Elkarrizketak

Asel Luzarragari elkarrizketa

Txilen pairatu zuen errepresioaren isla da `Gezurra odoletan´ eleberria Osteguna, 2012-02-23

2009an, Asel Luzarraga Txilera joan zen denbora batez. Egonaldi hartan, maputxe herriak bizi duen egoera gertutik ezagutzeko aukera izan zuen. Bere blogean, herri indigena honen inguruko hainbat idatzi eman zituen argitara. 2010eko urtarrilaren 1ean, Temuko hirian zela, bizitzako ezustekorik handiena jasan zuen. Atxilo eraman zuten, herrialde hartan izandako atentatu saiakera batekin zerikusia zuelakoan. Guztiz kafkianoa izan zen akusazioa bera eta, orohar, pairatu behar izan zuen prozesu osoa. Gezurra odoletan (Txalaparta, 2011) eleberriak, hain zuzen, garai hartako pasadizoak ditu hizpide. Hala ere, Asel Luzarragak aitortu digunez, "autobiografiaren tentazioari ihes egin eta batez ere hango errepresio egoera itogarriari heldu nahi izan diot, hango errealitatea eta herri maputxearen borroka eta kultura euskal irakurleari hurbildu, joko literarioaren bidez".

Asel Luzarragari elkarrizketa


Asel Luzarraga idazlearen nobela hau irakurtzerakoan, ezinezkoa egiten da Asel Luzarraga idazleak 2010ean Txilen jasan zuen prozesutik aldentzea. Gezurra odoletan (Txalaparta, 2011) eleberria autobiografia fikzionatu bat dela esatea egokia litzateke?

Idazten hasi nintzenean jakitun nintzen arrisku hori zegoela, baina gustatzen zait errealitatea eta fikzioa nahastea, zalantza hori sortzea; beti egiten dut, modu batean edo bestean, zer dagokidan niri eta zer den asmatua. Hala ere, ezinbesteko paralelismoak inoiz baino handiagoak izango zirela jakinda, pertsonaiak, haien izaerak eta egoera pertsonalak nigandik eta nire ingurukoengandik dezente aldentzen ahalegindu naiz. Oro har, fikzioa da, puntu jakin batzuetan nik bizi izandako egoera batzuekin bat datorrena. Autobiografiaren tentazioari ihes egin eta batez ere hango errepresio egoera itogarriari heldu nahi izan diot, hango errealitatea eta herri maputxearen borroka eta kultura euskal irakurleari hurbildu, joko literarioaren bidez.

Zure azalean jasan behar izan zenuen Txileko estatu aparatuen errepresioa. Akaso, zure esperientzia bera izango zen dokumentaziorik onena, ezta?

Neurri batean bai. Nire esperientziak Estatu guztietako aparatuen funtzionamenduaren ezagutza gertuagoa eman dit, zalantza barik. Alde horretatik, Txile adibide hartu dut, baina hemen, Frantzian, Estatu Batuetan, Errusian zein Txinan, bakan batzuk aipatzearren, errepresio aparatuen funtzionamendua ez da asko aldatzen. Zoritxarrez, gertatu zitzaidanak, errepresioari buruzko lehen eskuko dokumentazioa eman zidan neurri berean kendu zidan maputxe herria gertuagotik ezagutzeko eta nobelan alde horretan gehiago sakontzeko aukera. Hala ere, eskertu beharko diet fiskalei nahi gabe egin zidaten oparia, bestela zaila izango baitzen kartzela barruko bizimodua eta justizia aparatuen ustelkeria hain ondo ezagutzea.

"Irakurketa aktiboa dut gogoko"

Lau pertsonaia nagusi daude nobelan, eta lauon ahotsetik garatzen doa kontakizuna. Horrek arreta eskatzen du irakurtzerakoan, bereziki hasieran. Baina garrantzitsutzat joko zenuen bakoitzaren barne-ikuspuntua islatzea. Hortik, lau ahots, lau ikuspunturen erabilera, ezta?

Halaxe da. Beti egin zait interesgarria narratzailearen ahotsarekin jolastea, fokua aldatzea eta ikuspuntu bakarrera ez mugatzea. Esango nuke berezko joera dela. Gainera, pertsonaia gehienekin enpatizatu ohi dut neurri batean. Idazlea baino gehiago irakurlea naizen aldetik, burua lanean jartzen didan literaturak erakarri nau beti gehien. Ez zait gustatzen dena erraz jasotzea eta, neurri berean, ahal dela, ez zait gustatzen dena erraz ematea ere. Irakurketa aktiboa dut gogoko, eta horregatik, narrazioan hutsuneak utzi nahiago izaten dut, irakurleari bere gustura betetzeko parada emateko. Ariketa horretan, idazterakoan, bereziki interesgarria gertatu zait nigandik urrunen dagoen pertsonaiaren ikuspegitik ere mundua ulertzeko saiakera egitea. Zirrara handia eragin dit batzuetan Omar fiskalaren larruan sartzea, haren barruko gizakia ulertzen saiatzea. Horri dagokionez, idazten hasi nintzenean Benedettiren Gracias por el fuego irakurtzea ez zen alferrekoa izan.

Txiletar aktibistaren ikur da Vero baina bere zalantzak ditu anarkismoaz, punk izateaz. Hugo maputxearen hausnarketetan, zalantzak agerikoak dira baita. Omar fiskalaren kasuan, hasieran ez bada horrela, azkenean ikusten dugu berak ere bere buruhauste etikoak dituela. Zeresanik ez Jon euskaldun protagonistak... Bilakaera bat sumatzen da protagonista askoren pentsamenduetan. Bakoitzaren Teknika honek gizatiarrago egiten ditu lau protagonistak. Akaso hori bilatzen zenuen ezta?

Zalantzarik gabe. Beti izan dut interesa nortasunen bilakaeran. Eleberri guztietan -Karonten, esaterako, oso argi- kezka bat izan dut bueltaka beti: nor gara benetan? zerk bihurtzen gaitu egun garena? zenbat gu bizi dira gure baitan? geure buruarentzat gara, ala besteek gugandik espero dutela uste dugunarentzat? Eleberri honetan sarritan errepikatzen dira halako zalantzak, gatazka etikoak, barneko tentsioak... Veroren buruan, esaterako, garrantzi handia dauka galdera batek: zenbat aldiz has gaitezke hutsetik? Berak zalantzak sortzen dizkion harreman bati aplikatzen dioen bitartean, Jonek bere izaera guztiari buruz dauka ezinegon hori. Eta orain jabetzen naiz lau pertsonaiengan maitasunak ere daukan pisuaz. Maitasun hori modu batean edo bestean ulertuta, maitasun mota bat edo bestea izanda, lauren barruan bizi diren zalantzen eta gatazken bultzatzaile nagusietako bat horixe da: maitasuna. Kasu batzuetan hartutako erabakiak garestien ordaintzen dituen sentimendua ere badela esango nuke.

Bestetik, Hugoren kasuan, landaren eta hiriaren arteko, zibilizazio eredu biren arteko eta borroka maila biren arteko tentsioak islatu nahi izan ditut. Natura eta asfaltoa, tradizioa eta modernitatea, jatorrizko herrien nortasuna eta europar kultura globalizatzailea, tokikoa eta orokorra.

"Asko daukagu ikasteko"

Maputxe herriarekiko lotura nondik datorkizu?

Lotura hori kasualitateak eman dit. Buenos Airesera iritsi arte maputxeen gainean ezagutzen nuen bakarra Fermin Muguruzaren kanta zen. Orduan Vane ezagutu nuen, La Pollari buruzko foro batean, haren bidez haren lagun punk batzuk ere bai, eta haiek hasi ziren maputxe herriak pairatzen duen errepresio gupidagabearen berri ematen. Horri buruzko bideoak, artikuluak... bidali zizkidaten, eta azkenean, Araukaniara mugitzea erabaki nuenean, barruraino iltzatuta neroan ideia: kultura hori gertutik ezagutu, ahal zela hizkuntza ikasi, haien egoera salatu... Han egonda ikusi dut hori dena ematen duena baino zailagoa dela, baina balio handikoa da maputxe batzuen bidez ikasi ahal izan dudana. Oro har, uste dut asko daukagula ikasteko herri indigenengandik. Neurri handi batean, gure herriari europar kultura kristauak ostu dion ondarea gordetzeko adorea izan dute haiek. Estatua, jabetza pribatua eta aberastasun materiala gurtzen ikasi dugun neurri berean ahaztu ditugu askoz osasungarriagoak ziren balioak. Erosotasuna anestesiarik onena da.

Eta liburuan azaltzen duzunez, ametsek garrantzia handia dute maputxeentzat. Eleberri honetan behintzat, funtsezko papera jokatzen dute.

Bai, halaxe da. Eleberria zirriborratzen hasi nintzenean, maputxe poeta batekin hitz egin nuen buruan neukanaz, eta ametsei eman nahi nien tokia kontatu nionean, izugarri gustatu zitzaion ideia. Haien kulturan oso barneratuta dute ametsek etorkizunari igartzeko duten balioa. Kartzelan nengoela, esaterako, preso politiko maputxe batek kontatu zidan zelan atxilotu eta jipoitu zuten, errekan itota ia, eta azaldu zidan horretarako prest zegoela, bazekiela gertatuko zena, gau batzuk lehenago amets batean ikusi zuelako. Dramatismorik gabe kontatu zidan, berezkotasun osoz. Umoretsua zer zen bera! Gure garunean ulertzen ez dugun gauza gehiegi dago oraindik.

Atxilo izan zuten denboran, Aselen aldeko ekimen ugari egin ziren.


Mamiarekin jarraituz, maputxe herriak, mugimendu anarkistak edota mugimendu okupak Txilen pairatzen duen jazarpenaren isla da nobela. Zentzu horretan, aipatzen dituzun kontu asko sistematikoak al dira edo zu izan zinen boladako kontuak al dira nagusiki?

Esango nuke, arestian aipatu legez, neurri batean edo bestean, talde batzuen edo besteen kontra izan, jazarpen ideologikoa Estatu guztietan dela sistematikoa. Estatuak elite batzuen aldeko interesak babesteko sortutako egitura errepresiboak dira berez, salbuespenik gabe, egitura horiek gure lanak finantza ditzan antolatuta, gainera. Elite horiek kolore nazional batzuk edo besteak jantz ditzakete, baina kolore horien gainetik interes ekonomikoak eta gehiengoa menderatzeko nahia daude. Egungo mozorro demokratikoak ez du hori lar aldatzen. Txileri dagokionez, bestalde, deserosoak diren atzerritarren aurka muntaiak erabili eta haiek Txiletik kanporatzea tradizio oso zaharra da, hogeiko hamarkadan sarri erabili zuten langile anarkisten aurka. Kapitalismoari eta Estatu interesei kontra egiten dien edonork paira dezake halako jazarpena munduko edozein txokotan. Ez da urrun joan behar: berriki, Frantzian bertan ikusi dugu hiru anarkisten aurkako antzerki juridikoa. Haietako bat, oker ez banago, nafarra, eta haien aurkako froga nagusiak autoan piolet bat -haietako bat mendizalea da- eta testu anarkistak gordetzea. Nahikoa hiru mutilak terrorista bihurtzeko. Euskal Herrian ere asko dakigu horretaz. Baina halako kasu gehienak ez dira komunikabide nagusietara iristen. Errepresioaren lana oso zaratatsua da zirku mediatikoa komeni denean, eta guztiz isila beste kasu gehien gehienetan. Txilen, ni atxilotuta nengoen bitartean, oso ezaguna izan zen Elena Varela dokumentalistaren aurkako muntaia, edo urte hartako udan Barne Ministroak eta haren fiskal kutunak hamalau anarkistaren aurka bultzatutakoa, oraindik amaitu ez dena, egin zuten narraskeria gero eta agerikoa bada ere. Muntaiak argituta geratzeak ere ez die lar axola. Hori gertatzen denerako, biktimek hilabete luzeak edo urteak eman dituzte atxilo eta nahi zen efektua lortuta dago. Historiografia ofizialak eta hizkuntzaren erabilera programatuak ahaztarazi digute, XIX. mendera arte terrorismo hitza aipatzen zenean Estatuek disidentziaren aurka erabilitako bortizkeria politikoa ulertzen zela. Terrorismo sistematiko bakarra, mundu mailan zabalduena, Estatuek modu agerikoagoan edo ezkutuagoan, fisikoki edo mehatxu sor gisa, etengabe darabilten indarkeria da. Azken mendeetan ahalegin mediatiko ikaragarria egin dute errealitate hori ahaztu dezagun. Komunikabideak laugarren boterea direla esan da, eta guztiz egokia da esan hori. Konturatzen bagara, lau botereek lan egiten dute Estatu interes bakarraren alde, eta "demokrazietan", gure buruak programatzeko eta errealitateaz nahi den interpretazioa barnearazteko laugarren botere horrek duen zeregina funtsezkoa da. Haren lanari esker, Estatuaren indarkeria fisikoa ez da hain beharrezkoa izaten.

Blog batean idazten zenuen, zu han izan zinenean. Eta liburuko protagonista euskaldunak ere, Jonek (edo Bittorek), gauza bera egiten du. Kanpotik ikusita, hain xaloa den ekimen bat, zein erantzun gogor jasotzen duen ezta? Elkartasuna ere begi-puntuan dagoela alegia.

Gero eta gehiago. Jakinarazten ez zaizkigun gauza asko egiten dituzte gure gobernuek, herritarren interesen aurka, gure askatasunak egunetik egunera murrizteko. Egun, Latinoamerikako "demokrazia" guztiak -eta haien artean lehenak Argentina eta Venezuelakoak izan dira- egoitza Parisen duen GAFI finantza erakundeak agindutako lege antiterrorista berriak onartzen ari dira, erakunde horrek mehatxatu duelako lege hori onartzen ez duten herriak inbertsioetarako arriskutsutzat sailkatzearekin. Bada, jakin behar da lege antiterrorista berri horrek, Argentinan, kasu, delitu terrorista bihurtu berri duela terrorismoagatik espetxeratutako inori elkartasuna adierazteko laguntza ekonomikoa ematea. Ni kartzelan egon nintzenean Txilen lege hori indarrean egon balitz, adibidez, epaiketa gastuei aurre egiten laguntzeko Euskal Herrian zabaldu zen kontuan dirua sartu zuten guztiei terrorismoa leporatu ziezaieketen. Izugarria da. Beldurra zabaldu nahi dute, jazarpena pairatzen duten disidenteak isolatu. Argi dago, beraz, zer garrantzi ematen dioten errepresio aparatuek elkartasun mota orori. Lehergailurik arriskutsuenak munduko edozein tokitan irakur daitezkeen testuak izateak, beraz, ez gintuzke harritu behar.

Izpiritualtasunari tokia

Estiloari dagokionez, eleberri beltzetik badu asko. Ametsek ere funtzio garrantzitsua dute nobelan, beraz, fantasia nobelaren ukitua ere badu. Bi estilo horietan mugitzen da "Gezurra Odoletan", ez al da hala?

Uste dut halaxe dela. Istorio errealista bada ere, eta seguruenik pisu handiena alde beltzak dauka, fantasia ukitua ere eman nahi nion. Azken eleberrietan leku txikia egin diot fantasiari, eta, gainera, gogoa neukan izpiritualtasunari ere tokia egiteko, besteak beste, ateismoa eta izpiritualtasuna elkarren kontrako kontzeptuak ez direla uste dudalako. Edo, bestela esanda, erlijioa eta izpiritualtasuna bereizi nahi nituen. Niretzat, lehenengoa bigarrenaren aurpegi iluna, menderatzailea da. Baina pisurik handiena eleberri beltzak dauka.

Han eta hemen, Estatuaren aparatuek disidentzia denak mugatu eta kontrolatzeko joera dute. Hori islatzeaz aparte, anarkismoaz, okupazioaz, punk izateaz, hainbat azalpen daude. Zure pentsamenduetatik asko du nobela honek, ezta? Bada zure planteamenduen berri emateko bidea literatura ala puntuala al da, nobela honetako kontua baino ez?

Asko du, bai, baina bestela pentsatzen duten pertsonaiak ere nahi nituen. Niretzat literaturak eginkizun bat izan behar du, arte orok behar luke, alde estetikotik edo atsegin intelektualetik harago. Modu batean edo bestean, ageriago edo ezkutuago, nire pentsaera hor dago beti. Baten batek, nire ideologia ezagututa, galdetu dit inoiz ea zergatik ez dudan saiakerarik idazten, fikzioaren ordez. Alde batetik, berezko bultzada da, hautua baino gehiago. Istorioak asmatzeko joera txikitatik izan dut. Baina, bestetik, beste modu batean ideia, hausnarketa, zalantza, kezka... batzuetara hurbilduko ez liratekeen irakurleei haiek denak helarazteko bidea da literatura niretzat. Gehienetan, komunikatu nahi dudan ideia bat etorri zait lehenbizi, eta ondoren, ideia nagusi horrentzako jantzia edo mozorroa bilatzen dut, irakurleari ibilbide atsegina eman nahian. Nire eleberri guztiek dute zerbait tesitik, saiakeratik. Baina askatasuna maite dut, eta, beraz, irakurleari ere hautatzeko askatasuna aitortu nahi diot: nahi badu, entretenigarri hutsa bila dezala, eta nahiago badu, zer pentsatu aurki dezala. Bestalde, iradokitzen ditudan ideien bidez, erantzunak baino gehiago, galderak eragiten ahalegintzen naiz, neuk ere galderak dauzkadalako buruan, erantzunak baino gehiago.

`Gezurra odoletan´ liburuaz berbetan. Ezkerretara, Mikel Soto Txalapartako editorea.


Elkartasun handia jaso zenuen zure atxilo aldian. Hori eta jasandako bidegabekeria izan dira nobela hau idazteko arrazoi nagusiak akaso? Honetaz idaztea, zentzu batean, lagungarri egingo zitzaizun.

Eleberri hau den bezala izateko arrazoi nagusietako bat, seguruenik, horixe da. Gainera, jasotako elkartasun olde horrek zer pentsatu asko eman zidan, batez ere kartzelan bakar bakarrik zeuden lagunak ezagutu ondoren. Elkartasunaren garrantzia azpimarratzeko, hain zuzen ere, Jonen egoera nirearen ifrentzua izatea erabaki nuen. Hala ere, ezagutu nituen askorena baino askoz xamurragoa da haren egoera, haiek ez daukatelako ihesbiderik. Baina Temukon ezagutu nuen errepresio giroari eta maputxe herriaren egoerari buruz idazteko erabakia lehenagokoa zen. Atxiloketak prozesua bizkortu eta istorioaren ildoa baldintzatu zuen, baina bestela ere gai berari buruzko beste eleberri bat idatziko nukeen lehenago edo geroago.

Txilen pairatutakoari buruzko kronika

Zuri gertatutakoa azaltzeko, gazteleraz liburu bat idazteko asmoa zenuela azaldu zenuen. Ez fikziozkoa, baizik eta kronika moduan edo. Asmo hori zertan da?

Laster amaitzea espero dut. Oraintxe bertan epaiketa ari naiz kontatzen, polizien testigantzak-eta. Kronika, autobiografia, salaketa, saiakera politikoa, Estatu aparatuen funtzionamenduaren erradiografia..., ez dakit zelan definitu. Asmo nagusia Txilen batez ere, baina baita Txiletik kanpo ere, jazarpen polizial-judizial-mediatikoa pairatzen dutenentzat nolabait lagungarria izatea da, neurri xumean bada ere. Ahalegindu naiz sentimendu karga arintzen, baina seguru nago hala ere oso barrutik irtendako testua dela. Hala ere, kasuaren dokumentazioari eman nahi izan diot pisua, edonork argi ulertu ahal izateko zelan funtzionatzen duten holako aparatuek. Zorte apur batekin, urtea amaitu baino lehen egongo da kalean.

Bukatzeko, zure egoera zein da une hauetan? Txilera itzultzeko modurik izango zenuke noizbait?

Noizbait bai, espero dut, baina ez dakit zehazki noiz arte izango dudan galarazita Txilen sartzea. Egunen batean itzuli nahi nuke, lagun handiak egin nituelako, maputxe herria ondo ezagutzeko paradarik izan ez nuelako eta, batez ere, Vaneren herria delako, baina oraintxe ez litzateke oso zuhurra, are gutxiago laster aipatu liburua han argitaratzen badut. Laster gertuago egongo gara behintzat, Latinoamerikara itzultzekoak baikara.

Asel Luzarraga idazleak eta musikariak jasandakoa gogora ekartzeko, akaso baliogarri izan daiteke ETB1ean "Azpimarra" saioan egin zioten elkarrizketa ikus-entzutea (2010eko urriaren 8an egina).

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)