Amuak

Louis Aragon eta John Bergerren poesia kaierak

Astelehena, 2019-10-28

Louis Aragon eta John Bergerren poesia kaierak plazaratu ditu Susa argitaletxeak, Itziar Diez de Ultzurrun Segalak eta Iņigo Roque Eguzkitzak euskaratuak, hurrenez hurren. Bi poema proposatzen dizkizuegu "Amuak" atalean, antologia hauen irakurketan murgiltzeko gonbidapen gisa.

John Berger

"Motz geratzen zitzaizkion Bergerri diziplina artistikoen arteko bereizketak ez ezik literatur generoen arteko mugak, eta hala, bere lan guztiek zuten arte plastikoetatik, poesiatik, saiakeratik, narraziotik, eta abar. Horregatik, ia poema libururik atera ez zuen poeta izan zela esan dezakegu. 70 urte bete zituenean, Pages of the Wound (Zauriaren orriak) liburua argitaratu zuen, 1956tik 1994ra idatzitako poemekin, zenbait marrazki eta argazkiz horniturik. 2012an, haren seme Yves-en marrazkiek lagundutako poemategi bat eman zuen argitara, frantsesera itzulita: La louche et autres počmes (Burruntzalia eta beste zenbait poema). Bi erreferentzia horiek besterik ez, hortaz, baina aldi berean, munduari begiratzeko eduki zuen modu berezi hori izan zen bere poesia lanik emankorrena." (Hitzaurreko pasartea).

MPK-zero-azala

Hitz migrariak

 

Lur txatal batean

ama-hizkuntzako

hots guztiak ehortzi ditut

 

han dautza

inurriek bildutako

pinu-orratzak bezala

 

agian egun batez

beste alderrairen baten

auhen zangotrabatuak su emango die

 

orduan epeletan goxo

egia adituko du gau osoan

lo-kanta baten tankeran

 

MPK-zero-azala

Louis Aragon

"Dadaismoko eta surrealismoko poeta handienetako bat izanagatik, ez zen horretan geratu Aragonen ekarpen poetikoa. Alderantziz, askorentzat, ondorengo bere poesia lanak dira bikainenak, non sakonean oihartzun egiten duten Elsa Troilet-ekin izan zuen harremanak eta II. Mundu Gerrako erresistentziako esperientziak. (Hitzaurreko pasartea).

Dunkerqueko gaua

 

Frantzia gure oinpean oihalki maiztua nola

Gure urratsak ukatuz apurka-apurka badoa

 

Itsasoan dautza hilak eta algak nahasian

Ontzi anitz iraulita gotzain-kapelak bailiran

 

Zeruaren bazterrean bibakean ehun milaka

Zeruraino luzatzen du urak Maloko hondartza

 

Zaldien usteltokira goititzen da arrastian

Paseko animalien apatx-burrunba bailitzan

 

Trenbide pasaguneak goiti beso marratuak

Guk berriz geugan kausitzen gure bihotz bakartuak

 

Joan-lur-gabeen bihotzetan ehun mila amodio pil-pil

Sekulakoz geldituko ehun mila aldiz isil

 

Oi San Sebastian horiek bizitzak zuloz josiak

Nirekin duzuen antza da izugarri handia

 

Adituko naute soilik ahuleziak jotakoek

Bihotza baino zauria beti nahiago dutenek

 

Nik behinik behin oihuka dut amodio hau erranen

Suaren loreak dira gauez hobeki atzematen

 

Oihukatuko dut oihuz sutan dagoen hirian

Teilatutik iraulkatu arte lo-ibiltariak

 

Oihukatuko dut oihuz goizean ene amodioa

Zorrotzaileak bezala kantuz Aiztoak Aiztoak

 

Oihukatuko dut oihuz Ene begi-pare maite

Laudeta antxeta enea non zara zu non zarete

 

Oihukatuko dut oihuz obusek baino gorago

Zaurituek eta edan dutenek baino ozenago

 

Oihukatuko dut oihuz Zure ezpaina godaleta

non nuen edan maitasun luzea eta ardo beltza

 

Zure besoen huntza da mundu honi lotzen nauena

Ezin naiz hil hiltzen denak ahantzi ohi baitu dena

 

Ontziratu ziren haien begiak ditut oroitzen

Nork ahantziko luke bere amodioa Dunkerquen

 

Lo hartzea galarazten dit jaurtigaien zarraparrak

Nola ahantziko horditu izan gaituzten pattarrak

 

Tamaina naturalean zulaturik hor hobiak

Soldaduak nonbait ari probatzen beren neurriak

 

Hartxintxarrezko aurpegiak Eroen imintzioak

Zerbaiten aierua du betiere haien loak

 

Hareak udaberriko lurrinak aintzat ez hartzen

Horra Iparreko dunetan Maiatza nola den hiltzen

 

Kaieren aurkezpeneko hitzak

Beņat Sarasola bildumako editoreak eta Iņigo Roque itzultzaileak aurkeztu zituzten kaiera berri hauek Donostian, jarraian ikus dezakezue bideoa:

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)