Elkarrizketak

“Mari Xor ipuinak krak egin zidan barruan”

Ostirala, 2018-11-02

Denonartean argitaletxeak Yolanda Arrietaren hiru liburu plazaratu berri ditu: Klasikoak gaur, Mari Xor saiakera lana, ipuin berean oinarrituriko Mari Xor albuma (Aitziber Alonso ilustratzailearekin batera osatua) eta Bizenta Txiki haurrentzako ipuina. Ez ditu denak orain idatzi. Baina hala tokatu da.

“Mari Xor ipuinak krak egin zidan barruan”

Argitaletxearen martxa bat izaten da. Sortzailearena ordea, beste bat. Eta Yolanda Arrietak dagoeneko beste proiektu batzuetan du burua. Gazteentzako nobela bat amaitzen ari da egunotan. Gauzak ondo, datorren udaberrian plazaratuko du. Horretaz gain, helduentzako tailerrak eskaintzen ditu eta eskolarik eskola dabil. Lanpetu samar topatu dugu.

 

Bernardo Atxagaren eskutik deskubritu zenuen Mari Xor. 1985eko uztailean, udako ikastaro batean.

Hala da. Beraz, nola ez da izango berezia niretzat? Iruñeko ikastaro hartara joan nintzenean 22 urte nituen. Bakarrik joan nintzen gainera, bakarrik joateko gogoa nuelako. Ordurako idaztea nuen buruan. Hitzaldi hartan, ahozko kondaira askoren berri eman zigun Atxagak.

 

Orduantxe ari zen Obabakoak idazten, ezta?

Hala da. Eta horretan ari zela, Iruñera hurbildu zen hitzaldia ematera. Mari Xorren ipuina kontatu zuenean ni liluratuta geratu nintzen. Bete-betean harrapatu ninduen. Hitzaldiaren amaieran, kristoren lotsa ematen zidan berarengana joateak. Baina hurbildu nintzen azkenean, eta liburua agortuta zegoela esan zidan. Dena den, berak bazituela lauzpabost ale eta postaz bidaliko zidala bat.

 

Esan eta egin?

Handik hamar bat egunera edo, paketetxo bat jaso nuen etxean. Gordeta ditut liburua eta idatzi zidan gutuna. Orain, 33 urteren ondoren, Mari Xorren inguruan osatu dudan saiakera bidali diot bueltan.

 

Beraz, 1985etik hona bidelagun izan duzu Mari Xor.

Ipuinak krak egin zidan barruan. Neska ausarta bat topatu nuen, aitari kontra egiten. Ni neu ere garai hartan aldaketa betean nengoelako ziurrenik. Gurasoen etxetik alde egin eta norberaren bizitza egiteko zubi-lan horretan.

Geroago, baliogarri izan zitzaidan antzerkia ikastera joan nintzenean. Baita antropologia ikasten hasi nintzenean ere. Mari Luz Estebanekin batera ipuinean ageri diren rolak eta harremanak landu nituen, eta Joxe Martin Apalategi zenarekin ipuinaren egitura soziala aztertu nuen. Material horrekin guztiarekin, Gatzaren atzetik Mari Xor liburua autoeditatu nuen 2005. urtean, Emakunderen laguntzarekin.

Kontatu ere, askotan kontatu dut Mari Xorren ipuina.

“Mari Xor ipuina gaurko gaiekin lotzen saiatu naiz”

Gatzaren atzetik, Mari-Xor izeneko liburua plazaratu zenuen 2005ean. 13 urte geroago, Klasikoak gaur: Mari Xor. Zertan bereizten dira bi liburuak?

Eskolan egindako azterketak batu nituen Gatzaren atzetik Mari Xor liburuan. Txukundu, besterik gabe. Hura hartu eta garatu egin dut orain. Saiakera berrian, ipuina gaurko gaiekin lotzen ahalegindu naiz. Zertarako? Albumaren bitartez, gaur egungo gazteengana klasiko bat ekartzeko xedez.

Baina zergatik merezi du klasiko hau gordetzeak? Ba gazteekin lantzeko moduko gaiak, irudiak eta rolak topatu nituelako ipuinaren muinean. Horiek gaur egunera ekartzen saiatu naiz.

 

Mari Xorrek aitari aurre egiten dio esanez aita garrantzitsua dela baina bizi daitekeela mundu honetan aitarik gabe. Gatzarik gabe ordea, ez. Eta aitak etxetik botako du Mari Xor.

Gatzaren metafora ere garrantzitsua iruditzen zait. Baina metafora hobeto ulertzeko, gatzaren garrantzia esplikatu behar da. Sasoi hartan, gatza behar beharrezkoa zen jana gordetzeko. Gatza, beraz, ekonomia zen. Gatzaren ardura hartzea ere bazen ezkontzeko prest egotea. Ipuina iniziazio-bidaia bat da eta horri ere heldu nahi nion.

 

Iniziazio-bidaia bat dela diozu. Gaztarotik helduarora?

Bidaia horretan pertsonaiak ditugu batetik, euren zereginekin. Eta norbanakoak, bestetik. Mari Xor gazteak zer nahi duen aztertu dut. Bilaketa horretan zerekin egiten duen topo, zer gainditu behar duen, nork jartzen dizkion oztopoak, nork laguntzen dion, zer ikasten duen bidean, nola...

Bestalde, garapen narratibo hori, iniziazioarena, asko erabiltzen da gaur egun gidoigintzan, literatura fantastikoan edota zineman. Hori ere azaleratu nahi nuen saiakera liburuaren bitartez.

“Errauskinerekin antzekotasun handiak ditu”

Mari Xor ipuinak hari asko ditu eta gaur-gaurkoak dira horietako asko.

Ez naiz hori pentsatzen duen bakarra orduan? Ipuina aspaldikoa izanik ere, gauza asko gaur egun planteatu eta proposatu daitezke: elkarren premia, norberaren burua ezagutzeko premia... Eta bide horretan gertatzen diren gauzak.

 

Gaurko nerabeekin, gaurko gaiak jorratzeko orduan, oso baliogarri izan daiteke. Tailerrak eskainiko al dituzu?

Horretan hasteko asmoa dut. Lekeitioko institutuan saio bat dut lotuta. Erandion ere aterako da. Asmoa da ipuina kontatzea eta ipuinean agertzen diren hainbat kontu aztertzea.

 

Munduan ezagunak diren beste maitagarri-ipuin batzuen antza duela diozu saiakeran.

Mari Xor ipuin klasikoa da baina maitagarri-ipuinaren ezaugarriak ditu. Zenizientaren edo Errauskineren ipuinarekin antzekotasun handiak ditu, adibidez. Batean printzea dena, bestean maiorazgoa da. Sinbologian ere, parekotasun handiak daude. Batean usoa dena, bestean ahatea da. Eraztuna adibidez, bietan agertzen da. Urritza ere bietan aipatzen da. Elementu asko errepikatu egiten dira. Era berean, munduko beste ipuin batzuekin ere bat dator. Horrek mito bat hausten du. Iraganean ere, jendea batetik bestera mugitzen zela esan nahi du. Beste abiadura batean mugituko ziren ziurrenik, baina pertsonak bezala ipuinak ere joan-etorrian zebiltzan, mugimenduan.

 

Ipuina ahoz transmititu zen belaunaldiz belaunaldi eta gero idatziz jaso zen. Inork ez daki noiz sortu zen Mari-Xor, ezta?

Joxe Arratibelek idatzi zuen lehen aldiz. Antropologia ikasten aritu nintzenean berarekin egon nintzen. 70eko hamarkadan atxilotu egin zituzten bera eta komentuko beste kide batzuk. Francoren garaia zen. Bera hain estututa geratu zen, txikitan Ataunen entzun zituen ipuin guztiak idazten hasi zela. Beldurra uxatzeko, nonbait. Kontu zaharrak liburuan batu zituen Urrezko orrazia edota Mari Xor. Koadernoa ikusia dut, originala, dena jarraian idatzia. Berarentzat terapia modukoa izan zen. Hiru egunetan idatzi zituen ordura arte berak ahoz entzunak zituen ipuin guztiak. Tentsio-egoera horretan.

MariXor

Mari Xor albuma, ipuina iruditan

Geure herentziatik sorturiko maitagarri-ipuina dela dio Mari Xor albumaren kontrazalak.

Maiz ahoa betetzen zaigu denoi, “klasikoak berreskuratu behar ditugu” esanez. Ados, baina nola? Gure gazteentzat, gu jaio ginen urtea da iragana. Sinboloak aldatu egin dira, kultura... Dena aldatu da. Klasikoak berreskuratu behar dira klasiko horrek zerbaitengatik merezi badu. Mari Xor garai jakin batean kokatu dugu, baina ‘urbanita’ baten gisa ere irudikatu zitekeen.

 

Argiaren alaba-n, adibidez, antzeko ariketa egin zenuen. Bizenta Mogel zena gaur egunera ekarri zenuen.

Hala da. Kasu honetan, nerabeentzako baino umeentzako dela esango nuke. Opari liburu bat da eta ez du adinik. Hasiberri batek irakurri dezake, testu asko ez duelako. Nerabe batek ere bai, labur dagoelako eta irudietan ere gauza asko agertzen direlako.

BizentaTxiki

‘Bizenta Txiki’, haurrentzako ipuina

Bizenta Txiki Enkargu bat izan dela diozu.

Ezagutzen dugun lehen euskal emakume idazlea da Bizenta Mogel. Hori jakin egin behar dute umeek. Eta hura ere umea izan zen. Jakinmina zuela eta osabari esan ziola behin, “eh, nik ere latina ikasi nahi dut, nire nebek bezalaxe”.

 

Sasoi hartan ez zen errazago izango.

Sasoi hartako Markinan, ba esango didazu. Emakumeak ez ziren eskolara joaten. Denonartean argitaletxekoen ideia izan zen. Erdaraz bada ‘Pequeña&Grande’ izeneko bilduma bat, jende askoren biografia modukoak eta album formatuan, lehen irakurleentzat idatziak. Frida Kahlorena erakutsi zidan eta Bizenta Mogelekin antzekoa egin behar genuela aipatu zidan. “Nobela egina dago helduentzako (Amaren alaba) baina umeek ere bere berri izan behar dute”. Eta horretan hasi ginen duela bizpahiru urte. Luzatu egin da prozesua eta orain plazaratu dugu. Biografia txiki bat da, azken batean.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)