Amuak

Joxemari Carrererek idatzitako "Zapatak" antzezlana

Asteartea, 2018-10-09

Joxemari Carrerek idatzitako Zapatak bakarrizketa argitaratu du Eztena-liburuak proiektuak. Antzezlana 2009an estreinatu zen, Ainhoa Alberdik gorpuzturik, eta oraindik ere taularatu egiten dute.

Hitzordu informal batean sortu omen zen ideia, afari baten bueltan: Joxemari Carrerek bazuen testu bat esku artean, gerrari buruzkoa. Ainhoa Alberdi berehala agertu zen hura oholtzara eramateko prest. Ainara Gurrutxaga zuzentzeko prest agertu zen, eta ondoren sartu zen taldean Jurdana Otxoa biolin-jolea.

2009. urtean estreinatu zen Zapatak antzezlana Eztena jaialdian. Oholtzan zapata huts piloa, lurrean barreiaturik; pertsonak falta dituzten zapatak. haien artean emakume bat, gerra soinuak buruan dituela, amiltzen ari den mundua bere hitzekin, bere erraiekin sostengatu nahian.

Ez ohiko ibilbidea izan du Zapatak antzezlanak: lagun arteko bulkada batez sortu zen. formatu txikian, eta ordutik ez diote sekula antzezteari utzi. Tarteka-tarteka berreskuratu egiten du bere protagonistak, Ainhoa Alberdik. 2009tik era guztietako antzeztokietan taularatu du: antzokiez gain tabernak, jardinak, galeriak, kultur jardualdiak... Gehien gehienetan pulikoa oso gertu duelarik.

Liburuan Carrerek idatzitako jatorrizko testua argitaratu dute, eta amaieran sortze prozesuaz eta antzezlanak oholtzan izan duen bilakaeraz Ainhoa Alberdik eta Ainara Gurrutxagak eskuz-esku izan duten solasaldiaren transkripzioa. Bertan honakoa dio Gurrtzagak "antzezlanak bere bizitza propioa izango balu bezala da. Denborarekin egokitu eta metamorfosiak izateko gaitasuna izango balu bezala." Alberdik, berriz, ez zaiola Zapatak taularatzeko gogoa agortu "Hain daukat barruan! Edozein momentutan egingo nuke, gainera, orain hemen egin behar dela? Ba, lau zapata atera eta egin egingo nuke. Nire parte bat balitz bezalakoa da. Plazer hutsa da, eta, gainera, sumatzen dut ikusleengan duen eragina ere handia dela. Sendaketa antzeko bat da. Opari bat. Nola sortu genuen ere ederra izan zen".

Hemen topatuko duzue liburuari buruzko informazio gehiago: http://eztena.liburuak.eus/liburuak/zapatak

azala_zapatak

(Altxatzen da. Norbaiti zuzenduko balitzaio bezala. Orain bere aho­tsa indartsu entzuten da. Sendo.)

Zer egin dizugu? Zer?! Zergatik tratatzen gaituzu zakur amorratuen gisa! Errotarrian lotuta dagoen astoari bizitza duinagoa ematen diozu. Zapaltzen ditugun osinak baino balio gutxiago dugu. Zerri jana ere ez omen dugu merezi. Eta zer gelditzen zaigu orduan? Bizitzaren patua datorren bezala onartzea? Harriak bezain mutu bizitzea? Zer gelditzen zaigu, geure burua gutxietsi errua gurea dela sinistu arte? Horretarako gara sortuak? Ba, ez duzu lortuko.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)