Amuak

Werner Herzog: biografien gainetik ibiltzeaz

Astelehena, 2016-09-05

74 urte bete ditu gaur Werner Herzogek. Amu honetan 1974an idatzitako testu bat ekarri dugu gogora: Vom Gehem im Eis (Izotz gainetik ibiltzeaz). Irailaren 11a bitarte liburu horretatik abiatuta hainbat artistek osatutako erakusketa kolektiboa ikus daiteke Gironako Bòlit-Centre d’Art Contemporani gunean.

Txundigarriak izan ohi dira Werner Herzog-en dokumentalak: ironia, irudien poetikotasuna, naturaren handitasuna, musikaren garrantzia, pertsonen denborari luzatutako galderak. Deskontzertanteak bestetik, zinemagintza komertzialaren arloan azken urteetan zuzendu dituen kalitate eskaseko filmak (Queen of the desert -Desertuko erregina- azkena, Nikole Kidman aktore nagusi), edo aktore gisa egin izan dituen agerpenak (Tom Cruise buru duen Jack Reacher filma). Optimista (edo inuzenteak) garenok pentsatu nahi dugu horrelakoak egiten dituela bestelakoak egin ahal izateko, dokumentalekin barkatzen dizkiogu besteak. Berdin dio. Berak uko egiten dio fikzioa eta dokumentalen arteko bereizketa egitea bere filmografiaz hitz egiterakoan.

Liburugintzan Herzogek ez du ekarpen askorik egin, baina bada dokumentalek duten kutsuaren harian kokatu daitezkeen lan batzuk. Gazteleraz liburu txiki bat heldu zitzaigun iaz esku artera, El Gallo Negro argitaletxearen eskutik: Del caminar sobre el hielo (Izotz gainetik ibitzeaz). Jatorrizkoak Vom Gehem im Eis izena du, eta 1978 eta 1995ean argitaratu zen.

HERZOG_PORTADA-206x300

Liburuak Herzogek Munich eta Paris artean oinez eginiko bidaia kontatzen du, 1974ko azaroaren 23an hasi eta abenduaren 14an bukatu. Bakarka egin zuen bidea, helburu argi batekin: larriki gaixo zegoen Lotte Eisner laguna bisitatzea, bere bidaiak laguna bizirik mantenduko zuen sentsazioarekin:

Jaka bat, iparrorratz bat eta lonazko poltsa bat hartu nituen ezinbesteko gauzekin. Nire botak hain ziren solidoak eta berriak konfiantza osoa nuela haiengan. Biderik zuzenena hartu nuen Parisera, bera ikustera oinez joanez gero bizirik jarraituko zuela guztiz sinetsita”.

vom gehen im eis

Zinema zuzendariak barne-odisea honen bidean ikusten duen guztia dokumentatuko du: basoak, ekaitzak, elurra, herrixka mortuak, herri abandonatuak... Kontakizunak bakartasun hotz eta osoari buruzko gogoetak biltzen ditu, pelegrinazio heroikoak diren bidaiei buruzko gogoetak, eta funtsean jarraikortasuna adierazten du zinemagintzan egindako lanarekin, irakurleari Herzogen sormen prozesuaren oinarriak agertuz:

Aurpegiek errebelatzen dute zein neurri handian bilakatu garen gidatzen ditugun autoak.”

Zoriontasuna zabaltzen da, eta zorionetik jaiotzen da absurdua.”

Ona da bakardadea? Bada, bai. Baina aurretikoak ditu begirada dramatikoak.”

Aurretik ezagutu diogu egileari eguneroko gisako bestelako libururik ere: ezaguna da oso Herozegek Klaus Kinski aktorearekin edukitako maitasun eta -batez ere- gorroto harremana. Kinskik bere autobiografian eman zuen horren berri, eta Hezogek berriz “Mein Liebster Feind ” (1999, Ene etsai intimoa) dokumentalean, zeinean haien haremaneko gorabeherak islatzen zituen. Elkarrekin egindako filmen artean dago Fitzcarraldo (1982), hura grabatu bitartean idatzitako egunerokoa da Eroberung des Nutzlosen (Conquista de lo inutil-Ezertarako balio ez duenaren konkista, gazteleraz Blackie Books-ek argitaratua), hain zuzen ere, baina filmeko gorabeherak jaso beharrean, batez ere filma grabatu bitartean oihanean bizi-ikusi-sentitutakoak jasotzen ditu.

“Heriotzak esmokina darama jantzita eta 50eko hamarkadako kantak kantatzen ditu mikrofono batekin”.

Honako hau dio Herzog-ek liburu honen hitzaurrean (2004):

“Ezezagun zaizkidan arrazoiengatik, luzez ezin izan nuen irakurri ere egin Fitzcarraldo errodatu bitartean idatzitako egunerokoa. Gaur, hogeita lau urte beranduago, irakurtzeko kapaz naiz, nahiz eta ez den lan erraza izan orduan tamaina mikroskopikoa zuen nire letra dezifratzea.

Testu hauek ez dira errodajearen informe bat -apenas aipatzen den errodajea-, egunerokoa dira zentzu zabalago batean. Beste gauza bat: oihaneko delirioan jaio diren barne paisaiak. Baina horretaz ere, ez nago oso seguru.”

herzog2

Caminar sobre el gel erakusketa Gironan

Liburuko honek kitzikaturik erakusketa kolektiboa ikusi ahal da Gironako Bòlit, Centre d’Art Contemporani delakoan irailaren 11a bitarte, erakusketan hainbat artistek Herzogek liburuan kontatzen duen bulkada beretik aiatu dira artelan bat sortzeko:

"Caminar sobre el gel erakusketak liburuak azaltzen duen akzioa -leku ezegonkor eta ezeagun batean mugitzearena- aztertzen du, belaunaldi eta jatorri ezberdineko artisten elkarketaren bitartez. Artista hauek Herozegen keinu sinboliko, boteretsu eta absurdua konpartitzen dute: artea bizi-xede izatearen bizipenaren eta ezegonkortasun malguaren narrazioa."

imatge-caminar-sobre-el-gel-sense-logos

Hauek dira erakusketan parte hartu duten artistak: Pauline Bastard, Lúa Coderch, Rafel G. Bianchi, Lluís Hortalà, Fermín Jiménez Landa, Pere Llobera, Mercedes Mangrané, Àngels Ribé eta Irena Visa.

Erakusketa egon den bitartean Herozgen liburua oinarri hainbat hitzaldi antolatu dituzte. Urtarrilaren 17tik apirilaren 9ra Bartzelonako Arts Santa Monica gunean ikusi ahal izango da erakusketa.

Werner Herzog-en biografia laburra

Film laburrak eginez hasi zen. Bere lehen filmean bertan (Bizitzaren zeinuak, 1967), bere obraren zenbait ezaugarri nagusi ageri zituen: absurdoaren zentzua, egoera berezietarako zaletasuna, eromenezko egoerak. Bere filmik ezagunena, Agirre edo Jainkoaren haserrea (1972) izan zen, Lope de Agirreren espedizioari buruzkoa.

Bere film askok arrakasta handia izan dute: Kaspar Hauserren misterioa (1974), Stroszek (1977), Kristalezko bihotza (1976), Nosferatu (1979), Woyzeck (1979) Fitzcarraldo (1982), Inurri berdeek amets egiten duten lekua (1984), Cobra Verde (1987), Seme, seme, zer egin duzu? (2009), The Bad Lieutenant: Port of Call New Orleans (2009).

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)