Amuak

Oscar Hernandez Campano: sekretuen azalerak

Ostirala, 2017-03-17

Oscar Hernandez Campano errenteriarrak El guardian de los secretos nobela plazaratu zuen iaz, Euskal Herrian zehar bira egin zuen udazkenean hura aurkezten. 2002an egin zen ezagun, berrargitarapen ugari ezagutu dituen El viaje de Marcos nobelarekin, LGTB literaturako “klasiko” bat editoreen esanetan.

El guardian de los secretos liburuko protagonistak izen esanguratsua du: Enara Bihotza Connoly, euskal erroak izan arren aspaldi Euskal Herritik kanpo bizi den familia bateko alaba. Ezustean euskal erro horiek sekretuan konpartitzen dituen gizon heldu bat zaindu beharko du, Miguel Garcia Maldonado, idazle ospetsua bera. Erizaintza lanetatik aitorpenetara pasako dira pixkanaka, eta Miguelek bere azken nobela izango dena idatzi ahala irakurtzen utziko dio.

Bi hari tartekatzen dira El guardian de los secretos liburuan: Enara protagonistak Miguel idazlearekin duen harremana batetik, eta Miguelen azken nobela bestetik. Enarak nobela hura irakurri ahala irakurriko dugu guk ere, berarekin batera deskubrituko ditugu Miguelek paperean islatuko dituen oroitzapenak. Miguelen gaztaroko oroitzapenak dira nobelako oinarri, 1936ko Espainiako Gerran kokatua, bi mutil gaztek ezkutuan bizi duten maitasun istorioa ardatz, faxistak Valentziara gerturatzen ari diren unean.

Egileak aurkezpenetan azaldu duenez, 36ko Gerrako giroa ikertu nahi izan du, gaurko begietatik:

“Hildako, erbesteratutako eta desagertutako guztien atzean pertsona bat dago, istorio batekin, tragedia batekin. Hor beti dago eleberri posible bat. Nire eleberrian, protagonista EAJko politikari garrantzitsu baten semea da. Benicarlon [Herrialde Katalanak] arrantzaleen seme bat ezagutuko du. Bi mundu ezberdinetatik datozen bi mutilen erakarmena kontatzen dut, frankisten erasoaren mehatxua tartean dela.”

el guardian de los secretos

Euskal Herritik Valentziara

Liburuko protagonistak bezala, Oscar Hernandez Campano Euskal Herritik Valentziara eraman zuen bizitzaren bidaiak, duela urte dezente. Bere lehen idazle urratsetan, euskaldun berri zelarik, euskarazko ipuin bat saritu egin zioten: Maitasunaren ispiluak, Beatriz Vicente saria. Baina batez ere gazteleraz ekin zion idazle bideari: 16 urterekin La aventura más excitante de los últimos diez mil años nobela publikatu zuen. 90eko hamarkadan buru belarri jardun zen Errenteria/Oreretako Mikelazulo kultur elkartean, “Momodijidopoak” fanzinean bultzatzaile. El guardian de los secretos liburuan egilea bera erroetara itzuli da, liburua zabaltzen duen poema Oreretako fanzinean publikatua izaki:

Itsasoaren mugak

Itsasoa ikusten dut burdin barretatik,

Historia markatzen duten

zutabeek zedarritua.

Hego haizeak

nire arima laztantzen du

eta olatuen auhenak

hunkitzen nau.

Nire malkoak ere

gaziak dira.

Neure buruari galdetzen diot

itsasoak negar egiten duen,

haizeak bere arima laztantzen duen edo

burdin-barretatik so egiten duen berak ere.

Itsaso gaixoa!

Bere kostaldeen artean gatibu,

tarteka sutan jarri eta

abegi egiten dioten mugak

zeharkatzen dituen arren.

Neure buruari galdetzen diot

neure arima ez ote litzatekeen zoriontsuago

olatuen artean deseginda.

El viaje de Marcos nobelak Odisea saria jaso zuen 2002an, eta arrakasta itzela izan zuen. Horren ostean etorri ziren Esclavos del destino (Odisea, 2004) eta Cuando duermen los grillos (Izana editores, 2016) ipuin bilduma, tartean hamaika bilduma eta aldizkarietan publikatutako ipuinekin batera.

Berria egunkariak elkarrizketa egin zion bere azken lanen aurkezpenen harira: irakurri HEMEN osorik.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)