Amuak

Zadie Smith: Ametsen Hiriko idazlea

Ostirala, 2017-07-07

2000. urtean kaleratu zuen Zadie Smithek White teeth, estreinako eleberria: arrakasta handia bildu zuen, sariak lortu, eta orduz geroztik ibilbide oparoa egin du. Azken eleberria, bosgarrena, iaz kaleratu zuen, eta horren aitzakian eta beste zenbait hariri tiraka prestatu dugu amu hau, Smith hobeto ezagut dezazun.

1975ean jaio zen Zadie Samith, Londresen. Jamaikarra du ama, eta ingelesa zuen, berriz, aita. Gizarte-etxebizitzen auzo batean hazi zen, baina, eskola emaitza bikainak direla medio, Cambridge unibertsitatean egin zituen ikasketak, Ingeles Literaturari buruzkoak hain zuzen. Kantatzea eta dantzatzea gustuko izan arren, bete-betean heldu zion literaturari gaztaroan. Gerora, gai inportanteak izan dira musika eta dantza bere nobeletan, besteak beste, Swing Time azken eleberrian eta gaur ekarri dizuegun amuan.

2000. urtean kaleratu zuen bere lehen eleberria: White teeth. Arrakasta itzela bildu zuen, berehala, hala irakurleen nola kritikarien artean. Orduz geroztik, beste lau eleberri publikatu ditu: The Autograph Man (2002), On Beauty (2005), NW (2012) eta Swing Time (2016), eta hainbat sari jaso.

Fikziotik kanpo ere aritua da, eta bi artikulu-bilduma plazaratu ditu: Changing my mind (2009) eta Feel Free (2016). Hainbat komunikabiderekin kolaboratu du: horietan, kontakizun laburragoak kaleratu ditu. Gaur egun, idazteaz gainera, idazketa-eskolak eman ditu New Yorkeko Columbia unibertsitatean.

Amu honetan, Smithen obrara sartzeko gako batzuk biltzen saiatu gara.

Londres eta londrestarrak

Londrestarra da Smith. Hiri horretan jaio zen, hiri horretako ipar-mendebaldean hazi, hiri horretan bizi da oraindik ere gehienetan, eta hiri horretan kokatu ditu bere bost eleberriak. Hain zuzen, hainbat lanetan, kokagune ez ezik protagonista ere bada Londres Smithen lanetan. Adibide baterako, NW (2012) eleberriak hiri horretako posta-kodeen sistemari zor die izena, izan ere, NW siglekin hasten baitira hiriaren ipar-mendebaldeko posta-kide guztiak. Smithen esanetan, "gogoaren-aldarte bat da" Londres. Smithentzat, gainera, oso garrantzitsua da Londreseko jendearen hizkera islatzea:

Londresen, inor hizketan entzuten duzunean, dena dakizu hari buruz. Eta ez dira txikikeriak: badakizu zer bizi-itxaropen duen, zer hezkuntza jaso duen eta zer egin ohi duen ostiral iluntzetan. Dena aldatzen du hizketak. Baina kontua ez da ahotsak zehatz-mehatz erregistratzea. The Wire telesailak ez du zehatz-mehatz kopiatzen Baltimore hiriko gizon afrikar-amerikarrek hitz egiten duten era. Aitzitik, aparte diseinatu da hizkuntza hori, jende hori islatzeko, baina, egiatan, jendeak modu aspergarrian hitz egin ohi du: "Bai. Ados. Zera. Horixe". Hori erregistratzen baduzu zure prosan, irakurleak lokartuko dituzu. Londres ipar mendebaldeko gaur egungo hizkera erregistratzea? Erraldoiegia eta garatuegia da, eta ni, ordea, zaharregia. Beraz, hobe da oinarrizko termino batzuk hautatzea, maneatu daitezkeenak eta ulertuko direnak, eta hortik abiatuta lan egin.

Identitatearen korapiloak

Zaila da idazle oparo baten lantzen dituen gaiak hitz gutxitan laburbiltzea, hitz gutxi horiek beti murriztuko baitute idazlearen lanek iradoki dezaketen guztia; hala ere, esan dezakegu, postkolonialismoa eta identitatea direla Smithek jorratzen dituen gai nagusietako bi. Etnia ezberdinetako gurasoen alaba izanik, langile-klaseko auzo batean hazi eta, gero, eliteko unibertsitate batean ikasita, identitateen bidegurutzea etengabe agertzen da haren lanetan. Speaking in tongues saioan, hauxe idatzi zuen Smithek gaiaren harira:

Baina oraindik ez dizuet esan nolakoa den Ametsen Hiria. Saiatuko naiz. Ahots askoren hiria da, non izate singular batua ez den ameskeria baino. Jakina, Obama hantxe jaio zen. Hantxe jaio nintzen neu ere. Askotarikotasuna aurpegian josia badaramazu [...], ADNan igartzen bazaizu, bai eta ilean eta zure azal beix ez-hau-ez-bestea horretan, orduan, gauza jakina da Ametsen Hiritik zatozela. Ametsen Hirian dena da bikoitz, dena da era askotako. Ez daukazu beste aukerarik, mugak gurutzatzea eta hainbat mintzotan mintzatzea baino. Horrela egiten duzu amaren eta aitaren arteko bidea, horrela joaten zara, lehenik, aski beltza ez zarela uste duten senideengana, eta, gero, behar bezain zuria ez zarela irizten diotenengana. Halako tokietan, jende jakintsuak tentuz esaten du "Ni", fonema horrek oso zuzena eta singularra baitirudi, beren bizipen askotarikoak islatzeko zuzenegia eta singularregia. Aitzitik, Ametsen Hiriko biztanleek, nahiago dute "gu" izenordain kolektiboa.

Amu bat

Besteak beste, New Yorker aldizkarian kaleratu ditu Smith zenbait kontakizun, eta, orain, horietako bat euskaraz irakurtzeko aukera daukagu, Lekore aldizkariaren ekinari esker. Paul Beitiak euskaratu du "Ero esaten didate" kontakizuna, Billie Hollyday jazz-musikariari buruzkoa, eta Lekoreren 3. zenbakian argitaratu. Sarean ere irakur dezakezue osorik, hemen.

Horrez gainera, Irati Jimenezen Aiztoa eta arkatza liburuan irakur ditzakezue Smithek Guardian egunkarian eman zituen 10 idazketa-aholkuak.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)