Erreportajeak

David Foster Wallacen lanei so

Ostirala, 2016-09-30

Orain 20 urte argitaratu zen David Foster Wallacen Infinite Jest eleberri ezaguna. Lan hori ez, baina Wallacen beste batzuk irakurgai dauzkagu euskaraz, eta, efemeridea aprobetxatu dugu, horiei guztiei errepasoa egiteko.

David Foster Wallace (New York, 1962 – Kalifornia, 2008) idazle estatubatuar sonatua, bere belaunaldiko idazle garrantzizko eta eragin handikoenentzat dute askok. Unibertsitate-irakasleen semea: aita filosofiako irakaslea zuen eta ama, aldiz, ingelesekoa. Giro honetan hazteak izugarrizko eragina izan zuen Wallace adimentsuaren izaeran eta familia intelektualaren irudia bere lan askotan errepikatzen da, agian nabarmenen Infinite Jest (Little Brown, 1996) eleberri mardulean. Wallacek berak ingelesa eta filosofiako ikasketak egin zituen Armherst Collegen, eta  summa cum laude graduatu 1985ean. Bi urte beranduago idazkuntza sortzaileko masterra erdietsi zuen Arizonako unibertsitatean. Urte berean lehendabiziko eleberria argitaratu zuen, hain zuzen, The Broom of the System (Viking Press, 1987) eta horren ondotik etorri zen Girl with Curious Hair (W.W. Norton & Co., 1989) narrazio bilduma. Aurrez aipatutako Infinite Jestekin iritsiko zitzaion arrakasta kritikoa zein komertziala.

Unibertsitate irakasle gisa jarduteaz gainera, artikulugile oparoa ere izan zen DFW, besteak beste Rolling Stone, The New Yorker edo Harper’s Magazine aldizkarientzat saiakera antzeko lan ugari idatzi zituen. Horietako asko hainbat liburutan bildu dituzte, hala nola, A Supposedly Fun Thing I’ll Never Do Again (Little Brown, 1997) eta Consider the Lobster (Little Brown, 2005).

Euskaraz, Wallacen lau lan irakur ditzakegu.

SUIZIDIOA OPARI-ANTZEKO

Itzultzailea: Ibon Egaña

Volgako Batelariak taldearen blogean argitaratu zuten Wallacen ipuin hori, 2008an, autorea hil eta gutxira. Uxue Apaolazak egin zion sarrera itzulpenari, eta hainbat kritikari eta idazleren hitzak bildu. Besteak beste, Woody Allen zinegilearen iritzia ere ekarri zuen Apaolazak:

Foster Wallace, nobelagile melvildarra izateaz gain, estatubatuar narratiba berriko ipuingile aktibo onena zen. Bere ekarpena kalkulaezina izan zen tradizio bat agortzea hartu baitzuen helburu eta beharbada bat asmatzea, berarekin hasi eta amaituko dena (…) Foster Wallace-k bere narrazio motzekin tradizio oso bat desafiatu nahi izan zuen eta jakintza sakonetik baizik ezin izan zuen egin.

Ipuin horietako bat dugu Suizidioa opari-antzeko. Wallacen idazketa-estiloaren ezaugarri nabarmenetako bat ere agertzen da lan horretan, oin-oharrak erabiltzen baititu.

POP ASMAKIZUNA 7

Itzultzailea: Danele Sarriugarte

Elerazi blogean argitaratu zen beste ipuin hau. Labur-laburra baita, osorik ekarri dugu hona:

Emakume bat ezkondu egiten da familia oso aberats bateko gizon batekin, ume bat izaten dute elkarrekin eta izugarri maite dute biek umea, baina denborak aurrera egin ahala geroz eta estimu gutxiago diote batak besteari, harik eta, azkenean, emakumeak gizonarengandik dibortziatzeko eskakizun bat aurkezten duen arte.  Hala emakumeak nola gizonak nahi dute umearen zaintza lortzea, baina emakumeak segurutzat jotzen du azkenean berarentzat izango dela, gauzak modu horretan gertatu ohi direlako dibortzio legeari esker. Baina gizonak biziki desio du zaintza. Ez dago argi aitatasun-bulkada ikaragarria sentitzen duen eta egiatan umea zaindu nahi duen, ala, bestela, mendeku hartu nahi duen dibortzioa eskatu diolako eta, beraz, emakumeari egurra eman nahi dion zaintza kenduz. Baina horrek ez du axola; izan ere, garbi dago gizonaren familia aberats eta boteretsua, oso-osorik, gizonaren alde dagoela aspektu horretan, eta familiari iruditzen zaio zaintza gizonari eman behar diotela (familiaren seme bat izanik gizonak nahi duen guztia lortu behar duela uste dute seguru asko; bai, mota horretako familia dira). Gauzak horrela, gizonaren senideak emakumearekin harremanetan jartzen dira eta jakinarazten diote mendekua hartuko dutela baldin eta emakumea haien semearekin borrokatzen bada umearen zaintza lortzeko, eta moztu egingo dutela jaio zenean umearentzat zabaldu zuten funts fiduziario miragarria, zeina nahikoa oparoa baita umeak finantza-segurtasun egokia izan dezan bizitza guztirako. Gizonarentzako zaintzarik ezean, umearentzat funts fiduziariorik ere ez da izango, esaten diote. Hortaz, emakumeak (zeinak, bidenabar esateko, ezkonaurreko akordio bat sinatu baitzuen eta ezin baitu dibortzioaren ondorioz ezer jaso ez ordainsari ez banantze-sari gisa, zaintzaren asuntua nola konpontzen den gorabehera), emakumeak zaintzari buruzko auzia abandonatzen du eta gizonari eta haren familia nazkagarriari uzten dio umearen zaintza, umeak funts fiduziarioa izaten segi dezan.

G: a) Ama ona da?[1]


[1] b) (aukerakoa) Azaldu ea (a) galdera erantzuteko orduan eraginik izango lukeen eta, eragitekotan, zer modutan eragingo lukeen honako datu gehigarri honen berri izateak, alegia, emakumea pobrezia giro oso etsigarrian hazi zela.

HAU URA DA

Itzultzailea: Danele Sarriugarte

Graduazio-ekitaldi batean hitz egitea egokitu zitzaion Wallaceri 2005ean, Kenyon College unibertsitatean, eta egoera horretarako ondu zuen testuak sekulako arrakasta izan du gerora. Hau ura da deitzen da hitzaldi hori. Elearazi blogean argitaratu zen estreina, eta, orain, Ana I. Moralesen ahotsean ere aditu daiteke, Xerezaderen artxiboa podcastean. Hauxe, blog horretako amua:

Izan al duzu inoiz zeu protagonista ez zaren bizipenik? Ez? Guk ere ez. Ez al da bitxi xamarra, ni eta zu eta beste hura, denok izatea aldi berean unibertsoaren erdigunea? Eta hori egia ez bada? Eta zein da egia? David Foster Wallacek kontatzen dizu zein den bere ustez letra larriz idatzi beharreko Egia.

SEKULA GEHIAGO EGINGO EZ DUDAN GAUZA USTEZ DIBERTIGARRI BAT

Itzultzailea: Danele Sarriugarte

Orain arte, sarean argitaratutako lanak aipatu ditugu. Hala ere, aurten argitaratu da Wallacen lehen euskarazko itzulpena, Pasazaite etxearen eskutik. Aurrez esan moduan, Wallacek kazetaritza-lan ugari egin zituen bizialdian, eta horietako batzuk hain ziren mamitsuak ezen liburu formatuan ere kaleratu baitziren. Horietakoa dugu Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat, itsas bidaldi luxuzko baten kronika ezinago ironiko eta dibertigarria. Hemen irakur dezakezue liburuaren lehen atala.

Liburuari buruzko iruzkin bat idatzi zuen Harkaitz Canok El Correoko Territorios gehigarrian, eta hauxe esan:

DFWen begirada beti da kritikoa. (...) Itsasontziko bizitza, kasta sistema euro-zentriko baten eran deskribatzen du idazleak. Finean, turistak atzean utzi nahi lukeen mundu klasistaren eskala txikiko kopia klaustrofobikoa baino ez da kruzero bat. Txiste txar bat, kondaira urbano bat, kalkulu ekonomiko xehe bat, ontziari buruzko datu tekniko bat… edozer baliatzen du DFWek bere idazkerari fikzioaren giharra eta tankera emateko. Zehaztasun obsesibo eta autokontzienteegi batek definitzen du bere estiloa, kanpotiko mundua jasotzen duten gorputzeko neurotransmisore hipersentiberak, biluz eta oskolik gabe, zuzenean bere inguruarekin estekaturik baleude bezala. Bere idazkera hain erakargarri eta muturreko bihurtzen duen bertute hori sofrikario zitzaion, agian, bizitzan, baina irakurlearentzat etengabeko gozamen iturri da. Egia da oso grafikoa eta bisuala dela batzuetan, baina harro dago, halaber, ez duelako kamerarik eraman bidaldian (ontziko “bakarra” ei da halakorik ez daramana). Idazleek ere hitzetan konfiantzarik ez dutela lirudikeen garaiotan, oroitzapenen eta xehetasunen gordailutzaren ardura gailuei delegatu diegunean, DFWek hitzetan du oraindik fede osoa. Hizkuntza berrasmatu behar badu, berrasmatu egiten du. Ez soilik darabil denok erabiltzen dugun ikusmen maiztua: usaimena, ukimena eta entzumena “entxufatuta” dauzka beti. Idazle gutxik dute inguruan gertatzen dena edo jendearen jitea harrapatu eta esaldi bakarrean sintesia egiteko halako gaitasuna (“Puruak erretzen ari ez direnean ere puruak erretzen ari direla ematen duen gisako gizonak”), eta are gutxiago, aldi berean istorioaren baitan bere burua edo bere animo egoera txertatu eta horri etekina ateratzekoa. Jazz inprobisatzaile handien musika egiteko modua dakar akordura; testua orain eta hemen sortzen ari den sentipena sortzen dio irakurleari, baina, aldi berean, naturaltasunez sortzen dela dirudien testu horren gaineko hausnarketa dago, eta hausnartu ondoren testua birsortu edo bere burua berrinterpretatu eta saboteatzeko gaitasuna, adarretatik joan eta harira bueltatzekoa. Melodia nagusiena dirudiena alboko zerbait bilakatu eta ezdeusa zirudien ñabardura lehen planoan jartzen duten solista handien etorria dauka DFWek. Liburua eta haren making offa, biak batera ematen ditu, haren sor-marka diren oin-ohar luzeekin horniturik. Bere burua eta ingurua etengabe zehazteko joerak, oin-oharren barruko azpi-oin-oharrak idaztera darama sarritan DFW, xehetasunetan galtzeko arriskua gainditu eta hipertestu literario gisako bat harilkatzeraino. Batzuetan, oin-ohar horien bidez, narratzailearen ahotsari —bere buruari— ironikoki erantzuten dion “bertsolari” bihurtzen dela eman lezake.

dfw-simpson

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)