Erreportajeak

Autoedizioaz bi hitz

Asteazkena, 2010-11-10

Zer da autoedizioa? Frustratuen azken ostikoa? Ausarten proposamena? Alternatiboen bitxikeria? Jarrera artistikoa? Aukera erreala? Kimera?

Ignasi Blanch ilustratzaile katalanak autoedizioaz bi hitz egin dizkigu, zalantzak argitzen lagundu digu eta hainbat liburu autoeditatu erakutsi dizkigu, inork ereduetatik ikasi eta bide berriak ireki nahi baditu nora begiratu izan dezan. Hitzen Uberan-en zuen eskura jarri nahi dugu Ignasiri ikasia:

"Espero dut iritsiko dela eguna Euskal Herritik norbaitek deitu eta esango didana: egin dugu. Sinetsi genizun eta egin dugu." Erronka bota digu Ignasi Blanchek.

Baina zertaz ari gara autoedizioaz ari garenean?

Autoedizioz ari garenean ezin dugu pentsatu aukera hau frustratuen hautua denik, editore guztiek ezetza eman ostean topaturiko azken irtenbidea. Alderantziz, autoedizioa proposamen artistiko berriak eta mezu berriak zabaltzeko jarrera aktibo moduan ulertu behar dugu. Autoeditatzeko modu asko dago, baina gehienetan irakurle-sare bat sortu ohi da aurrez eta, beraz, irakurlearen jarrera aktiboa ere akuilatzen da.
Aukeretako bat kostu txikiko liburuak egitea izan ohi da, orain arte artista-liburu deitu izan dugun molde horretakoak. Normalean tirada txikiko autoedizioak izaten dira, ia unitarioak, zainduak, mimatuak. Baina badira tirada luzekoak eta edizio garestiko liburu autoeditatuak ere.
Asko uste duenaren kontra, autoeditatzeak ez du esan nahi gainerako aukerak baztertu behar direnik. Asko dira, izen handiko artistak, hainbat argitaletxerekin lan egin arren, proiektu jakin batzuetarako elkartu eta proposamen berritzaileak egiten dituztenak. Hainbat artista elkartu eta, nazioarteko liburu azoketan stand-ak jartzen dituzte, beraien proposamenak nahierara erakusteko. Eta zioen Ignasik: "zergatik ez Durangon?".

Hainbat eredu: posible da.

Hau da, esaterako, Jean-Vincent Sénac eta Jaques Benoît-en kasua. Berrogeita hamarna urteko bi gizon dira, bi ilustratzaile handi, ekonomia maila ertainekoak... Baina autoedizioan sinesten dute, eta erakusketetan eta hainbat argitaletxerekin lan egiteaz gain, batu, eta elkarlanean autoeditatzen dute, elkarri kudeaketa- eta administrazio-lanak erraztuz. Elkarrekin jarri ohi dute stand-a Montreuil-Paris-eko liburu azokan.

Beste autoedizio-eredu bat da Alemanian, Leipzig-en, Buchkinderverlag argitaletxe txikian egiten dutena. Bertan, haurrek egindako liburuak autoeditatzen dituzte. Liburu-azoketan haurrentzako tailerrak egiten dituzte: haurrek marraztu eta idatzi egiten dute, eta begiraleek istorioak egituratzen laguntzen diete. Marrazteaz gain eskumuturrak linolioz tintatu eta haurrek euren lanak inprimatzen dituzte. Ondoren, marrazki eta idatzi guztiak tailerrera eraman, eskaneatu eta helduek egiten dute liburuen konposizioa eta enkoadernazioa, ikaragarri edizio txukunak kaleratuz. Ale bakoitzeko 12-15 ale kaleratzen dituzte, haurrarentzat bat, haren gurasoentzat bestea, irakaslearentzta... eta gainerakoak saldu egiten dituzte azoketan. Galerietako sistemarekin funtzionatzen du proeiktuak: Leipzigen eskola handi bat dute, argitaletxeaz gain hainbat tailer emateko, eta jendeak kuota bat ordaitzen du urtero eskolaren mantenurako. Kuota horren truke, urte amaieran, haurrek egindako liburuen ale bana eskuratu dezakete.

Beste bat da Ines Sanchez eta Ane Zaldibarren kasua. Ignasi Blanchen ikasleak izan dira biak Bartzelonan, eta edizio-tailer propioa muntatu dute etxean, Rosacarmen izenez bataiatu duten proiektua. Euren eskuekin editatzen dute liburu bakoitza, mimoz, azal gogorreko publikazioekin ametsik egin gabe, euren ideie aterabide bat emanez. "Ez badago argitaletxe-sistema indartsurik zer egin behar dute? Loteria jokatu? Kandelak jarri? Dituzten baliabideen araberako argitalpenak egiten dituzte, zain egon gabe." Eta Ignasiren hitzen, Euskal Herrian ere horixe dugu alde: dena sortzeke dagoela eta, beraz, ideia guztiak direla posible. "Ez dagoela ezer? Egin dezagun."

Antzeko kasua da Sarah Wiesmann eta Heike Herold-en Bremer Stadtmusikanten (Bremengo musikariak) proiektuarena ere, Alemaniako bi ilustratzaile dira, eta beste ilustratzaile batzuekin batera, bi koloretan autoeditatzen dituzte euren lanak. Ildo horretakoa da Belgikako Esperluète éditions autoedizio-argitaletxea ere, Yunmee Kyong y Katrin Stängl ilustratzaileek sortua.

Badira autore batzuk "komertzialak" ez diren gaiak jorratu nahi izaten dituztenak, eta argitaletxeekin borrokan hasi beharrean autoedizioaren aukera egiten dute. Hori da, esaterako, Le petit garçon qui n'existait pas ipuinaren kasua. Ume bakarti bati buruzko istorioa kontatzen du, nola gurasoek ez dioten kasurik egiten, ezta lagunekin ere... Azkenean, kamioi baten azpian hartu eta hil egiten da haurra. Eta inor ez da ohartzen. Nola saldu gai hori editore komertzial bati? Gauza bera gertatzen da Wolf Erlbruch-en Ratas liburuarekin ere. Ilustratzaileak Gottfried Benn-en Gaztetasun ederra poema hartzen du oinarri, Morgea eta beste poema batzuk liburukoa. Hildako ume baten tripetan jaiotzen diren arratoikume batzuen istorioa kontatzen du poemak, nola bizi diren neskatoaren heste eta tripei esker, heriotzari eta bitzari buruzko poema indartsuan. Baina zoaz, zoaz gure argitaletxeetako batera eta eskaini gai horri buruzko album ilustratu bat... Bi aukera daude: kexatzen jarraitu edo alternatibak topatu.

Beste eredu bat: Gatomalo argitaletxea, Bogota. Enrike Lara unibertsitateko irakasleak bere soldataren zati bat inbertituta sorturiko argitaletxe txikia da. Lagunei, ikasle ohiei eta kolaboratzaileei autoeditatzen laguntzen die, eta bere gain hartzen du banaketa. Horrek ez du esan nahi Bogota eta Medellingo liburu-denda guztietara iristen denik, autorik ere ez du, baina hauturiko liburu-dendetara eramaten ditu liburuak, eta txartelak, kontaktuak eta abar banatzen ditu interesa leukaketen guztien artean.

Dena den, banaketari dagokionez ere ereduak anitzak dira. Autoeditatzea ez da (edo ez bakarrik) liburuak norbere poltsikotik ordaindu eta norbere lagunei oparitzea, berriro diogu: ez dugu idazle edo ilustratzaile frustratuaren kapritxotzat ulertu behar. Autoeditatu daiteke eta zirkuitu profesionaletan lehiatu, irakurle-sareak sortuz, artearen aldeko apustu berritzailea eginez.

Eta Euskal Herrian?

Egia da Euskal Herrian ez dagoela autoedizioaren kultura handirik, ezta Espainiako estatuan ere. Baina Igansi Blanchek Kataluniako adibidea jarri zuen, eta duela urte batzuk autoedizioa ia existitzen ez bazen ere, gaur egun, Sant Jordi azokan bada zirkuitu paralelo bat, autoeditaturiko liburuz osatua.

Gurean badugu eredu bat: Batbada proiektua. Oreretako Mikelazulo kultur elkartearen proiektuetariko bat da Batbada. 1995. urtetik sormenari loturiko proiektuak bultzatu ditu Mikelazulok: poesia errezitaldiak, aste kulturalak, sormen-bidaiak, teatro-ekintzak, argitalpenak, proiektu esperimentalak, hileroko erakusketak... Batbadaren helburua sortzaile berrien lanei bidea egiten hasteko aukera ematea da. Normalean amaitu gabeko lanekin abaitzen da, eta lan horiek irakurle-lantegian jorratu ondoren, autoreak erabakitzen du liburua argitaratu ala ez, baita nola argitaratu ere. Autoedizioaren alde egiten dute eta, fisikoki, lanen ale bakarra argitaratzen dute, hainbat alorretako sortzaileek artista-liburu moduan atondua. Ale bakar Horiek Mikelazulo elkartean bertan jartzen dituzte irakurleen eskura eta, gainerakoan, liburuak sarean daude copyleft lizentzia baten pean doan eskuratzeko moduan. Batbada proiektuarekin argitaratu dute, besteak beste, Idoia Beratarbidek (Begira), Ander Fernandezek eta Maite Gurrutxagak (Matilde eta atea), Jon Olanok (Ebaki) edo Asier Sarasolak (Poems, everybody poems).

Zer, deituko al diogu inoiz Ignasi Blanchi "egin dugu!" esanaz?

Irudiak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)