Elkarrizketak

Xabier Payári elkarrizketa

Calderón de la Barcaren La vida es sueño ekarri du euskararaOstirala, 2013-07-05

"Ezin nion ihes egiten utzi Calderóni", aitortu digu Xabier Payák. "Hirutan aurkeztu naiz Literatura Unibertsaleko lehiaketara, eta hiru aldietan oso ondo ezagutzen nituen antzerki-lanen itzulpenak proposatu ditut (bitan bale, batean kale). Obra horiek gustura itzuliko nituzkeen bestela ere, baina esan dezagun Literatura Unibertsalak 'planetak lerrokatzeko' aukera eman didala". Alegia, lortu duela miresten duen antzezlana itzultzea. Ausardia baino gehiago behar da, ordea, La vida es sueño liburuaren itzulpenari ekiteko. "Ez dakit Bizitza amets (Literatura Unibertsala, 2013) zer sakoneratako ozeanoa den, baina argi dago sekula ez diodala horrelako lan bati heldu lehenago". Behin itzulita, taula gainean ikustearekin amesten du. "Iban Garate eta Ramon Agirreren arteko nahasketa perfektua izan liteke, baina fusio hori posible ez denez, asko dira burutik pasatu zaizkidan aktoreak".

Xabier Payári elkarrizketa

Behin hitza eman ondoren, ezin atzera egin. “Nola arraio otu zitzaidan La vida es sueño liburua itzultzea?”. Esaiguzu, zenbatetan pasa zaizu galdera hori burutik?

Hori da Literatura Unibertsaleko esleipenak duen mamua. Gogoan dut Itzulpengintza eta Interpretazioko karreraren azken urtean, Bego Montoriok gaztigatu zigula kontuz ibiltzeko, esleipenerako hamar orrialdeko laginetik liburu osora aldea ederra zela. Urte berean Tennessee Williams-en A Streetcar Named Desire aurkeztu nuen lehiaketara eta ondo baino hobeto probatu nuen Begoren gaztigua. Bizitza amets-en kasuan, berriz, ez nuke esango lehen aldiko bertigorik edo nekerik sentitu dudanik: niretzat erronka handiagoa zen epaimahaiak nire itzulpena onartzea obra osoa itzultzea baino.

Bestalde, zure galderari zehazki erreparatuta, ezin nion ihes egiten utzi Calderóni. Ni hirutan aurkeztu naiz Literatura Unibertsaleko lehiaketara, eta hiru aldietan oso ondo ezagutzen nituen antzerki-lanen itzulpenak proposatu ditut (bitan bale, batean kale). Obra horiek gustura itzuliko nituzkeen bestela ere, baina esan dezagun Literatura Unibertsalak “planetak lerrokatzeko” aukera eman didala.

Ausardia, burua estutzeko gogoa eta denbora. Hori baino gehiago beharko zenuen. Ur handiagotan ibili al zara aurretik?

Ez dakit Bizitza amets zer sakoneratako ozeanoa den, baina argi dago sekula ez diodala horrelako lan bati heldu lehenago. Hala ere, esango nuke hiru esperientzia oso lagungarri izan zaizkidala neurtitzetan emandako antzerki-lan barroko bat itzultzeko desafioari gogoz ekiteko: Lehenik eta behin, onartu behar dut bertsogintza ezagutzea baliagarri izan zaidala; neurtitzetan sortzeko prozesuek antzekotasun handiak dituzte euskaraz eta gaztelaniaz. Bigarrenik, bertsoak itzultzen eskarmentu pittin bat badut honezkero, eta esan nahi den horren eta esan ahal denaren arteko mugak ez zaizkit arrotzak. Azkenik, gure amak Arte Dramatikoa ikasi zuen eta haren ahotik ezagutu ditugu etxean antzerkiaren zoko-mikoak eta lan esanguratsuenak. Hiru urrats horiek gabe seguru nago Bizitza amets itzuli aurreko gogoeta zeharo ezberdina egin izango nukeela.

Baten batek pentsa dezake: bertsolaria izanik, ez zuen lan zaila izango Xabier Payák. Hori dioenak akaso ez du jakingo sei neurritara egina dagoela Calderón de la Barcaren antzezlana.

Hori pentsatzen duenak eska diezaiola Segismundoren bakarrizketetako bat itzultzeko bertsolari bati eta alderatu ditzala emaitzak! Bromak alde batera utzita, neurriei begira, apenas zerikusirik duten Bizitza Amets-en ageri diren olerki-moldeak eta egungo bertsolaritzarenak. Décima izango da lotura bakarra: Hego Ameriketako inprobisatzaileen tradiziotik edanda, errima-molde anitzeko hamarrekoa ezaguna da bertsolarion artean ere. Gainerakoan, erromantzeak eta redondillak koplaren tankera izan dezakete, baina berezitasun teknikoak dituzte, eta silva, octava real-a eta quintilla baliokiderik gabeko neurriak dira.

Bertsozaleek badakite neurri bakoitzak ezaugarri jakin batzuk dituela: zortziko txikia dialektikoagoa da besteak baino, bakarkako luzeek narrazioa errazten dute, errima ugariko moldeek elipsia… Bada, antzerki barrokoan ere neurri bakoitzak gai, egoera edo baldintza jakin batzuk ditu eta horri eustea ezinbestekoa iruditu zitzaidan.

Bizitza amets klasikoen artean den obra da, belaunaldiz belaunaldi betikotu diren esaldi batzuk jasotzen ditu bere baitan. Zein neurritaraino da zama hau guztia, zein neurritaraino erronka?

Bizitza amets itzultzearen erronkak zenbat tona dituen ez da erraza esaten, baina zamaren parte handi bat obraren arrakastan datza, jakina. Askok itzulpena egitea bera zalantzan jartzen badute, pentsa zer begirekin helduko dioten euskarazko bertsioari! Gainera, adin batetik gorako gizaki hilkor orok inoiz entzun izan du obraren pasarte hau: “¿Qué es la vida? Un frenesí. / ¿Qué es la vida? Una ilusión, / una sombra, una ficción, / y el mayor bien es pequeño: / que toda la vida es sueño, / y los sueños, sueños son.” Itzulpena bukatu gabe nuela behin baino gehiagotan galdetu zidaten ea nola eman behar nituen bertso-lerro horiek; horra zama edo presioaren seinale bat.

Edozein kasutan, testuan sartu gabe ere, La vida es sueño munduko literaturaren lan esanguratsuenetako bat da; inoiz entzun izan dut Calderónek ingelesez idatzi izan balu Shakespeare-en ospea izango zukeela.

Obra bera itzultzea bezain garrantzitsua izango zen itzultzailearen papera, metodologia, funtzioa... finkatzea. Zentzu horretan, Valentín García Yebraren aipu hau izan da akaso akuilurik onena?  “Prosazko itzulpen on bat bertsotan egindako itzulpen txar bat baino hobea da; baina bertsotan egindako itzulpen on bat prosazko itzulpen on bat baino hobea da”.

Lehenago esan dudan bezala, neuk argi samar nituen La vida es sueño itzultzeko erabili nahi nituen irizpideak; beste kontu bat zen irizpide horien araberako itzulpena begi onez ikustea Literatura Unibertsaleko epaimahaiak. Hortaz, lanaren esleipena bihurtu nuen irizpideokin zuzen edo oker nenbilen ikusteko proba, eta berebiziko pozez jaso nituen epaimahaiaren baiezkoa eta epaimahaikideen zorion eskaintza.

Irizpideak finkatzeari dagokionez, norberaren eskarmentuaren arabera hartutako erabakietan oinarritzen dira nagusiki. Hala ere, liburuaren aitzinsolasean diodan bezala, Juan Gartziaren eta Juan Martin Elexpururen itzulpenak argibide eta irizpide-iturri bikainak izan dira niretzat, eta Elexpururen lanetik hartua da García Yebraren aipu hori. Hitzok desafioari gogoz heltzeko akuilu izan litezke, jakina, baina makalaldietan mehatxu izatera irits daitezke ere!

"Beti miretsi izan dut bere unibertsaltasuna"

“Itzultzailearen zeregina testuak itzultzea da baina baita emozioak itzultzea ere”. Zure hitzak dira hauek. Kasu honetan, neurrira egin behar. Zein izan da zalantza gehien eragin dizun arloa, emozioak euskaraz islatzea ala neurrira itzuli behar izatea?

Ez dago bat egitea bestea gabe, hau da, zertarako neurrira itzuli emoziorik transmititu gabe, edo zertarako itzuli emozioak jatorrizko autorearena ez den molde batean emateko? Badakit bigarren hori ez dela hain ezinezkoa askorentzat (La vida es sueñoren frantsesezko itzulpenak hitz lauz eginak dira), baina niretzat maila berean daude.

Azken batean, imajinatu La vida es sueño itzultzea Tetris bideojoko zaharraren gisakoa dela; pieza bakoitza ondo enkajatu behar duzu, bakoitzak bere tokia izan dezan eta jokoak arrakasta izateko. Zorionez, itzulpenean nahi beste denbora daukazu pieza bakoitzari behar adina buelta emateko!!

Bestalde, emozioen itzulpenari buruz nabilenean, agerraldi, pasarte edo olerki bakoitzak transmititu nahi duena aditzera emateaz ari naiz. Olerki askok azken lerroetan dute mezuaren muina, baina aurreko olerki bati erantzuten diote erdikoetan eta hasierakoak arreta deitzeko figurez hornituta dauzkate; baina horren guztiaren gainetik, olerki horiek bere ingurukoekin batera helarazi nahi dituzten emozioak daude, eta jatorrizko irakurleak sentitzen dituen sentsazio eta gorabehera berdinak izan behar ditu itzulpenaren hartzaileak ere.

Tragikomedia honen mamia gogora ekartzea ez legoke sobera. 1635. urteko antzezlan honen neurri-estilo-forma kontuez haratago, zer nabarmenduko zenuke? Zerk gatibatu zaitu gehien?

Gure etxean ezagunak dira obra honen bi pasarte: Segismundoren lehenbiziko bakarrizketa (Apurar, cielos, pretendo…) eta bizitzari buruzkoa (…que toda la vida es sueño y los sueños sueños son). Bide batez, bertso-lerro horrek ematen dio izena antzerki-lanari; hortik euskaraz Bizitza amets izendatzea (…oro da bizitza amets eta ametsak amets dira).

Obra ez da berria niretzat, beraz, eta beti miretsi izan dut bere unibertsaltasuna. Finean, antzezlanak gizabanakoen patuaren eta askatasunaren arteko talka du langai, Barrokoko beste hainbat lanen ildoari jarraiki: ameslariak zer amets egiten duen ez dakien bezalaxe, gizakiak ez du bere bizitza erabakitzen, baina Segismundo protagonistak aurre egingo dio patuari. Pertsonaiak pasioak eta sentimenduak dituzten gizakiak ez ezik, badira izaera unibertsaleko balioen eta ideien sinboloak ere: astroen iragarpenak ikaratuta semea giltzaperatzen duen erregea; bizi duena ametsa edo errealitatea den ez dakien printzea; gizonez mozorrotutako emakumea; zerbitzari barregarria…

Nik uste dut obra irakurtzen edo ikusten duen orok topa dezakeela bere burua eszenetan. Azken batean, denok egin behar diogu aurre patuari; hori ez da aldatu azken laurehun urteetan, eta ez da aldatuko hurrengo laurehunetan ere.

Xabier Payá, Jokin Azkue Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, Xabier Olarra Alberdania Erein eta Igela argitaletxeen ordezkaria eta Bego Montorio itzultzailea, liburua aurkeztu zen egunean.

"Egokitzapen pixka bat beharko luke taularatzeko"

Urte hasieran, Bilbon izan zen Blanca Portillo aktorea, ‘La vida es sueño’ eskaintzen. Zure itzulpenari esker, euskaraz ere taularatu daiteke orain. Aktore edota hautagai egokirik bururatzen al zaizu?  

Iban Garate eta Ramon Agirreren arteko nahasketa perfektua izan liteke, baina fusio hori posible ez denez, asko dira burutik pasatu zaizkidan aktoreak. Edonola ere, ezerk ez lidake poz handiagorik emango, Bizitza amets taula gainean ikusteak baino. Hala ere, aldea dago irakurtzeko antzezlan batetik antzezteko batera, eta Literatura Unibertsala saila irakurtzeko da (maila akademikoan translation for the page eta translation for the stage gisa bereizten dira); honek ere, beraz, egokitzapen pixka bat behar luke taularatzeko.

Besterik gehitu nahiko zenuke?

Hainbestetan galdetu zidatenez gero, hauxe da itzulpena egin bitartean eman ezin nezakeen erantzuna:

Izan dadila jendea liburura gonbidatzeko amu!

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)