Elkarrizketak

Leire Bilbaori elkarrizketa

Gerrak ez du izenik, helduen begiekin irakurri daitekeen album ilustratuaOstirala, 2013-11-08

Leire Bilbao idazlea eta Maite Mutuberria ilustratzailea dira Gerrak ez du izenik (Pamiela) album ilustratuaren egileak. 1937ko martxoa da Durangon. Mirentxu aspaldian isilik dabil. Ez du hitz bakar bat ere egin, amama hil eta egun berean aita frontera joan zitzaionetik. Honela abiatzen da albuma. Haur zein gaztetxoei zuzenduta dagoen argitalpen hau ordea, helduen begiekin irakurri daiteke. Kutsu poetiko nabarmena du, gainera. Leire Bilbaoren hitzek, eta baita Maite Mutuberria ilustratzailearen irudiek ere. "Albumek behar dute ahalik eta hitz gutxienekin ahalik eta gehien espresatu. Hitzei indarra emateko ilustrazioak baitaude.  Eta horretan poesiak laguntzen du", aitortu digu Leire Bilbaok. Lan honetan erreparatu nahi izan dugu, baina berriki beste liburu bat ere plazaratu du poeta bizkaitarrak: Euli bat dut bihotzean (Elkar, Xaguxar bilduma), Maite Gurrutxaga ilustratzailearekin batera.

Leire Bilbaori elkarrizketa

Gerrak ez du izenik plazaratu berri du Pamielak. Etxepare saria bera irabaztea bezain pozgarria izango zen album hau lehen aldiz esku artean hartzea, ezta?

Etxepare sariak hori du eder, bakarra dela album ilustratuen arloan. Eta haur literatura idazten dugunontzat, album bat plazaratzea beti da kutixia moduko bat. Albumak oso indartsuak dira estetikoki, 20x21cm tamainakoa, tapa gogorrarekin...

Liburu guztietan gertatzen den bezala, buruan ideia bat duzu, ideia hori garatzen zoaz... baina albumen kasuan, pisu gehiago du ilustrazioak. Askoz gehiago luzitzen duelako, beste formatoetan baino. Zentzu horretan, norberak idatzi duen hori marrazturik eta halako formato txukun batean ikustea, ba ederra da.

Album ilustratuen arloan, zure lehen esperientzia izan da hauxe ala bazenuen aurretik antzeko lanik argitara emana?

Mensajero/Mezularirekin editore lanetan zebilen Marieli Ituarterekin egin nuen “Garazi gerezi” liburua. Dimentsio txikiagoa du baina hura izan zen nire lehen albuma.  Gazteleraz ere atera zen.

1937ko martxoa da Durangon. Mirentxu aspaldian isilik dabil. Ez du hitz bakar bat ere egin, amama hil eta egun berean aita frontera joan zitzaionetik. Gerra giroan kokatuta dago beraz.

Izenburuan dago presente gerra, eta badirudi gerraz hitz egin behar duela albumak, baina gerra paisaia baino ez da lan honetan.

Edukiari dagokionez, hainbat gai aipa daitezke. Hari bat inkomunikazioarena da. Mirentxu protagonista isilik dabil. Ez du ahorik izango azken ilustrazioetara arte.

Gatazkei nola aurre egiten dieten umeek. Hori izan daiteke beste hari bat. Egoera bortitz bati, nola egiten zaion aurre. Gerrako paisaia iluna, tristea, gordina izanik ere, beti dago itxaropenari leiho bat zabalik. Tristuraren eta samintasunaren erdian, barne mundu alai eta aberatsa dauka Mirentxuk. Ume izaten jarraitzen du.

Lan honek gehiago duela bake aldarritik. Izenburutik hasita.

“Izena duenak izana du” dio esaerak eta izenburutik hasita joko hori egin nahi izan dut. Izendatu arte umea ez da jabetzen gerran dagoenik, edo ez du ahoskatu nahi gerran dagoenik. Horregatik ez du izendatzen ezer eta mutu dago.

Bi poema liburu dituzu argitara emanak. Eta album honek ere badu kutsu poetiko bat. Zurekin datorren zerbait al da?

Haur literaturarako idatzi izan dudanean, tono poetikoa alde batera utzi eta estilo arin eta dibertigarri batean idazten saiatu izan naiz ia beti. Baina album honekin banuen estilo poetikoa lantzeko gogoa. Metafora bidez Mirentxuren barne mundua azaldu nahi nuen, metafora bidez nola sentitzen den islatu. Zentzu horretan, arrazoi duzu, tono poetiko batean dago idatzia. Hala ere, albumek behar dute ahalik eta hitz gutxienekin ahalik eta gehien espresatu. Hitzei indarra emateko ilustrazioak baitaude.  Eta horretan poesiak laguntzen du.

Maite Mutuberria ilustratzailearekin osatu duzu lana, hain zuzen.

Egia esan, ideia nik bota nion Maiteri. Testu definitiboa idatzi aurretik egin nion proposamena. Etxepare sarira elkarrekin aurkeztera animatu zenean, buruan ikusten nuen guztia idatziz jartzen nion. “Ikusten duzun hori ez dugu idatziko, eta ni saiatuko naiz neure eran ilustratzen”, erantzuten zidan Maitek. Beraz, kentzearen kentzearen lan bat izan da hau.

Aurretik elkarrekin lan egindakoak al zineten?

Ez, lehen aldia izan da. “Hizkuntzaren keinuan” liburuan ilustrazio bat egin zuen eta gustatu egin zitzaidan. Lagun baten bitartez ere bere blogaren berri izan nuen sasoi hartan. Egia esateko, oso pozik aritu naiz berarekin elkarlanean.

Gerra, liburuaren paisaia baino ez

Ez du erraza izan behar idatzitako hori, irudikatutako hori, irudietan islatua ikustea. Zentzu horretan, Maiteren lanak hasieratik asebete zintuen?

Haur literaturan hau izango dut hamaikagarren lana eta aurreko lanetan ez dut hainbesteko elkarlanik izan ilustratzaile batekin. Maitek bozetoak egin ahala bidali egiten zizkidan, eta horrela joan ginen Gerrak ez du izenik (Pamiela) albuma fintzen. Beti pentsatu izan dut ilustratzaileak bere bidea egin behar duela, bere estiloa markatu eta bere nortasuna mantendu. Eta idazleak libre utzi behar diola ilustratzaileari bere lana egiten. Elkarlan handia egon da bion artean, email eta telefono dei dexente tarteko, eta oso pozik gaude emaitzarekin.

Irudi errealak eta irudi marraztuak uztartu dituzue lan honetan.

Honela hasten da liburua: 1937ko martxoa da Durangon. Hasieratik kokatzen genuen data eta tokia. Hartara, irudi errealak tartekatzeko ideia burutatu zitzaigun, gerra liburuaren paisaia bihurtzeko asmoz. Gerediaga elkartera jo genuen, bonbardaketako hainbat argazki dituztelako bertan. Eta eskertu egin nahi diet, hautatutako irudi batzuk erabiltzeko aukera eman zigutelako. Argazki horiekin collage modukoak egin ditu Maite Mutuberriak. Itsasontziarena ez ezik, beste guztiak Durango aldeko irudiak dira.

Aitziber Alonso, Yolanda Arrieta eta Mikel Valverdek osatutako epaimahaiak zuen lana hobestu zuen, beste 31 lanen artean. Horrek konfidantza handia emango du, ezta? Egiten ari zaren horretan segitzeko, besterik ez bada.

Horrelako sarietan ilustrazioak pisu gehiago du testuak baino. Nire meritu bakarra Maite animatzea izan da. Lana, bisualki, Maiterena da. Nik gaia ipini diot, ideia eman, baina kasu honetan ilustrazioak hitzak baino indar handiagoa duela esango nuke.

Uste dut horrelako lehiaketak beharrezkoak direla, ilustratzaile berriak ezagutzera eman daitezen; are gehiago, albumak burutzeko orduan. Eta garai zail hauetan, are garrantzitsuago ezta?

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)