Amuak

Andoni Tolosa eta gainontzeko "Hauskorrak"

Petti kantariarentzat idatzi zuen espreski "Hauskorrak" kantuaren letra Igandea, 2011-07-17

Satorrak (Susa, 1990) poema liburuarekin eman zuen bere burua ezagutzera Andoni Tolosak. Morau ezizenarekin kantuan hasi zen handik gutxira eta, geroztik, kantagintzari emana dago erabat. Ez du beste libururik argitaratu baina ibilbide oparoa osatzen ari da kantu egile moduan. Tarteka, beste kantari batzuentzat ere idatzi ditu letrak. Horren adierazgarri, gaur hizpide hartu dugun kantua, Pettik musikatutako Hauskorrak.

Petti kantaria aldez aurretik ezagutzeak zein modutan baldintzatu zuen Hauskorrak kantuaren idazketa-lana?
Esango nuke erabat baldintzatu zuela. Aspaldi ezagutzen dut Petti eta haren neurrira egindako hitza sortu nahi nuen eta halaxe egiten saiatu nintzen. Nahiko historia barnerakoi eta intimoa da, musika jarri zioenean konturatu nintzen merezi zuela ahalegina egiteak.

Nick Drake-ren aire bat hartzen diot abestiari. Hauskorren artean sartu daitekeen beste kantari handi bat. Doinu sentiberak ere baldintzatuko zuen letra, ala ez?
Neuk ere berdina pentsatu nuen entzun nuenean. Baina oso lan egiteko modu "berezia" daukagu, neuk hitzak luzatzen dizkiot baina hark ez dit lehenago musikarik ematen, beraz, kantu honen kasuan, behintzat, aurrena hitzak izan ziren eta, egia esan behar badizut, oso egoki datorkio ondoren sortu edota egokitutako jantzi akustiko eta intimista.

Pettiren jarraitzailea zaren aldetik, ohore handia izateaz aparte ardura handia izan al zen maite duzun musikari batentzat idazten jarri behar izatea?
Bai, biak, baina egia esateko, hein berean, oso "erraza" da Pettirekin lan egitea. Ez zidan inongo baldintza edo mugarik jarri, eta gainera erabat errespetatu zuen idatzitakoa, eta badakizu ez dela oso erraza izaten kantua egiterakoan idatzitakoa hitzez hitz mantentzea.

"Errazagoa egiten zait bertzeen hitzekin kantu bat egitea nire hitzekin egitea baino". Zioen Pettik On diskoaren (Gaztelupeko Hotsak) aurkezpenean. Bitxia, ezta? Berak ere letra zoragarriak idatzi dituelako.
Bai, baina uste dut, askoz ere erosoago sentitzen dela musikaren hizkuntzarekin, hitzen hizkuntzarekin baino. Nahiz eta, kantua bien uztarketa den. Uste dut, baita, besteen hitzak musikatzen, ere, maisutasun handia lortu duela eta hori ez da lanbide erraza.

Sortzaile batek bere mundu-ikuskera islatzen du bere lanetan. Pettik kantu honetan, ordea, bere egin du zure testu bat. Baina testua ere bere ematen du, uste dut hor dagoela kantu honen xarma handiena, berea egin duela testua edo horrela transmititzea lortu duela behintzat...
Neuk Petti oso presente eduki nuen hitzak idazterakoan eta, berak, neu ere ondo ezagutzen nau. Gainera berarentzat oso egokia den erregistroan dabil. Uste dut disko guztietan duela horrelako kantu akustiko gozo gaziren bat, oso berea dela barruraino iristen zaizkizun kantu horietakoak egiteko joera, alegia. Horrelako kanturen bat espero nuen idatzitakoa ikusi ondoren, baina, harrituta geratu nintzen, oso pozik, ikusirik noraino egin zuen berea hitzen esanahia.

Morau eta bete taldekideak, artxiboko irudi batean.

Denbora bat pasa da letra idatzi eta diskoa argitara eman zenetik. Ze inpresio hartzen duzu orain, kantua entzuten duzun bakoitzean?
Ez dut gehiegi entzuten. Hasieran bai, hasieran maiz entzun nuen, gainera, harrituta geratu nintzen diskoa irekitzeko erabili zuela ikustean, beraz, nahigabe ere entzun beharra neukan. Gaur entzun dut berriro, aspaldiko partez, eta, beti bezala, gaur gauza batzuk berridatziko nituzke. Kantu honek gogoratu dit oso zaila dela poema bat idaztearen tentazioari ihes eginez kanturako hitzak egitea, niri behintzat asko kostatzen zait.

Morau eta Pettiren kantuetan egoteaz aparte, badira zure letra gehiago beste kantari edo talderen baten kantuetan?
Bai, alde batetik Madarikatuak taldearen kantuetan, baina bereziki gogoratzen dut Ama Say taldeak Gaua poemarekin egindako kantua.

Testu on batek doinu kaxkar bat ondu dezake? Edo alderantziz, doinu polit batek ondu dezake testu kaxkar bat? "Ezkontza" hori beti al da zorionekoa?
Ez beti. Zaila da testuari jantzi egokia egitea. Ziurrenik testu berak oso kantu ezberdinak sortu ditzake. Testu "onak" poliedrikoak dira, irakurketa anitz eragin ditzakete, irakurlearen arabera, unearen arabera, egoeraren arabera... Kantuak ez hainbeste, kantua egiterakoan, irakurketa jakin bat egin behar diozu testu horri, aukeraketa bat eta gehienetan ez dela asmatzen esango nuke. Alde beretik melodiatik abiatzen bazara, oso erraza da betelana egitea eta errimak edota kantuaren egitura errespetatzeko esanahiari eta esateko moduari kalte handiak egitea.

Ezagutzen ditut oso hitz onak dituzten kantu oso eskasak, eta musika bikaina duten hitz erdipurdikoak.

Poema libururik argitaratu zenuen bere garaian. Ez dakit dagoeneko abandonatua duzun antzeko egitasmorik. Baduzu buruan beste poema-liburu bat osatzeko asmorik? Edo literaturarekin loturiko beste zerbait (nobela, ipuinak...)?
Ez. Kantuak idaztea da literaturarekin dudan harremanik estuena. Gehienera ere Garan hilabetean behin idazten ditudan zutabeak aipatuko nituzke, kantuetarako hitza idazteaz aparte.

Bi sormen-lanak landu dituzunez, aldea dago entzuteko idaztetik irakurtzeko idaztera?
Bai, are gehiago, musikazale amorratua naizen aldetik. Entzutekoak direnak iradokitzaileagoak izan behar dute, jendea lehen entzunaldian harrapatzen saiatu behar dute, beraz, era berean zuzenagoak behar dute, nahita nahiez. Jendeak kantatu dezakeen leloa sortu beharra duzu (ez beti), eta gainera historia erakargarria kontatu behar duzu, baina historia sinplea ez baituzu hiruzpalau minutu besterik kontatzeko... Kantu onak idazteko alkimiaren bila nabil oraindik.

Oraingoz saiatzen naiz kantuaren alde musikala eta literarioa batera hazi daitezen, abiapuntua ez dadila bat ala beste izan, edo hala bada, behintzat, ahal den malgutasun handienarekin jokatzeko aukera edukitzen saiatzen naiz.

Niretzat askoz ere konplexuagoa da baina emaitza hobeak ematen dituela uste dut.

Kantua entzuteko: Hauskorrak.

Argazkiak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)