Elkarrizketak

Maddi Zubeldia: "Irakurleen gustukoa izan dela ohartzeak poz handia eragiten dit"

Ostirala, 2018-03-23

Deserria haurtzaro (Elkar) eleberriari esker 111 Akademia Sariaren finalera iritsi da. Maddi Zubeldia Arozena ziburutar idazleak lehen nobela du hauxe eta "lehen asmoa aspalditik barnean neraman korapilo minbera askatzea izan dut", email bidezko elkarrizketa honetan aitortu digunez. "Eta deserriaren gaia tratatzea ere interesgarri iruditu zait". Liburuaren azalak argi iradokitzen duen bezala, haur baten ikuspegitik landu du deserriaren ingurukoa.

Maddi Zubeldia: "Irakurleen gustukoa izan dela ohartzeak poz handia eragiten dit"

Deserria haurtzaro (Elkar) nobela iaz plazaratu zuen, baina idazteko joera askoz lehenagotik datorkio. EKE-ren Sormena lehiaketako olerki sailean bi aldiz saritua izan da, adibidez. Kantagintzan ere badu bide bat egina. H-Eden taldearekin bi disko plazaratu ditu: Hamaika aztarna (2013) eta Intimitartean (2015). 111 Akademia Sariaz, lehen eleberriaz eta bestelako sormen lanez ondoko adierazpenak egin dizkigu.

Uxue Alberdiren Jenisjoplin (Susa) eta zure sinadura daraman Deserria Haurtzaro (Elkar) izan dira 2017ko 111 Akademia Sariaren finalera iritsi diren nobelak. Espero al zenuen halakorik?

Egia errateko, jadanik bigarren txandan bost liburuen artean nirea ikustean sorpresa hartu nuen; beraz finalean egotea harrigarriago gertatu zait oraino! Ez nuen konpainia hobeagorik amesten ahal.

Ezuste ederra izan da alabaina. Irakurleen gustukoa izan dela ohartzeak poz handia eragiten dit, nola ez… Ez dakit toki hori merezi duen nire eleberriak, baina izugarri estimatzen dut egiten didaten oparia.

Zure lehen nobela izan da hau. Orain urtebete eman zenuen liburua argitara. Pozik zaude liburuak izan duen ibilbidearekin?

Halaber, emozionatu egiten naiz pertsona bat liburua irakurtzeko erabakia hartzen irudikatzen dudanean, hain garesti dugun denboratik inork horretarako tartea hartzen duela pentsatzen dudanean eskerdun sentitzen naiz.

Eta inoiz edo behin irakurle talde batek gonbita luzatzen didanean, ogi bihi metaren gaineko txoriaren gisan bizi dut, zuzenean eskerrak emateko aukera izaki.

Deserria haurtzaro nobelarekin agertu zara euskal letren plazan. Zer kontatu nahi izan duzu nobela honen bitartez?

Eleberri honen bidez, lehen asmoa aspalditik barnean neraman korapilo minbera askatzea izan dut, eta ondoren deserriaren gaia tratatzea interesgarri iruditu zait, haur baten ikuspegitik harturik.

"Kostunbrismo ukitua badu momentuka"

Elkar argitaletxearen prentsa-oharrak zioen "irria negarrarekin nahastea lortzen duen nobela" dela. Historia eta fantasia dosiak ere badituela. Estilistikoki nola definituko zenuke?

Deserria haurtzaro ez da komedia, ezta nobela historikoa ere. Ez da fantasiazko literaturan sailkatzekoa ere. Zer ez den zehaztea zer den argitzea baino errazagoa dela ohartzen naiz! Saiatuko naiz azaltzen halere. Narrazio hau bi zatitan banatua da. Lehen zatian gipuzkoar familia baten eguneroko penak eta pozak agertzen dira. Landesetako herri txiki batera 1967an etorkin gisa joandako Ana neskatilak egoerari nola egiten dion aurre kontatzen dut. Parte hori autobiografikoa da.

Fantasia heldu da haurraren barne munduan sartzeko gisan, eta haurrak bizi dituen ‘amets-bidaiak’ izanen dira bigarren partearekin zubi eginen dutena.

Bigarren zatian, historiarekin eginen du topo irakurleak, Francoren garaian gertaturiko haur lapurtuen gaia sartzen baita, kontakizuna bukaeraraino eramanik, 2012ra.

Estilistikoki definitzeko, lotua, logikoa da nire ustez. Hirugarren pertsonan idatzia da eta kostunbrismo ukitua ere badu momentuka.

Idazten jarraitzen al duzu? Beste egitasmoren bat ba al duzu eskuartean?

Idazten beti ari naiz eta badut bai hortxe nobela berri baten mentura, ontzen ari.

Euskal Kultur Erakundearen Sormena lehiaketako olerki sailean, bitan izan zara saritua. Poemez osaturiko liburua izango da plazaratuko duzun hurrena?

Nork daki? Halako lanari lotzeko gogoa banuke bai noizbait, baina ez da baitezpada berehalako asmoa.

"Kantugintza ere bada idaztea"

Kantugintzan ere bazabiltza. H-Eden taldearekin bi disko egin dituzu. Zein sormen esparruan zaude erosoen, kantuan ala idazten?

Kantugintza ere bada idaztea. Hori bai, formatuaren aldetik, ohitura handiagoa dut eta “sintetikoago” idazteko joera dudanez, aiseago ari naiz.

Baina idaztea beharrezkoa izan dut beti, eta Deserria haurtzaro (Elkar) eleberria bukatzea sekulako erronka izan da niretzat. Momentu lapurtuetan idazten aritu naiz, lanak eta familiak libre uzten zizkidan unetxoak baliatuz. Luzea izan da idazketa prozesua. Nobela erdia idatzia nuenean, galdu egin nuelako artxiboa (gako batean neukan eta... izorratu egin zitzaidan). Ondorioz, etsitua egon nintzen hainbat hilabetez, eta azkenean berriz hastea erabaki nuen. Bukatu dudanetik, garaipen moduko bat bizi dut. Ni ez naiz oso mendizalea, baina hau nire lau milakoa dela erraten ahal dut. Beraz argitaratua izanen zela jakitean, pentsa dezakezu zer nolako poza hartu dudan.

Martxoaren 27an, Segurako Irakurle Taldean

Martxoaren 27an asteartea, Segurako irakurle taldean arituko da solasean. Arratsaldeko 18:30ean hasiko da mintzaldia. Deserria haurtzaro  111 Akademia Sariaren finalera iritsi den nobela izango dute aipagai.

Argazkia: Aurore Lucas.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)