Elkarrizketak

Lander Garrori elkarrizketa

'Zomorroak' filma zuzendu du Antton Aldekoarekin batera Osteguna, 2012-01-19

Ziztu bizian zabaldu da Interneten 'Zomorroak' filma laburraren esteka. Lander Garro idazle, kazetari eta argazkilariak zuzendu du Antton Aldekoarekin batera. Edonor izan daitekeen zomorroari begirada luzatu diote lan honekin, samurtasunez, ironiaz.

Lander Garrori elkarrizketa

Lander Garrori idazleari ez zaio arrotza egiten irudien mundua. Interneten ziztu bizian zabaldu den 'Zomorroak' filma laburrean aktore lanak ere bete ditu Miren Gaztaņaga, Eņaut Gantxegi eta Gabi Ocinarekin batera. Proiektuaren nondik norakoak ezagutu nahi izan ditugu lehen eskutik.

Lehenik eta behin, nola sortu zitzaizun ideia?

Lan egiten dudan Sautrela saioko barrunbeetan sortu zen. Kilometro mordoxka egiten dut Juantxo Sardonekin hara eta hona, elkarrekin egiten baititugu saiorako grabaketak, eta autoan hasi ginen elkarrekin zer edo zer egiteko aukera aipatzen, A-8 madarikatu horretan. Geroago, Donostian 15x15 izeneko lehiaketa iritsi zen, lehiaketa bitxi bat, non film labur bat egin behar den 15 ordutan, egun berean, eta han parte hartzea erabaki genuen, gure saioko errealizadore Antton Aldekoarekin batera. Goiz batean bildu eta hantxe adostu genuen gidoia. Hasieran ez neukan aktore bezala parte hartzeko asmorik, baina kastinean lau aktore behar genituenez, ba animatu nintzen. Egun ikaragarria pasatu genuen, sekulako esperientzia. Egun osoko ikastaro intentsiboa izan zen niretzat.

Nola osatu zenuten gainerako lan taldea?

Miren Gaztaņaga eta Eņaut Gantxegi aspaldiko lagunak ditut, biak aktore apartak, eta haiei deitu genien. Haiekin etorri zen Gabi Ocina, artean ezagutzen ez nuena, eta hala osatu genuen aktore taldea. Gerora ekarri genuen musikaria ere, Iban Urizar, lehendik ere nire laguna zena, eta hari eskatu genion musika. Beti izan dut taldean lan egiteko nahia, badakizu, koadrila elkartu eta ontzian denak batera arraunean egiteko amets txikia. Idaztea bakarkako lana da, eta taldean aritzea, niretzat, berria eta faszinantea da. Horregatik, lehenik eta behin lagunak nahi nituen aldamenean, eta gero profesional onak, baina batik bat lagunak.

Nola zabaldu nahi duzue, pentsatu duzue inora aurkeztea (lehiaketak, erakustaldiak...)?

Gure asmoa zinema egitea zen, elkartu eta istorio bat kontatu, badakizu, asmo handirik gabe... Kimuaken aurkeztu genuen, baina kalabazak eman zizkiguten, baita galantak eman ere. Hara eta hona bidaliko dugu, ez dakit oso ongi nola edo nori: iradokizunik bai?

Zeuk idatzi duzu gidoia. Ikusentzunezko fikzioan hitzak erabiltzeaz harago irudiekin pentsatu behar da. Paperean trebatuak zaudetenontzat, ariketa zaila da?

Beno, ni argazkigintzatik nator, eta telebistan lan egiten dut, beraz irudien mundua ez zait arrotza. Gainera, Antton Aldekoa eta Juantxo Sardon aldamenean izanda zaude seguru irudi aldetik ziztuan joango dela, dotore eta doi. Nahiago, bai, nire aktore lana haien lanaren mailan balego! Bestetik, gure belaunaldia zinematik dator, ET eta Indiana Jonsen mitologiatik, eta irudiak guretzat numeroak baino gertuagokoak dira. Jarri iezadazu zatiketa handi bat, eta ez dut asmatuko, baina jarri iezadazu txano bat latigo baten aldameenean , eta ziztuan oroituko naiz Indiana Jonsekin. Gure geografia intimoa da zinema, ezta?

Lana umorez eginda dago, baina baita ere samurtasunez. Miniaturazko 'Amelie' bat?

Bai, dudarik gabe. Hasi aurretik dilema bat izan genuen: zer edo zer 'asmatzen' saiatuko gara, edo generoari eutsiko diogu, alegia, formula bati? Orduan hasi ginen gure baliabideak neurtzen, eta ondorioztatu genuen komeni zela apal ibiltzea, xuabe, eta 'eisesteinkeriak' besteei uztea. Gero, generoen artean, gidoia zein zen ikusita, Amelieren kutsua ematea deliberatu genuen, pixka bat ironiaz behar bada, nahiz eta ez dakidan ironia hori ongi harrapatzen den... Musikak ere, horretan lagundu zuen. Handia da Iban Urizar, nahi genuena eskatu eta handik bi egunera sekulako kanta sorta genuen. Beste film bat egin beharko dugu haiek sartzeko!

Egun eskura ditugun baliabide teknikoek modu merke batean harribitxiak egiteko aukera ematen dute. Gurean oraindik sakondu beharreko bide bat dela iruditzen zaizu?

Neu ezjakin handia naiz kontu hauetan, eta ez dakit zilegi ote zaidan esatea zer behar dugun eta zer ez. Neure ustez, euskaldunon komunitateaz ari garela, film luzeak egin beharko genituzke, hor dago arreta-gune handiena, eta hor egon behareko genuke geuk ere. Zuk ongi azpimarratu duzun bezala, ordea, baliabideak dira gure oztopo handiena, ze hemen ez baitago sosik, eta profesionalen exodoa ("Espainialat") handia da. Dena den, behar bada istorio apalak, txikiak sortzeko gaitasuna da falta zaiguna... Ikusten dituzu Sorinen edo Canteten lanak, eta pentsatzen duzu: bai, diruarekin dena da errazago, baina geuk moldatu behar genuke baliabidetara, eta ez alderantziz. Agian Espainiako zinemaren sindromea ematen da geurean ere, alegia, identitate baten faltan, 'hangoa' kopiatzeko joera, geurea izan beharko litzatekeena bilatu ordez. Bistakoa dena da geure zinemak berez izan beharko lukeela istorio 'minimoak' kontatzeko joera, eta ez dauka. Ez dugu gure ahotsa aurkitu oraindik. Hor daude Telmo Esnal eta Asier Altuna, zeinak, barkatuko didate haien bozeramaila bilakatzen banaiz, fisosofia honekin guztiz identifikatuta ikusten ditudan. Bestetik, bada beste diskurtso bat, adibidez Koldo Almandozena, oso polita dena, orijinala, eta akaso geure 'matrix'-a izan daitekeena, hots, geure lehen hazia, eta handik hasiko gara istorioak luzatzen eta luzatzen, film luzeak egin arte. Baina 'hasi' egin behar dugu, ez 'ekarri'. Gai luzea da, apasionantea, orduak emango nituzke horretaz hizketan, txorakeriak segidan esaten!

Lander Garro

Zomorroak fitxa tekniko eta artistikoa:

Aktoreak: Miren Gaztaņaga, Lander Garro, Eņaut Gantxiegi, Gabi Ocina
Zuzendaritza: Antton Aldekoa, Lander Garro
Argazkia: Juantxo Sardon
Ekoizpena: Miren Lopez, Silvia Benito eta Cris Portu
Gidoia: Lander Garro
Musika: Iban Urizar
Zuzeneko soinua: Ibai Maritxalar
Muntaia: Antton Aldekoa, Miren Lopez
Bideo postprodukzioa: Alberto Catenacci
Audio postprodukzioa: Haimar Olaskoaga

Bideoak

Get Adobe Flash player

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)