Elkarrizketak

Edu Zelaieta Antarekin solasean

Ostirala, 2016-10-28

Ispilu biluziak laugarren poesia lana du, eta aurrenekoz plazaratu du Pamiela etxearekin. "Poema narratiboen eta narrazio poetikoen arteko lurralde batean koka litezke liburuko hainbat testu". Alde horretatik, inoiz idatzi duen poema-libururik narratiboena dela aitortu digu.

Edu Zelaieta Antarekin solasean

Liburuaren abiapuntua: aitaren heriotza eta dolua

Laugarren poesia liburua duzu hauxe. Aurreko lanetan (aurreko bietan behintzat) inpresioa da kontzeptu edo ideia bultzatzaile argi bat zegoela liburuaren oinarrian (mugak, aldaketa eta mudantzak...). Kasu honetan heriotza, aitaren figura?

Egia da aurreko bi lanetan abiapuntuko kontzeptua argiago zegoela: muga (Mugaldekoak liburuan) eta aldaira (Aldaira urdinak liburuan). Oraingoan ere badago joko-jolas kontzeptuala, ispiluekin hain zuzen, baina lausoxeagoa da.

Aitaren heriotza abiapuntu kronologiko eta pertsonala izan da: aita hil eta berehala hasi nintzen idazten; eta, heriotzaren gaia oso presente badago ere, badira hainbat eta hainbat testu beste norabidea batean dabiltzanak.

Nola egiten zaio aurre horrelako gai pisutsu bati? Zein neurritan behar da denbora eta distantzia hura idazteko, gaiari sormenetik aurre egiteko?

Nire kasuan, funtsean, neure buruarentzako denbora hartuz. Modu pertsonalean, ez hainbeste beharbada literarioki, dolu kontziente bat egiteko asmo argia nuen. Dolu pertsonala. Dolu (barkatu adjektiboaren larria) askeagoa. Alde horretatik, hurbileko denboran eta distantzian idatzia dago liburuaren zati garrantzizko bat.

Besterik da, liburua egiteko bidean zaudela, areago argitaletxeak baiezkoa eman eta gero, poema gehiago txertatzea, kontu estetikoagoak zaintzea, beroan idatzitakoa pausan aztertzea eta, neurritxo batean, moldatzea, osotasun literario baten alde.

Aitaren presentzia oso presente dago liburuan, eta absentzia, eta dolua. Horrelakoei buruz sentsazioetatik mintzo zara askotan, usaimenetik, oroimenari loturiko ukimenetik. Absentzia gorputzean senti daitekeen zerbait da?

Nik baietz esango nuke. Zuk aipatutako zentzumenak izan daitezke horren adibide. Horren lekuko. Kontu honekin lotuta daude, esaterako, pertsonok batzuetan izaten ditugun erreakzio psikosomatikoak; hau da, jatorri psikikoa duen zerbaitek gorputzean uzten (ahal) ditu ondorioak. Gogora dezagun, bide batez, “soma” hitza grezieratik datorrela eta, hain justu ere, “gorputz” esan nahi duela.

Liburuaren estetika

Poesia liburu batean dena den, ardatz nagusi bat egonda ere, hortik abiatuta ere, testuak norabide gehiagotan adarkatu ohi dira. Norantz hedatu dira liburu honetako poemak?

Gai (barkatu adjektiboaren larria bigarrenez) unibertsaletara: heriotza-bizitza, denboraren iragatea, amodioa-desamodioa, mugitzen eta mugatzen gaituzten kontraesanak, afera sozialak, aitatasuna…

Inpresioa izan dut narratibaren eragina dagoela poema askotan, ipuin laburrak izan zitezkeela sarri. Zuretzat non dago ipuina eta poemaren arteko muga?

Poema narratiboen eta narrazio poetikoen arteko lurralde batean koka litezke liburuko hainbat testu. Alde horretatik, inoiz idatzi dudan poema-libururik narratiboena da.

Zure galderari erantzun nahian, agian neuk ere ez dakidala ohartzen naiz. Pentsatzen dut hainbat faktore daudela hor, edo hainbat faktoreren arteko konbinazioa. Horietako bat izan daiteke, nolabait, generoarekiko identifikazioa: ni poesia irakurzale amorratua naiz; hortaz, irakurle izateari uzten diodanean idazle aritzeko, gehienbat idazten dut irakurritakoren ildotik. (Hain) Lirikoak ez diren beste literatur genero batzuk ere irakurtzen ditut, baina neurri apalagoan.

Poesia “nia”ren literatura dela esan ohi da, baina liburu honetako poema askotan beste ahots batzuen azalean sartu zara, kasu batzuetan izen-abizen eta guzti. Idatz daiteke poesia beste ahots batzuen azalean sartuta, zailagoa edo errazagoa zaizu zuri? Akaso, ezinbestean, beti dira “ni” horren aldaerak?

Liburu honetan ezinbestekoak dira, zuk diozun bezala. Izan ere, liburu honen bitartez plazaratutako jokoan, pertsonak eta pertsonaiak elkarren ispilu dira. Elkarren ispilu biluzi: ez dago juzkurik aurrez aurreko horretan, baizik eta (maiz ahazten dugun) gure izate humanoa agerian uzteko asmoa.

“Zu”, “Hura”, “Eta ni” dira, hain zuzen ere, liburuaren atalen izenak... zergatik?

Atal bakoitzak pertsona-izenordain bat darama, eta bakoitzari dagokion gramatika-pertsonan idatzita dago; hau da, “Zu”ren ataleko poemak bigarren pertsonan daude, “hura”ren atalekoak hirugarrenean eta “ni”ren atalekoak lehenbizikoan. Horretan ere bada ispilu jokoa: zu, hura eta ni elkarren ispilu biluzi gara, elkar jantzita ikustera ohituta bagaude ere. Proiektu honetan atalen egitura funtsezkoa iruditzen zitzaidan, apustuak estetikoki funtzionatuko bazuen.

Hartara, hasierako poema laburrak zergatia –liburuaren mikropoetika?– aurreratzen du:

Ni biluztean

zu biluzten zara.

Eta hura.

Zu, hura eta ni:

soin jantziak diren

hiru ispilu biluzi.

edu-zelaieta(Argazkia: Deia.)

Poesia eta eszenatokia

Zure ibilbidean oso garrantzitsua izan da musika eta hitzarekin egindako lana, 'Mugaldekoak' proiektuaren barruan. Susa argitaletxearen eskutik plazaratutako Mugaldekoak liburuan oinarrituta hasi zenuten bidea. Zein momentutan dago proiektua?

Bi disko atera ditugu orain arte, 2006an eta 2012an. Hirugarren bat ere izango da, trilogia osatzeko, 2017an. Hortaz, proiektua bizirik dago, gure erritmo bidasotar-brasildarrean, baina bizirik.

Asmoa dugu behin betiko grabazioak egin aurretik emanaldi batzuk eskaintzea, dagoeneko findua dugun material literario-musikal berria jendaurrean testatzeko. Beraz, programatzaile kuttunok, deitu edo idatzi lasai ederrean: www.mugaldekoak.com

Nola elkar osatu dira idazketa eta musikagintza zure ibilbidean?

Idazle bezala, batez ere hiru (azpi)generotan aritzen naiz aspalditxotik: poesian, zutabegintzan eta letragintzan. Alde horretatik esan daiteke urteak daramatzala musikariekin lanean, Mugaldekoekin bereziki: zuzenekoak prestatzen, diskoak egiten, abestiak idazten… publikatzen dudan literaturaren zati bihurtzeraino (Dylani Nobela eman aurretik ere hala adierazten nuen; zin dagit).

Eskarmentua hartzeko bide horretan, aldaketarik edota progresiorik egon da: hasieran nik letra idazten nuen eta gero musikariei ematen nien; azken urteotan, ordea, alderantziz egin izan dugu: haiek niri musika eman eta nik, doinu eta haien eskakizunen arabera letra sortu. Lan egiteko bigarren era askoz zailagoa da idazlearentzat, baina baita aberasgarriagoa ere. Mugaldekoen hirugarren diskorako nik idatzitako letra guztiak (bat kenduta), lantegi-gimnasio horretan sortuak izan dira, neronek eskatuta, neure trebakuntzaren eta taldearen mesederako. Kontatuko diguzue zer iruditzen zaizuen esperimentua.

Oker ez banago, baduzu Eneko Ugarterekin Ispilu biluziak liburu berri honetatik abiatuta ere errezitaldi berri bat egiteko asmoa. Nolakoa izango da emanaldia?

Enekorekin asko ikasten ari naiz deus gutxi nekien arlo batez: pinturaz. Sari hori nahikoa ez, eta, gainera, Enekorekin oso ongi moldatzen naiz: gustura egiten dut lan harekin, ongi sentitzen naiz pertsonalki, eta antzeko kezka batzuk ere baditugu kulturaz, arteaz, hezkuntzaz, aitatasunaz…

Oinarri emozional eroso hori partekatuta, elkarrekin zerbait egiteko proposamena egin nion nik, liburuaren aurkezpen ilustratua-edo. Adostu duguna zera da: Enekok margo-lan bat egiten duela zuzenean, denok ispilu batean edo batzuetan biluzteko asmoz, eta nik poemak errezitatzen ditudala bitartean. Nahiko modu esperimentalean ari gara, eta, printzipioz, hiru emanaldi baino ez dugu egingo: Donostiako Literatura Azokan (uztailean egin genuen), Gasteizko Oihanederren (azaroaren 17an) eta Ahotsenean (abenduaren 3an).

Neure egoismotik ikusita, beste fronte artistiko-pertsonal bat da, beste erronka bat. Hasieran aitortu dizuet: asko ikasten ari naiz. Niretzat ikastea, edo ikasten ari naizelako sentsazioa izatea, egiazko beharra da. Enekorekin lan egiteko erabakia batez ere azken bi urte hauetako kontua izan da; elkarlan horren ondorioz, Enekok eta biok liburu bat proposatu diogu argitaletxeari (proposamena mahai gainean dute dagoeneko), hurrengo urtean ateratzeko. Ilusio handia dugu beste proiektu horrekin ere. Ea zer dioten.

Aipuetatik mintzo, jendarte arauen arrakalak

“Harritzeko gaitasun bizia omen da filosofoak eta

haurrak hari berean lotzen dituena.

Zu ez zara ez bata ez bestea, baina

maiz harritzen zara. Gero eta maizago”.

Inpresioa izan dugu poema askotan lortu duzula pertsonen jarreretan zirrikitu txikiak bilatuz, kontraesanen barrura sartu eta min handiak topatzea. Oso esanguratsuak diren gauza txikietatik biluztu dituzula jarrera sozialak. Harritzeko gaitasuna izan duzu bidelagun, poemak idazterakoan?

Erabat. Askotan gorputza zeharkatzen didan sentsazioa da, 40 urteak beteak baditut ere: gero eta gehiago harritzen naiz jendearen harridurarik ezarekin, eta alderantziz: jendea harritzen duten kontuek, albisteek… gero eta gutxiago harritzen naute. Poema horretan (geroago) esaten den bezala, badut uste harritzeko estilo propioa garatu dudala azken urteotan. Nahi gabe, jakina.

Harriduratik idatzita daude liburuko hainbat testu, bai, harridura sozialetik eta, aitor dezadan, harridura intimoagotik.

“Irakasle aritzen naizenean, jaun-andreok,

ideiak saltzen ditut kulturaren ordez.

Artista aritzen naizenean,

kultura saltzen dut talentuaren ordez.

Idazle aritzen naizenean, talentua saldu nahi nuke ideiekin batera”.

Liburuan zehar hainbat lerro alderantziz irakurri behar dira, ispilu batean baleude legez. Paradoxak sortzen ahal duen efektua halakoa dela esan liteke: diskurtso baten zentzua iraultzen da kolpe batez. Paradoxarekin jolastu duzu ezinbestean, ispiluaren irudiarekin jokatzen duen liburu honetan? Alegia, kontzientea da paradoxaren presentzia hori?

Azken urteotan idaztera jarri naizenean, poemetan eta bestelako testu batzuetan, konturatu naiz gero eta gehiago interesatu zaidala kontraesanen eta paradoxen gainean arakatzea, horietaz hitz egitea. Izan ere, batzuetan paradoxak eta kontraesanak izaten dira pertsona bezala gehien bereizten gaituztenak, bizimodu ofizialean bestela jokatzen badugu ere. Eta niri, batez ere, materia humanoa interesatzen zaidanez gero, halako isla franko txertatu ditut liburuan, kontzienteki.

Paradoxak eta kontraesanak gure ispilu biluzien isla ezin hobeak dira batzuetan: ahul, zaurgarri eta, beharrezkoa bada, odoletan dagoen animalia basatiaren pare, bestea erasotzeko prest. Dena, Joan Margarit poeta katalanak esango lukeen bezala, begi aurrean dugun egia (optikoa) jasan baino lehen.

“Prezio handia du normala izateak. Gero

eta handiagoa, beharbada.

Are handiagoa normala ez izateak:

bizi guztiko zigorra, bizi bakarrean”.

Zirrikituz zirrikitu, jendarte-jarrerak arakatzen, iruditu zait tarteka generoari loturiko gaietara gerturatu zarela, hala sentitzen duzu zuk? 'Aita'ren figuran murgiltzearekin zerikusia izan dezake horrek?

Generoaren inguruko gaiak, literatura, pentsamendua, praktikak eta abar oso indartsuak iruditzen zaizkit. Azken batean, denok nola edo hala, gutxi-asko, besarkatzen gaituzten eguneroko kontuak dira. Ez da kasualitatea, esaterako, feminismoak egindako ekarpenak gero eta baloratuago egotea, batzuentzat feministak deabruaren ondoko badira ere.

Neure kasuan, duela zortzi urte pasatxo aita bihurtu nintzenean, hainbat gauza konkretu bizitzen hasi nintzen lehen pertsonan. Izan ere, badago diskurtso estandarizatu edo politiko zuzen bat nik ezagututako aitatasun askorekin behintzat zerikusi gutxi-gutxi duena. Funtsean, nire bidea da aitatasun aktiboa aldarrikatzea eta (batez ere) praktikatzea: behin bakarrik izango naiz aita bizian, hala aukeratu dudalako; utzidazue, beraz, aita izaten, neuk nahiago dudan moduan, neure etxekoekin negoziatuta eta ez portaera sozial nagusiekin. Horretan gabiltza. (Des)Ikasten aita izaten.

Amaitzeko, titulura buelta

 

Eta nolako ispilua dira batez ere gure aurrekoak, gurasoak... kasu batzuetan haien aurpegia begiratu eta gurea haienaren oihartzun moduko bat den heinean?

Badira galderarekin lotuta dauden poema batzuk liburuan. Adibidez, Bizar makina izenekoan. Bertan, pertsona(ia) maskulino batek dio haren aitak eman ziola lehen bizar makina elektrikoa, esplizituki herentzian utzita. Zaila egiten zaio hasieran makina horrekin bizarra egitea, artean aita hil berriaren usaina duelarik. Biziak aurrera darrai, ordea. Eta, halako batean, halako igande familiar batean-edo, alabak esaten dio bizar makinak haren usaina duela, aita biziarena (ez aitona hilarena).

Halako ispilu edota isla batzuk daude liburuan. Bizian bezalaxe, nik uste: aurrekoen oihartzunak dakartzagu, maiz horietaz konturatu gabe. Eta inoiz ohartzen bagara, urteak bete ahala, sentsazio arraro batek zeharkatzen gaitu.

Belaunaldi berrien nolako-ispilua izateak kezkatzen zaitu? Galdera honek bi adar eduki ditzake: batetik, seme-alabei begira? Bestetik, adibidez, kulturgintzari eta kultur-transmisioari begira?

Seme-alabei begira, aita izateak eredu esan nahi du: erreferente afektiboa, soziala.... Alde horretatik, guraso eginbeharrari bestela begiratzeko, kezkarenak aukeratik ere baduela iruditzen zait. Esaterako, aita izateak aukera ematen dit neure burua lantzeko, umearekin eta umearengandik ikasteko, aurretik bizitako etapak neurri batean berriz bizitzeko.

Etxetik aterata ere pedagogian aritzen naiz profesionalki: EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean irakasle jarduten dut, hain zuzen, geroko maisu-maistren formazioan. Ardura horretan ere kezkarena eta aukera aipatuko nituzke: kezka badut, hezkuntzaren bidezko eraldaketan sinesten dudalako (ez hainbeste bat-bateko iraultzetan), eta maiz nire desirak eta errealitatea ez datoz bat. Aukerarena arestian aipatutako alderdi horiekin lotua dago: etengabeko prestakuntzan aritzeko beharra –aukera- dut–; urtero ezagutzen ditut irakasle izan nahi duten dozenaka eta dozenaka ikasle berri, eta dagoeneko irakasle diren beste batzuk: enkontru aberasgarriak suertatzen zaizkit horiek denak.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)