uki ezak eskuekin

Lur bustia;

Elika hadi

Sustrai mingotsez;

Edan arroketatik;

Lokar hadi antzigarretan;

Berritu itzak ehunak

Kresalez eta urez.

Mintza hadi txoriekin

Eta jaiki goizalban.

Eta haragia

Goldatzen zaianean,

Eta hartan jartzen duanean

Etzalekuetan endredatuta

Utziriko arima,

Orduan, gizon zintzo,

Nahi nazak zuri,

Nahi nazak elurkara,

Nahi nazak garbi.


Alfonsina Storni, luma armatzat zuen poeta

Uxue Alberdiren esanetan, Alfonsina Storniren poetika "gorputzari eta naturari lotuta dago. Eta bata bestearen ispilu da. Poetika sutsua duela esango nuke, pasionala".

Storniren ibilbidean badira errepikatzen diren elementu batzuk. Itsasoa, esate baterako, behin eta berriz baliatzen duen irudia da. Storniren poesian bada beste konstante bat ere: emakume egokiaren kontra egiten du maiz. Uxue Alberdiren esanetan, argentinar idazlearen ahaleginean "askatasun nahi bat" ageri da, "eta ezarritako bidetik ez joatearen kontzientzia sumatzen da bere poemetan".

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)