Amuak

"Eta ez da gailenduko heriotza"

Osteguna, 2017-03-30

Munduko Poesia Kaierak bildumako antologia berrien aurkezpenean, Hasier Etxeberria izan dute gogoan. Iker Alvarez itzultzaileak Dylan Thomas-en Eta ez da gailenduko heriotza poema errezitatu du bere omenez.

Eta ez da gailenduko heriotza

 

Eta ez da gailenduko heriotza. Bat izango dira gizon biluzi hilotzak

Haizeetako gizona eta ilbeherarekin.

Beren hezurrak garbi, eta hezur garbiak galtzean,

Izarrak izango dituzte ukondo eta oinen atzetik.

Erotu arren, ez dute galduko sena,

Itsasoan hondoratu arren, azaleratuko dira berriz.

Maitaleak itzali arren, iraungo du maite hotsak.

Eta ez da gailenduko heriotza.

 

Eta ez da gailenduko heriotza.

Itsas korronteen azpian, ez da inoiz

Haien atsedena haize bolada batez hilko.

Nerbioek ematean, iraulkatzen dira bizkor,

Gurpil bati lotuta, baina ez dira hautsiko.

Haien fedea bitan puskaturik,

Zeharkatuko dituzte gaitz adar-bakarrek.

Hondarrak arte banandurik, ez dira zatituko.

Eta ez da gailenduko heriotza.

 

Ez da gailenduko heriotza.

Kaioen karrankak ez dira haiengana iritsiko

Ez dira olatuak bortitz itsasertzean lehertuko.

Lore bat loratu zen lekuan, lore batek ez du

Bere burua altxatuko euri oldarren aurka tinko.

Ero, eta burdin zati bat bezain hilotz,

Haien buruak larreko lore artean dira kolpeka.

Eguzkira jauzi eguzkiak behera egin arte,

Eta ez da gailenduko heriotza.

 

Dylan Thomas (Munduko Poesia Kaierak bilduma, Susa-2017).

Itzulpena: Iker Alvarez.


 

Hiru antologia gehiago

Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan, Adrienne Rich, Alfonsina Storni eta Dylan Thomas idazleen antologiak aurkeztu dituzte gaur Donostian. Maialen Berasategi, Uxue Alberdi eta Iker Alvarez aritu dira itzultzaile lanetan, hurrenez hurren. Beñat Sarasola Kaierak bildumako zuzendariak egin ditu aurkezle lanak:

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)