Erreportajeak

Gazteak, literatura eta irakasle entusiastak

Ostirala, 2018-03-09

Zarata dabil: gazte askok ez du literaturarik irakurtzen. Izan gaitezen zintzoak: heldu askok ere ez. Hezkuntza literarioa ez da existitzen, ez da eskolaren ardatzetako bat. Baina existitzen dira kontrakarrean ari diren entusiastak.

Zarauzko Antoniano ikastetxean DBH4ko euskara eta literaturako irakaslea da Imanol Epelde eta gure hizkuntz-errealitatearen kontzientziatik abiatzea porposatzen du: “Hizkuntza minorizatu baten egoeratik abiatuta, bai ulermenak, bai prestigioak eta bai irakurzaletasunak zailtasun handiagoak dituzte”. Gaztelaniako irakasleak, ingeleseko irakasleak eta euskarako irakasleak ez dute abiapuntu bera, eta hortik, beharrak eta baliabideak diferenteak izatea ere: “Ingelesak ez dauka motibazio-lanik egin beharrik, euskara irakaslea kontrakarrean ari da: beharko ditu pasioa, entusiasmoa, kreatibitatea, ekina”.


"Frantzian denek dakite Jean Valjean nor den, Cosette bat izateak zer erran nahi duen. Ez dakit esaldi batean moroak garela erraten baduzu, edo arketipo gisa Ińaki Abaitua edo Bodega y Cuadra zitatzen badira ulergarria izanen den"


2017an hartu zuen erretreta Antton Lukuk (San Frantzisko, AEB, 1959), Donibane Garaziko lizeoan luzaz irakatsi ondoren: “Iduri zait gutitua izatea ez dela baitezpada ahultasun kasu honetan, beste hizkuntza dominanteetan literatura zaletasunaren transmititzea ez da errazago. Klasista da Frantzian, herrikoia Islandian, nahiz eta hau gutitua ez izan bere herrian, hiztun gutikoa bakarrik. Beharbada idazleen hurbiltasuna, militantzia... efikazak diren faktore horiek alde ditugu”. Hala ere, ohartzen da erreferentzialtasunean dagoen koskaz eta horrek duen muntaz: “Frantzian denek dakite Jean Valjean nor den, Cosette bat izateak zer erran nahi duen. Ez dakit esaldi batean moroak garela erraten baduzu, edo arketipo gisa Ińaki Abaitua edo Bodega y Cuadra zitatzen badira ulergarria izanen den. BEC-eko finalean, esaterako”.


Helburuak

Literatur irakaslearen helburuez galdetu diegu. Zer da maisu-maistra entusiastak lortu nahi duena? Oraingoan Lukuk egin dio gure errealitate partikularrari erreferentzia: “Gure jendarte euskalduna bezain xehatua den batean, lehengo gutunen funtzio bera du liburuak, itsasoen gainetik letrek zuten rol bera behar luke bederen. Gure populu kohesioa”. Baina ez da, noski, itu bakarra. Nahi luke “liburuaren trabesa konpreniaraztea. Sentiaraztea irakurtzean eta idaztean dagoela dena: gurearen erratea, distantzia kritikoaren adieraztea ezin erranaren parean, iradokitzearen artea edo azpierranaren hartzea. Eta horretaz solastatzea eten gabe”.

Epeldek beste kezka pertsonal bat aipatu du: “Nola egin erakargarri ikasleentzat hizkuntza literarioa? Gure helburuetako bi dira motibazioa eta ahozkotasuna lantzea”. Euskararen erabilerari buruzko datuak ditu gogoan: “Dakitenek erabiltzen ez badute, hizketan jarri beharko ditugu gazteak. Irakur dezagun kapitulu bat eta esan dezatela zer ikusi duten, zer gustatu zaien, zer ez, zein azpigai dauden, zer debate sortzen diren, nolakoa den liburuaren egitura, zein den narratzailearen ikuspuntua... Ez dezagun ahaztu hizkuntza gutxitu bateko literaturaren perspektibatik ari garela eta interesatzen zaigula, literaturara hurbiltzeaz gain, gazteak hizketan jartzea”.

Lukuk ere ahozko literaturaren erreferentziaz eta haren galeraz egin du gogoeta: “Orain arte hemengo hiru probintzietako gazteek erreferentzia bera zuten, ahozko literatura bat, zaharrei entzuna, nahasten baitu kontatzeko ahal handia, zirto edo ateraldi motzez betea, elipsi esanguratsuak... Orain erreferentzia fisiko horiek ehorzten ari garenean, premiazkoa da beste eredu batzuk proposatzea, lehengoa bezain aberatsak eta erakargarriak, sentimenduz berdin bustiak. Ez dut nik literaturan baizik posible ikusten”.

Gazteei oinarrizko galderaren erantzunera iristeko bideak seinalatzea ahazten zaio, agian, eskolari. “Galdetu gabe galdetu behar genieke: zertarako irakurtzen dugu?”, dio Epeldek. Galdera horren erantzuna dateke irakurleak sortzen dituena. Bizipen berrien bila, kontzientzia hartze berri baten esperantzan, ideia berrien gose, asoziazio berrien irrikan, besterengan gure emozioak errekonozitu nahian, lagunarterako hizpide posibleen xerka, debaterako aukerak zabaltzeko... Zertarako irakurtzen dugu? Urrun gaude ikasle (eta irakasle) gehienek literaturari halako baliorik aitortzetik.


108

Zer irakurri?

Atzera begiratzen du Lukuk, ikasleekin egin izan duen lanketara: “Bukatu da eta dolu dut horretan ez ezarririk kalipu gehiago, aurkeztu ez diedan aniztasuna. Ausartago ez izanik. Hautatu ditut hedabideetan aipatuak ziren liburuak, nire ustez politikoki aipatu behar zirenak, kulturalki normalizatua balitz gurean irakurriko zituztenak, tira zutenak, hurbiltasuna bilatu dut, balizko urruntasun handiena ere bai”.

Idazlea eskolara gonbidatzearen eragin baikorraz mintzatu dira biak: “Idazleak ikasleei aurkeztu nahi nizkien pertsonak ziren, haien euskara entzun zezaten eta hori erratearekin ahalketzen naiz bietan, niretzako funtsezko diren anitz ez baitut gomitatu...”.

Berari funtzionatu dioten irakurketak aipatu ditu Epeldek: “Patxi Zubizarretaren Gizon izandako mutila irakurketa exigente-samarra izan liteke hiztegi aldetik, baina badu tira, istorioak mila gorabehera dauzka eta asko gustatzen zaie”. Eskolan narrazioak duen nagusitasun erabatekoaz penatzen da: “Poesia ez da apenas ukitzen, are gutxiago antzerkia”. Imanol Epeldek Artezek ateratako antzezlan batzuk eta Vincens argitaletxeak argitaraturiko beste batzuk ere irakurri eta landu ditu eskoletan. “Asko gustatzen zaizkit Martin Ansoren elezaharrak ere. Poesian, Pako Aristiren “Libreta horiko poemak” komentatzen dugu, eta interesgarria da ikasleen aldetik ikustea nola egiten duten liburu horren errebisio feminista, nola irakurri nuen nik bere garaian eta nola irakurtzen dudan orain”. Aurreiritzien kontra borrokatzen da: “Poesia ez zait gustatzen” niretzat ez da existitzen: Susa literaturak aukera handia ematen du poeta bataren eta bestearen poemetan arakatzeko, probak egiteko... Webgunean sartu eta testeatu egiten dugu”. Musikara ere jotzen du: “Kanten letrak lantzen ditugu, Berri Txarrakenak, Kerobiarenak..., zer pentsa ematen dutenak, interpretaziorako irekita daudenak. Bizioren kantak (ikus dezaten euskaraz ere egin daitekela hori), bideoklipak... Baliabide taula bat dugu halako materiala partekatzen duguna: abestiak, bideoak, iritzi-artikuluak eta notiziak...”.


"Bultza dezagun banakako irakurketa, baina baita ere binakakoa, taldekakoa. Irakaslea hor baldin badago literatura “konplexuagoa” edo aberatsagoa gozatzea errazagoa egingo zaie, baina giltzak eman behar zaizkie, eta aldamenean egon"


Kolektiboki irakurtzeaz

Bakarkako jardueratzat jotzen da irakurketa eta, hain zuzen, hor ikusten dute bi irakasleek gakoetako bat: “Horretan da debatea: azpi errana baita literatura, eta mintzagai bilaka daiteke garagardoa eskutan. Frantzian etengabeko auzia egiten zaio irakaskuntza sistemari 11 urtean %20k ez dakiela irakurtzen. Nik uste dut %100ek ez dakiela: espero dut nik irakurtzen dudala duela 5 urte baino hobeki. Uste dut kolektiboa dela ere irakurketa, nozio hori dugula huts egiten, eta horren itzulian ez eraikitzen”. Ezin adosago dago Epelde: “Uste dut eskola-orduetara ekarri behar dugula irakurketa. Bultza dezagun banakako irakurketa, baina baita ere binakakoa, taldekakoa. Irakaslea hor baldin badago literatura “konplexuagoa” edo aberatsagoa gozatzea errazagoa egingo zaie, baina giltzak eman behar zaizkie, eta aldamenean egon”.


“Gazte-literatura” delakoaz

Iban Zalduaren Gazte literaturaren aurka artikuluan –(Euskal) Literaturaren alde (eta kontra) liburuan aurki dezakezue–, gazteentzat propio idatzitako literaturak irakurzaletasunean eragin ditzakeen kalteez hausnartzen du autoreak. “Lehen, gazte literaturatzat hartzen zena –emilio Salgari edo Jules Verne, esaterako– printzipioz publiko helduarentzat idatzitako eleberriak ziren, zeinak une batetik aurrera egoki ikusten hasi zbaitziren gaztetxoentzat... gauzak okertzen hasi ziren gazteentzako propio ekoiztutako gauza erraz eta –ez gutxitan- mengel horiek nagusitzen hasi zirenean: inpresioa daukat haien baitan gustu literarioa larriki zauritzeko arriskua ezkutatzeaz gain, irakurketaren esfortzua eta benetako plazera estaltzen dutela eta, gero eta gehiago erabiltzen direla, garai bateko literaturaren “klasikoen” ordez, bigarren hezkuntzako mailetan”.


"Gora tiratu behar dira ikasleak. Lizeoan negutegi gerizatu batean dira, badakite hori, kanpotik ate joka diren gauza horiek zaizkie interesatzen. Zaila zaie baina hortaz dira gose"


Antton Lukuk ez du sekula “gazte-literaturarik” irakurri batxilergoko ikasleekin: “Kolegio mailan badu garrantzia abentura liburuak, irri egingarriak, arinak, txarrak ere, zergatik ez, irakurtzeak, sartu behar dira corpus orekatu batean. Lizeoan desberdina da. Pentsatzen dut nik batxilergoa ate bat dela. Irekitzen delarik bizia badu gibelean, zurkaitzik gabeko espazioa, bere konplexutasun, beldur, amu eta ez dakit zer. Askatasuna eta galtzeko xantza. Gora tiratu behar dira ikasleak. Lizeoan negutegi gerizatu batean dira, badakite hori, kanpotik ate joka diren gauza horiek zaizkie interesatzen. Zaila zaie baina hortaz dira gose. Ez dira helduak baina helduen gaiak nahi dituzte eta horretaz ari izan behar dugu ene ustez”.

Oreka aipatzen du Imanol Epeldek: “(Literatura) Erraza eta zaila termino lokatzak dira, baina uste dut engantxatuko dituzten nobela batzuk irakurtzea ez dagoela gaizki, baina bestetik ere behar dela. Ez dela bat edo bestea. Konbinatzea. Elkarrekin irakurriko baldin badugu irakurketa-exigentzia handiagoa izango da. Behar da (Zalduaren) begirada horretatik, baina errealitatera ere etorri behar dugu: Urbil igandero betetzen da eta Trueba ez. Hala ere, lan egin behar dugu irakurle aktiboak lortzeko”. Bere esperientzia propioaren bila hasi da: “Nik Maialen Lujanbioren bertsoak jartzen dizkiet DBHn eta esaten didate ez diotela ulertzen. Nola trebatu ikasleak ulermen maila horretara irits daitezen? Kontestua emanda, elkarrekin entzunda... Horrek ez du esan nahi jarri behar ez zaienik! Baina hori ulertzeko, interpretatzeko, ateak irekitzeko giltzak eman behar zaizkie. Eider Rodriguezen ipuin bat klasean irakurriko nuke, laguntzarekin. Etxean eta bakarka gutxiengoak gozatuko du, gehiengoak ezingo lioke zukua atera. Aldiz, denon artean gehiago gozatzera irits gaitezke”.


ImanolEpelde

Irakurritakoarekin, zer?

“Eskolan, irakurketa lantzea gaur egun zera da: “tori liburu bat, irakurri etxean eta ekarridazu testu-iruzkin bat edo jarriko dizut azterketa bat” salatzen du Imanol Epeldek. Eskola-sortzaileak aldarrikatzen ditu: “Zergatik ez diegu irakurritako horretatik abiatuta sorkuntza-lan bat eskatzen? Interpretatu dezala infografia baten bidez, “pentsamendu bisuala” bezalako teknikekin, eska diezaiegun book-trailerrak egitea, edo bideo-litak –hartu poema bat, poema horren testua ahots gora grabatu eta musika base batzuk jarri–, argazki batzuk atera... Ikasleak egitera jartzearen garrantzia azpimarratzen du: “Ez baditugu eskolak sortzaile egiten gabezia handiak izango ditugu. Sorkuntza prozesua plazera da gehienentzat. Hasieran erreparo batzuk egon litezke, esango dizute “nola egongo dut nik poema bat?”... Esaten diet: “Aizu, logaritmoak egiten dituzu, ez?”.

Bi gako horiek txirikordatzearen garrantzia oinarrizkoa zaio Imanol Epelderi: batetik, elikatu; bestetik, sortzera jarri. “Bertso-eskolen eredua gustatzen zait: jaso-sortu eskutik helduta. Gazteak erabat akonplejatuta dauzkagu euren sormen-ahalmenei dagokienez. Asko birjinak dira. “Poesia” entzun eta izutu egiten dira –helduak ere bai–, baina poesia dago hizketan, hormetan, publizitatean, kantetan... Sormen-gaitasunarekin konplexu handiak dauzkate, eta harrituta gelditzen dira horretara jartzen direnean: “Hau nik egin al dut?”, “benetan al da beste hori nire gelakide batek idatzia?”. Eskola irekiak aipatzen dira, berritzaileak... Eta, kreatiboak? Hor indar egin behar genuke”.


Predikatzaile zuriak

“Alferrik da predikua eredurik ezean” ziurtatzen du Epeldek. “Lehen udan 4 liburu irakurrarazten geniezkien, bi euskaraz eta bi gaztelaniaz. Eta galdetzen nuen mintegian: zuetako nork irakurri ditu aurtengo udan euskal literaturako bi liburu? Irakurtzen al ditugu haiei eginarazi bezala ikasturtean 6 liburu? Horietatik 3 euskaraz? Eta udan beste 4? Horietatik 2 euskaraz? Eta gainera gero horiei buruzko lanak entregatu. Ez zait iruditzen ez justua denik ez emaitza onik ematen duenik”.

Epelde ez da predikatzaile zurien kastakoa, eskolatik sortu zuen, esaterako, Etxepare Rap: “Etxepareren testuak irakurtzen aritzen nintzen eta bururatu zitzaidan base batekin ondo geldituko ziratekeela eta, agian, ikasleei gustatuko zitzaiela. Lehen, joera zen buruz ikastea Etxepare nor izan zen, noiz jaio zen, zer obra idatzi zituen... Gaur egun ez diot horri zentzurik bilatzen, ikus dezatela irakaslea motibatuta Etxepareren testuak rapeatzen, zerbait ederra eta dibertigarria egin nahian. Bestela, mendi buelta bat egitera bidali eta norbera eserita geratzea modukoa da, eta gainera itzultzen direnean nota jartzea. “Jarri ditzagun poemak edo bideoak egiten!” esaten dugu; ados, baina egin ditzagun guk ere; idatz dezagun poema bat beraiekin... Ikusi gaitzatela lokatzetan lanean”.


Eskola ez da aski

Lukuk egin digu epilogoa: “Eskola ez da aski. Atearen beste alderdian da jokatuko. Sare eraikitzeari, trukeari, bestari, sorkuntzari lotua den zerbait bila nezake gazte banintz. Liburuari ikusgarritasuna, presentzia eman diezaiokeen zirkuitua...”. Galderak ditu: “Azken hamarkadetan euskal idazleek osatu duten munduak beharko du tresna batek herritartu eta erreferentzia bilakarazi: Eskola ote? Edo eskolatik kanpo saiatu behar dea zerbait? Zer behar da literatura abertzaletasunaren, aktibismoaren, euskaltasunaren, bizitzaren, modaren, bestaren zentroan ezartzeko?”. Orri zuriaren aurrean gaude.


GazteLiteraturaErrepo02

Hondarribiako Talaia BHI-ko liburuzaina

Eskoletako liburuzainak desagertzen ari dira, kendu egin dituzte, edo lanaldi osoan zeuden erdira pasa. Yoseba Peńak bi hereneko plaza du iaztik Hondarribiako Talaia institutuan, eta ordutik hainbat lan egin ditu:

  • Liburutegiko funtzionamendua berreskuratu (liburuak ordenatu, maileguan eman, kontrolatu, liburu berri batzuk erosi...).
  • Irakurle-txokoa eraiki eskolak erosi zuen alfonbrarekin eta gurasoek eman dituzten besaulki eta aulki dotoreekin (bi arau ditu txokoak: han esertzen direnek irakurri egin behar dute –ez apunteak errepasatu– eta isilean egon behar dute).
  • Ikasleentzako irakurle-klubak martxan jarri: besaulkietan eserita eta mahai gainean litxarreriak dauzkatela egiten dute. Hainbat klub sortu ditu: nobela-kluba DBH1-2koekin, nobela-kluba DBH3-4koekin, komiki-kluba eta manga-kluba. Ikasleek nahi beste klubetan eman dezakete izena. Liburuaren arabera, 5-10 ikasle joaten dira hitzordu bakoitzera. Arrakastatsuena manga irakurle-kluba izan da, ikasleek eurek proposatua. DBH3-4n 10 ikaslek eman dute izena. Ez dute liburua erosi beharrik: hasieratik izan dute Udal Liburutegia konplize.
  • Guraso eta irakasleentzako irakurle-klubak abiatu: 5 lagun biltzen dira.

“Relax Orriak”: egun seinalatuetan, boluntarioei ordubetez boz-gora irakurtzeko aukera ematen zaie (ikasleen %10ek hartu zuen parte).

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)