Elkarrizketak

Itxaro Bordari elkarrizketa

Gu(haur) arrotz(ak) disko-liburuan hartu du parteOstirala, 2014-01-17

L´Orchestre Maigre taldearekin batera, Ogella Line disko-liburua osatu zuen duela urte batzuk Itxaro Bordak. Oraintsu lan berri bat eman dute argitara: Gu(haur) arrotz(ak) izenekoa. Testuak, honakoan, David de Souza eta Itxaro Bordarenak dira; eta musikak eta zaratak, L´Orchestre Maigre orkestrarenak. "Gure herrialdeak zeharkatzen dituzten migranteekiko elkartasuna erakustea xede genuen, azken urte hauetan Europako gaztelu zainduaren hondartzetan gertatzen diren itsuskeriak salatzeko modu bat bilatuz, olerkiaren eta musikaren bidez bereziki. Kultura bera arrotza da dirua nagusi duen jendarte batean. Hori ere azpimarratzeko gutizia genuen", halaxe aitortu digu Itxaro Bordak.

Itxaro Bordari elkarrizketa

Gu(haur) Arrotz(ak) hitz jokoak arrotz sentitzen denari egiten dio keinu. Gutasunean arrotz sentitzearen ikara islatzen du, baina haurtzarora ere eraman gaitzake.

Haurzarora eramaten gaitu bai eta dagoeneko deus ez dutenen biluztasunera, deus ez dutenak aipatzean erran nahi dut nortasunik ere ez. Gure herrialdeak zeharkatzen dituzten migranteekiko elkartasuna erakustea xede genuen, azken urte hauetan Europako gaztelu zainduaren hondartzetan gertatzen diren itsuskeriak salatzeko modu bat bilatuz, olerkiaren eta musikaren bidez bereziki. Kultura bera arrotza da dirua nagusi duen jendarte batean. Hori ere azpimarratzeko gutizia genuen.

David de Souza eta zu zarete hitzen egileak. Baina L´Orchestre Maigre taldeko musikariek ere garrantzia handia dute lan honetan. Eta badira argitalpenean partehartu duten kide gehiago ere. Talde lana izan da, beraz.

Bai musikari trebeak dira denak. Imaginatiboak eta poza nabaritzen zaie jotzen dutenean. Ez dira tristeak. Haien lema gertatzen dena gertatu, aitzina eta bozkariatu da beti. Piero Thibaud eta Olivier Cavallié alias Ka-korekin eskaini genuen Mylène Charrier eta biok 2008az geroztik han eta hemen Ogella Line. Guhaur... lanean biak azaltzen dira bai eta flautetan Marc Mouches eta pianoan besteak beste Niko Sajous. Honek une espektakular batean kitarra elektrikoa zuloak egiteko esku makina batez harrotzen du.

Lea Cornetti dantzari garaikidea halaber gurekin zegoen taula gainean Bordelen eta Angelun ikusgarria eskaini genuenean.

Castor Astral argitaletxeko edizio apailatzen izan ziren James Gelabert eta Libo. Akitania mailako harreman adiskidetsu baten lekuko dator lan hau ene ustez.

 

2009an, poema liburua plazaratu zenuen: Ogella Line (La Malle d´Aurore, 2009). Frantsesez eta euskaraz. Hau ere hala dator. Bi hizkuntzatan. Baina honakoan, hitzetan David de Souza ere ageri da. Ezagutzen ez dugunontzat, nor da David de Souza?

David de Souza Bordele inguruko poeta bat da, 42 urtekoa, poema liburu autoeditatuak, diskoz hornituak, irakurketa poetikoak eta eskoletan interbenzioak egiten ditu. Poeta zereginetan ari ez denean Entre Deux Mers eskualdeko mahastietan badabil lanean. Liburuan aurkitzen diren bere poema handiosen euskarazko itzulpena nik egin nuen. Idazlearen izpirituan sartu nintzen orduan.

 Ogella Line argitalpenarekin ere bestelako parekotasunik topatu dugu (Lagako hondartzari erreferentzia egiten dion poema aurkitu dugu lan honetan ere). Les Productions de l´Orchestre Maigre zigilupean plazaratu duzu. Eta orduan bezala, orain ere zuzenekoak eskaintzen dituzue. Nola egituratzen dituzue jendaurreko agerraldiak?

Diskoan agertzen dena dugu eskaintzen, baina unean uneko gertatu daitekeenari atea zabalik uzten diogu. Ogella Line proiektoa baino pisuagoa da, lau musikari daude, bi ahots gara eta dantzaria hor dabil bere ispiluaren aitzinean. Les Productions de l’Orchestre Maigre zigilua elkarte bat da, kolektibo erradikal bat, Landetan kokatzen da Moustey herrixkan, pinuen erdian, diru asko ez baina gaitzeko kemena duena. Haientzat deus ez da ezinezkoa eta iraupenean sinesten dute.

Eskaini dituzue emanaldi batzuk. Gehiago egiteko asmorik bai?

Bai, gu beti prest gara edonora abiatzeko. Bordele ondoko Rocher de Palmyren eman genuen lehen ikuskizuna, Messangesko jatetxe batean bigarrena, hurrengo biak Angelun Les arts de la parole ekaineko festibalaren karietara. Euskal Kultura Erakundearen eta Angeluko Hiriaren laguntza erdietsi genuen proiektoa aitzina eramateko eta beste hainbat erakunderena ere.  2014ean menturaz Dordogne aldera joango gara. Abentura hasi baizik ez da egiten.

No future outside: / Ahantzi dezatela / ene poesia / a-soziala/ gure amen izerdiak / ahantziak izan diren bezala / Amen. Outside poemak laburbiltzen du akaso lan osoa. Hala hori esatea gehiegitxo esatea al da?

Gehiegi da beharbada baina zure erranak badu funtsa, arrotzari edo hala senditzen denari kanpoa zaiolako debekatzen. Poema honetan gainera genero ariketa baten arroztasuna ere susmatzen da. Poema irakurtzen dudanean David de Souzaren ahotsak sakontasun arranguratsu eta beldurgarria gehiatzen dio.

Disko-liburua eskuratzeko edo emanaldiak lotzeko, hauxe harremanetarako posta helbidea: catherineluro@gmail.com

Kontaktoa: 0033632751983 Catherine Luro.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)