Elkarrizketak

Yolanda Arrietari elkarrizketa

`ABCD berri bat´ liburuarekin Peru Abarka saria irabazi du Osteguna, 2011-12-01

Urriaren amaieran aurkeztu zuen ABCD berri bat (Mezulari, 2011) izeneko liburua. Hitzez eta irudiz osatutako lan honi esker, Peru Abarka saria jaso zuen Yolanda Arrietak. "Ozenki nahiz isilean irakurtzeko" liburua dela dio. Generotzat dauka album ilustratua, "ipuina edo nobela edo poesia edo saiakera den bezalaxe". Argudio hau defendatu zuen Literatura Eskolan, duela aste batzuk eskaini zuen hitzaldian. Kezkati ikusi dugu, ordea, eskola arautuarekin: "Bernardo Atxagak aurrekoan esan zuen, gaztetxoei ez zaiela irakurtzen erakusten. Eta ni ados nago. Istorio baten aurrean ez zaie erakusten diskurtso bat eraikitzen". Elkarrizketa honetan barrena aurkituko dituzuen pasarteak dituzue hauexek.

Yolanda Arrietari elkarrizketa


Narrazio poetiko edo poesia narratibo gisa definitu izan da zure liburu berria. Zein da album ilustratu honetan landu duzun gaia?

Gaia oso sinplea da. Hegoaldetik abiatu den mutiko bat (ez dakigu zein hegoaldetik) iparraldera dator, ezagutu berri duen aitonaren etxera (eta iparralde hori ere ez dakigu zein iparralde den). Gaztetxo horren egokitzapen fasea kontatzen dut lau pasuotan, hortik izenburua, ABCD berri bat.

A-z hasten da lehen atala. Gaztetxoa esnatu da eta egun berri bat hasi da.

B atalean, senide berriarekin topo egingo du, aititerekin.

C atalean, leihoaz bestaldean dagoena begiratzen du. Eta iparraldekoa denez, itsasoa ikusten du, olatuak datoz, negua da, elurra egin du... Itsasoaren atzeko aldera begiratzean, atzean utzi duena gogoratzen du: haurtzaroa, adibidez. Hortxe dabil gaztea, utzi duenarekin eta aurkitu duen horrekin adiskidetu nahian.

Onarpenaren fasea, hain zuzen, D atalean dator. Integrazioarena. Ulertu du zergatik etorri den iparraldera, berak aukeratu du iparraldera etortzea eta hor badago beste metafora bat: iparraldea eta hegoaldea ilargi beraren azpian dauden bi zati direla eta gu nora ilargia hara doala. Horixe da pixka bat kontatu nahi nuen azpiko istoriotxoa. Isilik irakurtzeko modukoa da baita ozenki irakurtzeko modukoa.

Ahozkotasunaren ikuspegitik badu indarra.

Bai, gainera ni ahozkotasunetik nator eta oraintxe jabetu naiz, albuma egiterakoan, irudigileekin lan egiterakoan, horri ematen niola garrantzia.

       

Peru Abarka saria jaso duzu lan honengatik. Lehiaketak zer ematen dio idazleari?

Zergatik aurkeztu naizen lehiaketara? Beti dagoelako erronka berri bat. Hazten jarraitu behar dugu. Idazten ari naizenean, gustatzen zait nire burura estutasun berrien aurrean jartzea. Nire burua probatu, estutu... Hainbeste gauza kontatu ditut eta hainbeste eratara kontatu ditut! Antzerkia idatzi dut, ipuinak, poemak.... Eta pentsatu nuen, zergatik ez ozenki irakurtzeko moduko narrazio poetiko bat idaztea? Ipuina da baina jokatu nahi nuen beste gauza batzuekin.

Eta batetik, irudia eta hitza lotu nahi nituen; oroimena eta irudimena elkartu nahi nituen. Ganbara berean dauden bi gela direla uste dut, oso elkarrekin lotuta daudenak. Eta sentsazioak erabili nahi nituen, usainak, gustuak, sentsazioak eta pertzepzioak. Mundu hori ikertu nahi nuen eta poesiak ematen du horretarako aukera. Era berean, kontatu egin nahi nuen zerbait. Narrazioak ekartzen duen kontaera hori mantendu egin nahi nuen.

Inoiz egin izan ditut enkarguz iritsi zaizkidan lanak. Eta hala bideratu behar izan dut. Hau berez etorri egin zen. Duela bi urte Eskoziara joan nintzen, han iparra dago, ura dago. Eta ura, mareak... Aspaldi neuzkan barruan. Iaz, ordea, Andaluziako Doņana parkean izan ginen eta hondartzan bukatu genuen. Han liburua itxita ikusi nuen. Baina ez istorio aldetik, bulkada aldetik baizik. Lotuta ikusi nuen: Iparra, Hegoa.

Oker ez bagaude, Pablo Nerudak idatzi eta Elena Odriolak ilustratu zuen Oda a una estrella (Libros del Zorro Rojo, 2009) liburuaren harira bururatu zitzaizun ABCD berri bat, ezta?

Bueltaka neukan ideia hau baina 2010eko udan Oda a una estrella izeneko liburuarekin egin nuen topo. Hartu nuen liburua eta irakurri ondoren esan nuen, "nik horrelako zerbait egin behar dut". Borborka nuen istorio hau bideratzeko aitzakia izan zen lan hori.

Beste Yolanda batek egin ditu ilustrazioak. Testua eta irudia, biak batera garatzeko aukera izan al duzue?

Oraingoan ez. Baina banekien horrela izango zela. Ikusi nituen ilustrazio lehiaketara aurkeztu ziren proposamenak eta nik hauxe nahi nuen, Yolanda Mosquerarena. Baina polita izan da, nik ezer esan gabe osatu dituen ilustrazioak ikustea. Testuak berak hartu du indarra, ni-a apartatuta geratu da. Nire testua hartu eta bere interpretazioa egin du. Eta gustatu zait egin duen interpretazioa. Elkarrekin egin bagenu ezberdin aterako zen, baina gustu handiz egina dago. Akaso faltan botatzen dut hegoalde hori, nik horiz imajinatzen nuena, baina hori delako buruan neukana. Baina orain liburua eskuetan, bere horretan, ez dauka ezeren premiarik.

Osotasun bat ikusten duzu.

Bai, hori da.

Haur eta gazte literaturari lotutako generoarekin lotu ohi dugu album ilustratua.

Nik uste dut ezjakintasuna dagoela oinarri oinarrian. Album ilustratua ere genero bat da, ipuina edo nobela edo poesia edo saiakera den bezalaxe. Niri gustatzen zait haurrek ere ulertzeko modukoa izatea. Ze azken batean liburu hau ume bati ematen badiozu, bere horretan uzten baduzu, zerbait ikusiko du. Eta niri hori gustatzen zait. Umeak pertsona txikiak dira baina pertsonak dira. Zerbait ulertuko dute eta hortik aparte bitartekari bezala sartzen bagara helduok, egin dezakeguna da kontatu, edo berari utzi eta berak kontatu dezala irudietatik abiatuz. Irudien irakurketa bat dago, eta haurrek era instintiboan egin dezakete. Edo irakurtzen dakienak irakurri ere egin dezake, osorik edo zatika. Bitartekariaren lana ere hor dago, ozenki irakur dezake edo magalean hartuta isil isilik, edo irudiekin jolastuz...

Kontuak esateko tresna batean bihurtzen da, umearekin egoteko aitzakia. Alde horretatik, irakurketa asko dauzka album ilustratuak. Album ilustratu batean irudigileak bere proposamena egiten duenez, umeek ere egin dezakete letrarik gabe irudien irakurketa. Eta hor ere badago horrelako istorio paralelo bat.

ABCD berri bat jendaurrean eskaintzeko asmoa duzu. Nolakoa izango da zuzeneko saio hori?

Ahotsenean izango gara, abenduaren 4an igandea, eguerdiko 12:00etan. Lehenik eta behin azalduko dugu zer den liburua eta zati bakoitzean zer esan nahi dugun. Zati bat irakurriko dugu eta bien bitartean Yolanda Mosquera margotzen joango da zuzenean. Saioaren amaieran, marrazkiak zozketatu egingo ditut. Abenduaren 5ean Berbaron antzekorik egingo dugu, ume eta gurasoekin. Nor dagoen aurrean, dena aldatu egiten da. Eta "Idazleak ikastetxeetan" programan ere sartuta daukat hau. Baina ikastetxeetan, badirudi eleberri lodia ez dena ez dela irakurtzen. Batxilergoan irakurri egin behar da, eta orriak irakurri behar dira. Poesia lantzen da, baina album ilustratura iritsi ere ez. Hain zuzen horregatik, gu joango gara esplikatzera, ozenki irakurtzera. Joko handia ematen du horrelako liburu batek.

Yolanda Arrieta, liburua eskuartean duela.


Irudiekin beste dimentsio bat hartzen du idatziak, ezta?

Hau bakar bakarrik irakurri daiteke baina beste dimentsio bat hartzen du irudiekin edo ozenki irakurriz. Ni herri literaturatik nator, herri giro batetik eta hizkuntza belarrian daukat, oso barruan daukat eta irudiekin lotuta, sentsazioekin, doinuekin. Baina gaur egungo umeek igual ez dute hori. Barne irudien mundua oso irudi grafikoekin lotuta dute, aurrez egindako irudiekin.

Idazle Eskola, Literatura Eskola, irakurle klubak... Irakurzaletasuna ez dakit igo den baina literatura zaleak inoiz baino antolatuago daude. Idazle moduan nola bizi duzu hau guztia?

Normalizatu egin dela uste dut. Zergatik ez dugu denbora pasako liburuen gainean hitz egiten, ezta? Hori dago horren atzean. Mugimendu gehiago nabaritzen dut behean, ze kanon aldetik ez dakit hainbeste aldatu den. Ez dakit iraultza handirik eman den.

Baina jende xehearen artean irakurzaletasuna zabaldu egin da. Jende askok euskaraz irakurtzen du beldurrak kenduta. 50 urteko jende bat alfabetatu gabekoa delako. Baina orain, hilean behin liburu bat irakurri eta iritziak ematen dituzte, inoiz egon naiz gonbidatu moduan eta jendeak hitz egiten du eta iritziak ematen ditu. Nik uste dut normalizatu egin dela, eta polita da hori.

Irakurlea ezagutzeko modua ere bada.

Bada zaletu koadrila bat eta fans-ak ere badira. Eta hori azken bospasei urteotako fenomenoa da. Eta beste gauza bat, jendeak erosten ditu liburuak, hori ere ikusi dut. Tiradak motzak izango dira, gutxi gara, baina jendeak erosten ditu liburuak eta oparitu ere bai. Kontuak ez direla ateratzen? Hor ni isildu egingo naiz. Baina orain saltzen da. Badago kontsumo bat.

Hala ere, ikastetxeetan ez dakit hainbeste liburu mugitzen ote den. Bernardo Atxagak aurrekoan esan zuen, ez zaiela irakurtzen erakusten, eta ni ados nago. Ez zaie erakusten irakurtzen, istorio baten aurrean ez zaie erakusten diskurtso bat eraikitzen. Idaztea ere, kosta egiten zaie idaztea. Baina hainbeste gauza eskatzen dizkiogu eskolari... Zenbat eta gorago joan haurra, esperimentaziorako tarte gutxiago dago. Eta buruz ikasi behar dituzte gauzak.

Iruditzen zait apurka-apurka edukiz bete dugula eskola baina umearen esperientzia antzutu egin dugula. Momentu honetan oso araututa dago dena: ebaluatu egin behar da, neurtu egin behar da. Gizakiaren isla ere bada eskola eta, ez dakit ba, ez dakit ba... Igual bilatu behar ditugu eskolaz kanpoko guneak. Aparteko guneak. Hor badakigu ipuinak irakurriko ditugula, ipuinak kontatuko ditugula, ipuinak entzun egingo ditugula, musikaz edo irudiz lagunduta. Tartean guk ere denbora izango dugu gauzak egiteko. Liburutegietan egiten da baina hori baino gehiago oraindik. Literaturarekin eta beste diziplina batzuekin, denbora emateko tokiak sortu beharko genituzke. Eskolatik aparte, gainera.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)