Elkarrizketak

Gerardo Markuletari elkarrizketa

Jean Echenozen 'Lasterka' ekarri du euskarara Asteartea, 2011-11-08

Gerardo Markuletak Jean Echenozen lan berri bat eman digu euskaraz, Lasterka, Meettok argitaletxearen eskutik. Echenozek pertsonaia errealetan oinarritutako nobelen trilogia abiatu zuen Ravelekin, hura ere Markuletak euskarara ekarria. Lasterkan Emil Zatopek da eleberriaren ardatza.

Gerardo Markuletari elkarrizketa

(Argazkia: Zaldi Ero).

Hautsontzi bete batek ez du tristura txikiagoa sortzen, ohe desegin batek baino irakurri genuen Ravelen. Ez ohiko moduan barneratu gintuen Jean Echenozek Ravelen bizitzan, fikzioa eta errealitatearen arteko muga biografikoak leunduz. Gauza bera egiteko aukera dugu orain Lasterkarekin Emil Zatopeken bizitzan, euskaraz oraingoan ere, Gerardo Markuletak Meettok argitaletxearen eskutik egin duen lanari esker.

ECHENOZEN TRILOGIA

Lasterka Jean Echenozi itzultzen diozun bigarren lana da. Noiz ezagutu zenuen irakurle gisa, zerk erakarri izan zaitu bere lanetik?

Echenozen bigarrena dut Lasterka hau, bai, eta hirugarrena bidean... Apenas ezagutzen nuen, egia esan, itzultzen hasi baino lehen, eta orain ere ez naiz aditu bihurtu. Banuen aditzea Atxagarekin lehian eraman zuela Europako sari garrantzitsu bat, eta beraren narratibari "postmoderno" etiketa jartzen zitzaiola, gehienetan -harrigarriro- zentzu positiboan. Beharbada esan beharko nuke azken bolada luzean areago naizela poesia edo saiakera mamurle, eleberri irensle baino. Eta itzultzeko hautua, hori bai, editore jaunak egin zuen, Meettok-eko Ramon Etxebestek.

Niri, erakargarri, batez ere Echenozen hitz laua euskarara ekartzea egin zitzaidan. Izan ere, ez da konta-testu lau arrunta; bere naturalean (edo itxura bateko naturaltasunean), badu halako distira bat, erliebe gorabeheratsua, koxka berezi batzuk; eta horrek puxtarri asko ematen dizkizu aldez aurretik itzultze lana bera eta lanaren emaitza ere interesgarriak izan daitezen. Literatur testu garaikidea, arina baina mamitsua, trinkoa baina umoretsua, halakoak nahi nituzke gurerako.

Ravel oinarri biografiko batetik abiatzen den eleberria da, baita Lasterka ere. Trilogia baten parte dira bi lanak, Des éclairs, euskaraz Tximistak izango denarekin batera. Zer nolako trilogia osatzen dute hiru lanek? Zer dute komunean, zerk ezberdintzen ditu?

Atal berezia osatzen dute Echenozen kontagintzan, azken aldikoa. "Fikzioak" deitzen ditu berak, benetako pertsonen inguruan eratutako narrazioak direlako, baina fikziozko pertsonaiak balira bezala erabiliak. Hau da, ez biografo edo historialari batek egingo lukeen moduan, ezpada literatur testu sortzaile baten eskutik. Horretan dute antza, eleberriaren kontzepzio berezi horretan. Gero, pertsonaiak ezberdinak direnez -artista, kirolaria, ingeniaria-, kontakizun bakoitzak ere bere molde berezia hartzen du, protagonistaren izaera eta inguruko giroaren arabera. Baina hirurek zuten izaera berezia: jeinuak, nartzisistak, bitxiak, bakarzaleak... eta hirurek izan zuten oso bizitza jakingarriak, bizimodu mundutarra baina bakartua, bitxikeriaz eta pasadizoz josiak... Hirugarrenaren kasuan bada alde txiki bat: Echenozek 'Gregor' izena erabiltzen du, benetakoa erabili beharrean, askatasun gehixeago hartzeko edo.

Tximistak ere euskaraz emango duzu. Zein da lan horren ardatza?

Hirugarren eleberriak Nikola Tesla asmatzaile kroaziarraren bizitza du oinarri. Sinestezina da guretzat hain ezezaguna izatea, XX. mendeko asmalari garrantzitsuenetako bat izanda. Korronte alternoaren asmatzailea, radar, irrati, robot edo neon- argiaren aitzindaria. Pertsonaia bitxia hau ere, jeinua baina bizi arrunterako ezgauza, bere asmakizunen patente guztiak ostu omen zizkioten, bere garaian estralurtarra zela ere pentsatu zuten. Baina Ravel irakurtzeko musikazale, edo Lasterka irakurtzeko korrikazale izatea beharrezkoa ez zen bezala, honetaz gozatzeko ere ez da zientziaz edo ingeniaritzaz deus jakin behar.

Zure lana egiteko orduan protagonisten bizitzan murgildu behar izan zara, zeu ere dokumentatu zara erreferentziak argi edukitze aldera?

Nire lana literatur testu jakin bat beste hizkuntza batean ematea da. Helburu horretarako lagungarri den neurrian bilatzen eta erabiltzen dut dokumentazioa, baina tematu gabe: gaur egun, internet dela bide, informazio gehiegia da arazo. Trilogia honen kasua berezia da, benetako pertsonengan oinarritua dagoenez gero, eta fikzio hutsezkoekin baino gehixeago aritu naiz informazio bila.

Ikusi ahal izan duzunagatik, zein neurritan dira hiru lanak biografikoak, zein neurritan fikzio?

Itzul lanerako axola handirik ez dio, nik uste, eta horren kontu zehatza egiteko aditu izan beharko litzateke Ravel, Zatopek edo Teslaren biografietan. Baina irudipena daukat, izatekotan, zertzelada ņimiņoak izango direla asmatuak. Adibidez, Zatopek Brasilgo hotel bateko konketan erretzeko paperaz eginiko bolatxoak botatzen, hego-hemisferioan urak bestaldera egiten duela jira egiaztatzeko; eta, aldi berean, Pragako prozesuetan torturatutako bat bere emaztearentzako gutun bat idazten marka bereko paperean.

Baina, egia esan, hiruren bizimoduak nahikoa berexiak izan ziren, are xelebreak, asmatzen ibili beharrik izateko. Aitzitik, uste dut arazoa zer ez kontatu erabakitzea izango zela.

LASTERKA

Zer deskubritu duzu Emil Zatopek-i buruz?

Ezer gutxi nekien berari buruz, ez da nire garaikoa eta ez naiz sekula oso kirolzalea izan. Beraz, dena deskubritu dut: ia behartuta hasi zela korrika egiten, lasterka zoazela hain justu egin behar ez den guztia egin arren munduko errekor guztiak hautsi zituela, ez zuela bizi guztian entrenatzailerik izan, Pragako udaberrian esku hartzeagatik kale-garbitzaile edo aitzurlari edo uranio-meategietan langile aritu behar izan zuela... Azken korrikaldi ofiziala Lasarteko krosean egin zuela ere bai, eta txapelaz gain artzain-txakur bat ere oparitu ziotela.

Nolako nobela da Lasterka, nola aurkeztuko zeniguke?

Laburra, arina, irribarre ttipi batez gozatzeko modukoa. Bizitza berezi bat ahots berezi batek era berezian azaldua.

Zer eskaintzen du Lasterkak testuinguru historikoari dagokionez?

Zatopeken bizitza "estrategikoki" kokatua dago bidenabar XX. mendearen historiaz ere pittin bat hitz egiteko. Eleberria hasten da sobietarrak Pragan sartzen direnean nazi okupatzaileak bertatik botatzeko. Amaiera aldera, sobietarrak berriz heltzen dira, Pragako udaberriak ekarri zuen askatasun-oldarra jo eta suntsitzeko. Horrelako ironia asko aurki daitezke, bigarren planoan ia beti, baina ez dekorazio huts gisara.

Itzultzeko orduan, zein izan da topatu duzun zailtasunik edo erronkarik handiena?

Frantsesez ere "berri" gertatzen den prosa modu bat euskarara ekartzea, jatorrizkoan bezain iradokitzaile eta irakurtarin (helburuaz ari naiz, jakina). Esaldiak josteko modua, informazioa emateko ordena, umore puntuak egilearen neurrian ageriegian utzi gabe iradokitzea...

Eta zertan izan da erraza, zer egin zaizu lagungarri?

Ravelen esperientziak asko lagundu dit, noski. Eta itzulgaia gustuko izatea ere bai. Beste arlo batean, interneteko baliabide mordoa (ahaztu zaigu, baina hamaika lan eginak gara sare hori gabe), gozamena da Orotarikoa edo Ereduzko prosa gaur adibidez hain eskura izatea.

Estilo aldetik alde handia dago Ravelekiko?

Echenozek berak Lasterka-z esana: "Kontakizunak esaldi laburrak eskatzen zizkidan. Ezin zitekeen izan Bolero-ren erretorika bera. Lantzen ari zaren pertsonaia liburuaren egilekide bihurtuko balitz bezala".

Ravelen musika-tankerak (eta bizimodu eskisitoak) beste era bateko prosa eskatzen duten. Honek Zatopeken korrika-modu xelebrea irudikatzen du: zuzen, korapilo eta edergailu askorik gabea...

Estilo aldetik eragina du pertsonaia bat ala bestea izan? Hau da, Ravelen kasuan musikak, Zatopekenean abiadurak eta kirolak... zure ustez eragina dute idazkeran?

Egileak baietz dio, pertsonaia bakoitzak idazkera ezberdina eskatu ziola.

Ravel idaztean haren Bolero famatua izan omen zuen buruan, ahaireak eraikitzeko moduak, motibo-errepikapenak, sinkopeak, in crescendo-a... Ravelen musika zehatz, preziosista, delikatua, xehetasunez josia "imitatu" nahi omen zuen hala.

Lasterkan, aldiz, estilo sinkopatu eta mekanikoa, erritmo hautsia, abiadura-aldaketa bat-batekoak, oinkada luzearen eta esprintaren txandakatzea...

Tximistaken kasuan ez da hain nabarmena, baina informazio-pilaketa, zerrendak, 3arekiko obsesioa... erraz lotu daitezke zientzialari baten barne-munduarekin. Baina ez dakit irakurlea zein neurritan jabetuko den horretaz, edo beharrezko ote duen ere eleberriaz gozatzeko.

AURRERA BEGIRA

Itzultzeari dagokionez, gustura itzuliko zenuke Echenozen beste lan bat trilogiatik at? edo bestela, zeri (autore/titulu/genero...) helduko zenioke orain gustura?

Bai, gustura: egile interesgarria da, nire frantsesa -eta bide batez euskara- hobetzen laguntzen du. Are gusturago bien bitarteko fikzio hauekin jarraitzen badu: literarioki ere oso emankorra da; nik sekula nobelarik idatziko banu (ez da mehatxua), horrelako zerbait izango litzateke (asmoz, behintzat).

Baina orain, Echenoz gain, Sergi Pāmies bolada ere badut: Limoi bat imintziorik gabe jaten baduzu ipuin bilduma euskaratu diot katalanetik, Txalapartak argitaratzear, eta baliteke haren beste zerbait ere egokitzea.

Gerardo, sormen propioko idazlea ere bazaitugu. Non dago orain Gerardo Markuleta idazlea, badu epe laburrera proiekturik?

Ez naiz sekula emari ugariko idazlea izan, poesian jardun dut gehienbat, eta poliki. Baina orain ez da horren txanda, eta ez dezagun ahaztu literatur itzulpenak baduela beti zatitxo bat sormenetik ere; areago gurean eta euskaraz, esango nuke.

Ez dizut ezkutatuko, hala ere, beti zerbait esku artean, poema-bilduma bat prestatzen ari naizela, presa barik: orain arteko bost liburuak hartu eta, hango poemekin eta beste zenbait berrirekin, berrantolaketa moduko bat, poesia osoaren eta antologiaren arteko zerbait. Baliteke azkenean Besteak beste hartzea izena.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)