Erreportajeak

2017ko antzerki liburuen uzta

Ostirala, 2017-12-22

Aurten sei antzerki liburu plazaratu dira. Iazko erreportajeari segida emanez aurtengo antzerki uzta aztertu dugu erreportaje honetan. EHAZE-Antzerkizale elkarteko kideek erraztu dizkigute datuak eta edukiei buruzko oharrak. (Argazkia: Stereo, Ainhoa Resanoren irudia).

Iaz lau antzerki liburu plazaratu ziren euskaraz, gutxi izanik ere zeresana eman zuen horrek. Izan ere, urria izan baita oso azken hamarkadetan antzerkian argitaratu dena, urria eta sakabanatua. Iazko liburuek batez ere ildo berri posibleen isla izan ziren: literaturatik harago liburu izan daitezke antzerki joera garaikideak? Arrastoak izan zen erantzun posible bat, antzezlaneko testuaz gain “Dramaturgia oharrak” eta argazkiak publikatuz, antzerkia den gorpuztea islatuz egin baitzuten antzerkia argitaratzeko modu berrien aldeko saiakera.

Aurten sei liburu izan dira publikatu direnak: Miren Gaztañaga eta bere lankidek sortutako Stereo, Patxo Telleriaren Ez dok hiru, Itxaro Bordaren Odolak su gabe diraki, Jokin Apalategiren Erbiak biper beltxean bezala, eta Luis Elizetxearen Argiaren hautsa. EHAZEk argitaratu duen Argazki hau euskaraz mintzo da litzateke seigarrena; liburu formatua eman dioten arren, txostena da berez; ez diote liburu hedapena emango, baina gogoeta ekarri nahi du antzerki argitalpengintzaren plazara.

Iaz batez ere antzerki testugintzan oholtza gainean suma daitezkeen joera eta idazkera berrien isla izan ziren publikatutako liburuetako batzuk: Dejaburen Arrastoak, Gaizka Sarasolaren Erleak satorrak beleak, eta Oier Guillanen Mr Señora. Karlos del Olmoren saiakera izan zen antzerkia oinarri zuen laugarren liburua: Arestiren nazioa, antzerkia.

Iazko uzta antzerki testugintzaren inguruko kezka berrien isla izan zitekeen, oholtza gainean ere ematen den tentsio baten isla: antzerkia literatura ote den kuestionatzen duen joera, autore testugintzatik abiatzen den teatroa eta sormen prozesu kolektiboetan oinarritutako teatroaren arteko tentsioa, bi joeren arteko balizko oreka. Eta oroz gain, egungo teatrogintzak egungo jendartearen kezkei buruz mintzatzeko duen gaitasuna agerian uzteko nahia. Aipatutako idazkera ezberdinen arteko tentsio hori kreatiboa da batez ere, eeszena gainean era guztietako proposamenentzako lekua dagoen (edo egon behar litzatekeen) heinean.

Aurten idazkera mota berriek izan dute adierazpenik: EHAZEren eskutik plazaratu den Stereo. Saiakerari dagokionez berriz, aurten saiakera lana zan ez arren gogoetaren eremura gerturatzen den EHAZEren txostena aipatu daiteke testugintzatik haragoko antzerki liburuen adierazle: Argazki hau euskaraz mintzo da.

Antton Lukuk bere teatro testuak plazaratzeari utzi zion behinola, eta ordutik saiakerak eta sormen prozesuetan sortutako gogoeta prozesuei buruzko testuak izan dira berarentzat antzerki liburuak: Euskal Kultura? (Pamiela, 2009) eta Libertitzeaz (Pamiela, 2014) horren adierazle. Beraz, bada teatro testuetatik haragoko teatroari buruzko testu-liburuak antzerki liburu kontsideratzeko joera bat.

Aurten sei

Aurten, beraz, sei. Kurioski iazkoaren aldean, EHAZEren liburuez aparte, batez ere literaturara gerturatzen den autore antzerkia izan da nagusi aurtengo argitalpenetan: Jokin Apalategi, Itxaro Borda eta Luis Elizetxearen lanak literaturatik gertuago daude antzerki gorpuztutik baino, azkeneko bien kasuan haiek hala aitortuta gainera, beren lana nolabaiteko “narrazio dialogatuen” ildoan kokaturik. Patxo Telleriak Tartean taldearen baitan egiten duen lana aparte aztertzea merezi duen kasua da: bere testugintza bada nolabaiteko erdibide bat, autore marka izan arren aktoreen kodeak ondo menperatzen dituena, antzeztua dena eta, testu-esperimentazio ildo bat mantenduz, publikoarekin ondo funtzionatzen duena.

Jarraian dituzue aurtengo liburuak banan-bana aleturik:

Literaturatik gertu hiru lan

Itxaro Bordaren Odolak su gabe diraki

odolak-su-gabe-diraki-antzerkia-hiru-zatitanItxaro Bordak euskal gatazkaren ondorena hartu du ardatz bere lehen antzerki publikatuan. ETAk su etena aldarrikatu osteko urteak dira testuingurua, baina kontatzen dena batez ere da garai horren aurrekoa da, alegia, jendarte batengan borroka urte luzeek utzitako arrastoa, zauri oraindik bizia, jendarte horren trauma kolore ezberdineko pertsonaien ahoetan paratua.

Oso maila diskurtsiboa suma daiteke dialogoetan, liburuaren kontrazalak berak eman digu argibidea:

“Itxaro Borda idazlearen ibilbidean orain taula gainean jolasteko pieza bat aurkitzen ahalko da, ez lehena, ez azkena agian. Herri honen destinoarekiko gure galdera garrantzitsuak eta bere arrangura debaldeak elkar kuzkatzen dira, egiazko antzerkitik baino narrazio dialogaturik gehiago daukan lan honetan. Norberak bere irakurle intimitatean leitzeko eta hausnartzeko nahieran”.

EIEk publikatu berri duen Hegats aldizkarian, elkarrizketa mamitsua egin diote egileari. Bertatik atera ditugu lerro hauek:

“Antzerkia fisikoagoa da, pertsonaien barruan sartzeko aukera dagoelako. Beste hizkuntzetan idatzitako antzerki batzuk gustatzen zaizkit, eman dezagun Chejovenak eta Shakespeareren obra zenbait askotan irakurtzen ditut, azkenak ingelesetik zuzenean. Odolak su gabe diraki antzezlanaren gaia nola harilka nezakeen hausnartzen ari nintzelarik, fazinatzen ninduen Avignonenko festibalean Ivo Van Hove zuzendariak Viscontiren Damnatuak filmean oinarritu antzerkia nola ematen zuen ikusteak. Batez ere zer neurritaraino behartzen zituen testua, gorputzak, ahotsak eta isiltasunak ere. Gainerat nire antzerkiaren zati batean erabiltzen da kamera mugikorra antzerki horretan bezala.

Egia erran, ez dut pentsatu idazten ari nintzelarik, baina Iruñeako lagun batek erranik daukat, antzerki honek oroitarazten diola nik hainbeste miresten dudan Thomas Bernharden Heldenplatz antzerkia: uste dut subliminalki influentziatu ninduela. Den-denek influentziatu ninduten, antzerki horiek ez direlako irri egiteko, badute umorea, badute ironia, baina ez dira irri egitekoak, politikoak dira, esaterako Shakespeareren Julio Cesar. Garaian garaiko tematikak jorratzen dituzte, idazle horiek deus galtzekorik ez balute bezala. Nik ere iragan urtean ideia horrekin eraman dut bururaino antzerki horren izkiriatzea eta gero publikatzea. Ongi egiten ez dudana antzerki horren promozioa da.”

Luis Elizetxearen Argiaren hautsa (Algaida, Kutxa)

argiaren hautsa

Algaida argitaletxearen eskutik, Donostia Hiriko Literatur Kutxa Saria jaso ostean publikatu da Luis Elizetxearen “Argiaren hautsa”. Zahar etxe batean dago kokatua istorioa, eta heriotza du mintzagai neurri handi batean. Heriotzari buruz hitz egitea, bizitzari buruz hitz egiteko modurik intentsuena delako agian. Antzerki idazkuntzaz, taularatzeaz, lehiaketez eta argitaratzea mintzatu ginen egilearekin Hitzen Uberanen. Elizetxeak berak bertan azaldu zigunez, “nobela dialogatua” da bere lana. Zentzu horretan, antzerkiaren arloan ere literatur lehiaketek bete dezaketen papera izan zuen aipagai, antzeztera baino gehiago irakurtzera bideratutako antzerkian:

“Sariaren berri izan nuenean, nire lana aditu talde batek baloratua zela pentsatu nuen, eta horrek ilusio berezia egin zidan. Inoiz idatzi dudan lanik serioena da “Argiaren hautsa” eta lehiaketa honetan parte hartzean jauzi kualitatiboa egin nahi nuen. Antzerkigintzan dabilen jendeak irakurriko zuela banekien, behintzat, eta horrek etorkizunean bide berriak urratzeko aukera eman ziezazkidakeen. Saria eskuratzeak, jakina, helburu hori denbora laburrean betetzea ekarri du. Lana argitaratu dute eta irakurle askoren eskura iritsi daiteke.”

Jokin Apalategiren Erbiak biper beltxean bezala

Erbia biper beltxean bezala

Aurtengo uztan ez ohiko kasua da Jokin Apalategirena: gaztetan idatzitako bi antzerki testu plazaratu ditu liburu bakarrean, Utriusque Vasconiae argitaletxearen eskutik. Testua berreskuratu eta publikatu izana bada memoria ariketa bat, norbanakoa zein kolektiboa, are gehiago antzezlanotako edukiei erreparatzen badiegu:

“1963ko urritik aitzina nire bizitzan haustura eta norabide aldaketa jabetu ziren. Haustura, orduarte, bizitza idealizatzeko neuzkan baloreak ipurtargi bilakatzen joan zirelako eta, aldi berean, haien tokia hartuz nire jokabidean funtsezko izango ziren herritar eta sozial baloreak sutsu piztu zirelako. Hasteko, nire bizian lehen aldiz, euskaraz idatzitako liburu bat irakurtzen hasi nintzen. Zoriontsu sentiarazi ninduen desafio hark. Mundu gozo hau nirea duk, esan nuen. Eta bat-batean euskaraz idatzi nezakeela frogatu nahi izan nion nire buruari. Zer idatzi pentsatzen jarri eta antzerki obra izan zitekeela iruditu zitzaidan. Nagikeriak utzi eta, nire baitan ematen ari ziren hausturen gazi-gezak kontatzera igaro nintzen. Liburuxka honetan agertzen diren bi antzerki obra hauek izan ziren nire lehen idazkera saioaren emaitza.”

Literatura ere antzeztu daiteke: Patxo Telleriaren parlatura

ez dok hiru

Alfonso Sastrek aipatzen zuen sarri antzerkiak behar duela literatura eta ahozkotasunaren erdian legokeen mintzaira bat, berak “parlatura” deitu zuena. Urrun dago euskara teatrorako kode hori sortzetik, alegia, ez artifiziala eta era berean hitzaren balioa zaintzen duena?

Zentzu horretan arreta berezia merezi du Patxo Telleriaren lanak. Autore testutik abiatzen dira bere lanak, idazle batek bakarka egindako lan intelektualetik alegia, baina aktorea eta zuzendaria den heinean bikain kontrolatzen ditu antzerkiak eskatzen dituen hitzaren kodeak, dialogoen erritmoak eta egitura narratiboak. Tartean konpainiarekin taularatu ditu bere azken lanak. Berriena, Ez dok hiru, bere bikotekide artistiko ezagunenarekin: Mikel Martinezekin, eta beste hiru musikarirekin. Antzezlanak arrakasta handiz zeharkatu ditu azken hilabeteetan Euskal Herriko oholtzak. Lan horren testua jaso duen liburua plazaratu du aurten, hain zuzen ere, Elkar argitaletxearekin elkarlanean.

Absurdoa eta Marx anaien eragina topatzen ahal zaie Patxo Telleriaren testuei: ez kasualitatez, Susaren behinolako antzerki bilduman topatuko dugu egun Telleriak idazten duenaren historiaurre bat, Marxkarada liburuko testuen egile izan zen neurrian. Telleriak testu asko idatzi ditu, baina agian Mikel Martinezekin oholtzan antzeztekoak izan direnak erakusten dute bere ibilbidearen garapena: euskararen inguruko trilogia (Euskara Sencilloaren Manifestua, Larru Haizetara eta Euskarazetamol, modu separatuan argitaratuak eta ostera Dibertimenduak liburuan bilduak guztiak). Euskara bera ardatz hartuta jolasean aritzeko bide bat erakutsi zion lan horrek, hizkuntzaren beraren mugak arakatzekoa, umore irisgarri bezain jostalari batekin. Ahalegin horren segida izan zuen Lingua Navajorum antzezlanean, eta dramarekin ere utzi ditu oraindik argitaratu ez diren obra esanguratsuak, Zergatik Jamil? kasu. Ondoren etorri diren lanetan Telleriak gero eta urrunago eraman du bere bilaketa artistikoa testuari dagokionean: Pankreas bertsoan, neurriz eta errimaz, dago idatzia osoki, komedia printzipioz “arin” bat denari bestelako dimentsio bat emanez; Ez dok hiru honetan euskal kantagintzari errepasoa eman dio, eta berrehun kanta baino gehiagoko letren zatiak kateatu ditu bi pertsonaia nagusien arteko elkarrizketan.

Patxo Telleriak eta Tarteanek argitalpengintza bide berriak jorratu dituzte azken urteetan, beren testuak paperera eramateko bide ezberdinak probatuz. Telleriaren testuak Artezblai argitaletxeak ezagutu ditugu batez ere, zeinean Dibertimenduak litzateke azkena 2010ean. Tarteanek autoekoizpenaren bidea hartu zuen Pankreas lanarekin. Elkarrizketa egin genion Telleriari Uberanen, eta bertan azaldu zigunez, emanaldietan bertan saldu zituzten ale gehienak:

"Gure esperientzia txikiaren arabera, antzerki liburuak saltzeko tokirik egokiena ez da “liburu denda”, “antzokia” baizik. Pankreas bezalako produktu bat erabaki isolatuta eta galduta geratuko litzateke liburu denda estandar batean. Bi marjinazio mailak baztertuta: bata, euskaraz izatearena; bigarrena, antzerkia (literaturaren merkatuan eskari marjinala duen arloa) izatea. Aldiz, ikuskizunarekin batera eskaintzen baduzu, errazagoa da interesa piztea."

Ez dok hiru berriz Elkar argitaletxearen laguntzaz plazaratu dute, kasu honetan ere ale gehienak emanaldietan bertan saldu dituzte, bide horretan antzerkiarentzat hedakuntzarako bide interesgarri bat zabaltzen dela frogatuz, zerikusia duena antzerkiaren zuzeneko bizipenarekin.

Arrasatoakek zabaldutako bidean sakonduz: Stereo

EHAZE-Stereo-azalaUrdina

Iaz Arrastoak lanarekin egindako apustuan beste idazketa mota batzuk paperera eramateko ahalegina egin zuen EHAZEk. Bertako kideek azaldu digutenez “idazkuntza mota oro da baliagarri, baina agian euskaraz ez dugu ezagutu gorputzetik eta sortze prozesu kolektiboetatik idatzitako lanik paperean. Gure ahalegina antzerki mota hori ere paperera ekartzea izan da, hutsune bat betetzearren, eta eragin zein oihartzun handia izan du”. Arrastoaken alde grafikoak, eta dialogoekin batera sortze prozesua bera idatziz jartzeko ahalegina ("Dramaturgia oharrak") bide berri bat eskaini zuen “Agian egun antzerkia euskaraz sortzen duen belaunaldi berrietako askok beren burua ikusi dute islatuta hor, dialogoetan baino gehiago dramaturgia oharretan, eta hori oso esanguratsua da.” Bide guztian balioa nabarmantzen dute, hala ere “gure ustez euskal antzerkigintza osasuntsu batek behar du autore antzerki potente bat ere, eta gure gogoa litzateke era guztietako testuak publikatzea. Horretarako baliabideak lortuz gero noski. Aurten pozik gaude, Stereorekin egin dugun ahaleginaz gain, testu-antzerkian oinarritutako hainbat lan plazaratu direlako. Patxo Telleriarena, kasu, asko taularatua izan den testu bat da”.

Aurten sakondu egin nahi izan dute esperimentazio bide horretan, eta apenas testurik ez duen pieza bat aukeratu dute horretarako: Miren Gaztañagak eta beste hiru lagunek kolektiboki sortutako Stereo. Pieza hau 2009an estreinatu zen, gorputz mugimendua eta antzerkia uztartuz batetik, generoari loturiko gaiak lehenbiziko aldiz modu inpaktantean taularatuz bestetik. Stereo pieza zer izan den jasotzen du liburuak, Gaztañagak berak idatzitako testuekin eta gogoetekin, Ainhoa Resanoren argazkiekin eta prozesuan parte hartu zuten Ainhoa Jauregi eta Ibon Aguirreren hitzekin. Liburua osatzen dute gainera egileei eginiko elkarrizketek eta hainbat kolaboratzaileek piezatik abiatuta idatzitako artikuluek: Uxue Alberdi, Kattalin Miner, Jokin Azpiazu, Miren Narbaiza Martiartu, Oihana Garro Larrañaga, Ibon Aguirre eta Oier Guillan.

Stereo liburu esperimentala eta berritzailea da: dantza, mugimendua eta performancean oinarritutako pieza bat izanik, testu gutxi erabili zuen oholtza gainean. Liburu hau testuan oinarritzen ez den lan eszeniko bat liburu formatuan berregiteko ahalegina eskaintzen du. Miren Gaztañagak berak bi testu nagusi idatzi ditu: batetik, Stereo pieza barrutik nola bizi duen idatzi du, antzezten ari den bitartean burutik pasatzen zaizkion gauza guztiak paperean islatuz; bestetik, saiakera labur bat idatzi du Stereo piezako pertsonaien sorrerari buruz, genero gaietan erabilitako erreferentziei buruz, sormen prozesuari buruz.

“Asko gustatzen zait publikoari pertsonaia nola eraikitzen dudan erakustea. Gustukoa dut beraiek ekintza honekin identifikatuta sentitzea. Azkenean egunerokotasunean gure burua eraiki eta deseraikitzen dugu, tarteka, jolas baten moduan ezta? Gure gorputza den mihisearen gainean hainbat elementu kendu eta jartzen ditugu, eta egunero jolasten dugu garen horrekin. Norberaren egunaren arabera aldatuz goaz. Dauzkagun hitzordu desberdinek, eskura dauzkagun elementuek eta gure desio eta fantasiek, besteak beste, garen hori modu batera edo bestera birsortzera edo birdiseinatzera garamatzate. Nahiz eta batzuetan behartuta sentitzen garen eta hori ez den batere atsegina izaten, transformazioak, nire ikuspegitik, plazerarekin ere dauka harreman handia. Azken ?nean, edonoren ispilu aurrean egunero gertatzen den errituala da, kasu batzuetan nabarmenagoa besteetan baino, baina, betiere logela eta komun guztietan gertatzen den alkimia.”

Seigarrena: liburua ez den liburua

EHAZE-Txostena-azala-azpititu

EHAZEkoek Argazki hau euskaraz mintzo da liburuxka formatuan plazaratu badute ere, haien bildumaren barruan, berez 2016-17 denboraldiari buruzko txosten bat da. EHAZEkoek hiru oinarri hartu dituzte liburuxka osatzeko:

1. Euskarazko teatroaren egoerari buruzko gogoeta: euskarazko teatroak egun bizi duen egoerari buruzko gogoeta luzea plazaratu dute EHAZEko kideek. Gogoeta hau gehiago dator egoera aztertzetik, indarguneak zein ahulguneak zenbatzetik, ondorio handiak ateratzetik baino. EHAZEko gogoetak dioenaren arabera, euskal teatroak egun sormen aldetik momentu indartsua bizi du, euskarazko estreinaldien panoramak argazki potente bat erakusten du, zeinean ikus daitekeen batez ere teatro motei dagokionez aniztasun handia dagoela, eta baita ere gero eta gehiago esperimentazioa eta egungo jendartearen kezkei erreparatzen dieten testuak eta dramaturgiak.

Euskarazko panoramaren argazki hori ateratzearen garrantzia azpimarratzen dute bertan EHAZEkoek, euskal teatroa ikustarazi eta bultzatze aldera “euskarazko teatroak erdal produkzioen neurrira osatutako merkatu bati eta azpiegitura sistema batekiko menpekotasunari egin behar dio aurre; Euskal Herrian azken hamar urteetan interesa piztu duen teatro proposamen asko eta asko euskaraz sortuak izan direnean. Egoera hori iraultzeko, oso garrantzitsua da urtero euskarazko teatroaren egoeraren argazkia atera ahal izatea; euskal teatroaren Dokumentazio Zentro bat sortu ahal izatea litzateke horretan urrats oso garrantzitsu bat”. Zentzu horretan, EHAZEk berak instituzio publikoen aldetik duen babes eskasa jarri du mahai gainean, eta euskal teatroa ikusgarri egiteko zailtasunak eta baliabide eskasiak.

2. 2016ko udazkenetik 2017ko udaberrira helduen euskarazko antzerkian egindako estreinaldiak: 38 antzezlan kontatu dituzte, eta hain oinarrizko erreferentziak bildu (testuaren egilea, zuzendaria, webgunea).

3. Iritzi artikuluak: EHAZEkoek egun antzerki kritikagintzan dabiltzan hiru lagunei iritzi artikulu bana eskatu diete, haien esku utzita gaia eta enfokea “Aurrerantzean, txosten gehiago eginez gero, ahots mota ezberdinak, analisiak, bestelako iritziak ere bildu nahi genituzke, ahalik eta jende gehienaren eskutik eta ahotsetik”. Agus Perez, Jaime Valverde eta Arantzazu Fernandez dira iritzi artikuluen egileak.

Argitaratu diren beste testu batzuk

Liburu propioen modura ez, baina aurtengo uztak ekarri dizkigu beste teatro testu batzuen arrastoak ere.

-Lutxo Egiaren Identitarteak: aurtengo Cafe Bilbao saria eskuratuta Interneten plazaratu dute lana.

-Myriam Garziaren Alizia ispiluaren bestaldean: apirileko LEKORE aldizkarian plazaratua.

Zentzu hertsian antzerkia izan ez arren, testu hauek ere oholtzan egindako lanak dituzte oinarri:

-Katixa Dolhare eta Bea Salaberriren Zergatik bi? emanaldiaren gidoia; aurtengo Literaturian taularatua, Maiatz aldizkariaren 65. alean argitaratua.

-Txakur Gorria kolektiboaren Xixili emanaldiaren gidoia, argitalpen kolektiboa testuekin eta irudiekin.

Laburbilduz

Txikiak dira antzerkigintzako argitalpenen numeroak; txikiak akaso irakurlegoaren kopuruak, bai behintzat ikuslegoaren aldean; baina azken urteetan egon badauden argitalpenek akaso mugimenduan eta etengabeko berrasmatzean dagoen arlo baten islak ekarri dizkigute paperera.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)