Elkarrizketak

Hegats aldizkariaz, Alaine Agirrerekin solasean

Asteartea, 2016-11-29

Hegats aldizkariak garai berri bati ekin zion iaz: liburu itxura atzean utzi eta aldizkari euskarrira egokitua izan zen. Lander Garro aritu zen zuzendari lanetan, eta iaz egin zen ahaleginari esker hain zuzen, arnas berri bat hartu zuen Euskal Idazleen Elkarteak plazaratzen duen argitalpenak. Urtero lan-taldea aldatzeko apustua egin zuen EIEk, eta honakoan Alaine Agirrek jardun du zuzendari zein koordinatzaile lanetan.

Hegats aldizkariaz, Alaine Agirrerekin solasean

Hegats-en 54. zenbakia zuzentzea egokitu zaizu. Nolakoa izan da esperientzia?

Ba, berba bitan esateko, gogorra eta pozgarria. Gogorra, uste baino lan handiagoa izan delako. Hasieran 76 orri egitekoak ginen, eta denbora gutxiren faltan esan ziguten 100 orrikoa izan behar zuela; eta gero, ba, aurreikusi ezin daitezkeen hainbat gorabehera suertatzen dira. Baina hala eta guztiz pozgarria, profesional onekin egin dudalako behar, eta jendeak bere borondate onena ipini duelako azkenean aldizkari txukun, eder eta mamitsu bat egiteko.

Badira elkarrizketak, badira erreportajeak... Aldizkariari itxura emateko garaian, zeintzuk izan dira jarraitu dituzun irizpide nagusiak?

Aldizkari hau urtekaria da azken batean, urtean behin kaleratzen denez gero. Hortaz, urte horretan literatur munduak gure artean eman duenaren berri jaso gura izan dugu. Bestalde, helburua ez zen sormen lanak kaleratzea, eduki informatiboa eskaintzea baino. Premisa bi horiek kontuan hartuta, urteko nobedade gehienen berri eman dugu, urteko gertakari nagusiak bildu kronologia batean, eta urtean zehar esanguratsuak izan diren hainbat libururen egileei elkarrizketak egin. Dena garaiari lotua izan ez dadin, badira atenporalagoak diren erreportajeak ere.

Mamia bezain garrantzitsua izan ohi da azala, itxura. Lander Garrok iaz zuzendu zuen zenbakiarekin, garai berri bati ekin zion Hegats aldizkariak. Garrok abiatu zuen estiloaren bidetik al dator honako hau?

Bai, duda barik. Batetik, oso lan ederra egin zuelako Garrok iaz. Eta bestetik, Euskal Idazleen Elkarteak ere asmo horixe zuelako. Alderdi grafikoa zaindu eta azpimarratu gura izan dugu, baina iazko aldizkariaren kopiarik egin barik. Argazkiek pisu eta leku nabarmena dute aldizkari osoan, baina gehienak zuri-beltzezkoak izatea erabaki genuen. Zaloa Fuertes argazkilariaren lana azpimarratu beharko genuke, zinez ikusgarria izan da eta. Diseinuan, berriz, Sardina Grafikako Ion Sarasolak kutsu klasiko, garbi bat eman nahi izan dio, eta horrek ere nortasun berezi bat erantsi dio azken emaitzari.

Hainbat kolaboratzaile batu dituzu aldizkari honetan. Idazleak kazetari lanean ipiniz.

Felipe Juaristi, Itxaro Borda, Peru Magdalena, Gari Berasaluze, Garbiņe Ubeda, Igor Susaeta eta Xabier Mendiguren ibili dira artikuluak idazten, nitaz gain.

hegats2016

Horrelako "erredakzio batzorde" bat koordinatzea lan erraza izan al da?

Koordinazioa ez da zaila izan, denak egon direlako lanerako prest eta emandako irizpideak betetzeko borondate onez.

Hala ere, ez da beti erraza izan taldea osatzea. Batetik, lan gehiena udan egin behar izan dugulako, horrek dakartzan eragoezpenekin. Bestetik, Elkartearen ahalak mugatuak direlako, eta ordain xume horrekin proposamena egin genien hainbat lagunek ezetz esan ziguten.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)