Erreportajeak

Kalean da Hegats 54, azal eta mami

Ostirala, 2016-12-02

Pasa den astean aurkeztu zuen Euskal Idazleen Elkarteak bere urteroko aldizkari Hegatsen 54. alea. Iaz, aldizkaria berritzeko apustua egin zuten, eta Lander Garro aritu zen zuzendari. Urtero lan-taldea aldatzeko apustua ere egin zuen Elkarteak, eta aurten Alaine Agirre jardun da koordinatzaile-lanetan. Erreportajeak, elkarrizketak, mahai-inguruak eta liburuei buruzko iruzkinak bildu dituzte, eta geuk erreportaje honetan dakarzkizuegu horiei guztiei buruzko xehetasunak.

Pasa den astean aurkeztu zuen Euskal Idazleen Elkarteak bere urteroko aldizkari Hegatsen 54. alea. Iaz, aldizkaria berritzeko apustua egin zuten, eta Lander Garro aritu zen zuzendari. Urtero lan-taldea aldatzeko apustua ere egin zuen Elkarteak, eta aurten Alaine Agirre jardun da koordinatzaile-lanetan. Erreportajeak, elkarrizketak, mahai-inguruak eta liburuei buruzko iruzkinak bildu dituzte, eta geuk erreportaje honetan dakarzkizuegu horiei guztiei buruzko xehetasunak.

Azalak, ikur

Hasteko eta behin, azalei erreparatu dio Jasone Osoro EIEko lehendakariak. Iaz abiatu zuen bide berri bat Idazleen Elkartearen urteroko aldizkariak. Lehiaketa irekia egin, eta Lander Garrok lortu zuen alearen gidaritza. Garro bera aritu zen argazkiak egiten, eta Savanna estudioak hartu zuen diseinuaren ardura. Erretratu indartsua ekarri zuten azalera: ITU bandako kide Peru Iparragirreren aurpegia agertzen zen, norbaitek eskuineko bat ematen ziola masailean. Kolpearen irudi horrek ondo islatzen zuen Hegats berriaren grina: biziberrituta zetorren, gazte eta fresko, ezohiko tokietara iristeko gogoz.

Beste batzuk aritu dira aurtengo lan-taldean: Alaine Agirre zuzendari, Zaloa Fuertes kamerarekin eta Sardina Grafika diseinuan. Bestelakoa da aurtengo azala, baina berdin da sinbolikoa. Joan Mari Irigoien idazlea agertzen zaigu, itzal-izpi batek aurpegia estaltzen diola. Zaloa Fuertes argazkilariak “kasualitatez” lortu ei zuen argazkia. Elkar argitaletxerako argazki-saio bat egiten ari zirela, itzala ikusi eta Irigoieni proposatu zion horrekin zerbait egiteko. Fuertesek adierazitakoaren arabera, bera ez da joaten argazki-saioetara ideia oso finkoekin; aitzitik, saiora joan, lanean hasi, eta egoerak eskaintzen dizkion aukerei tiraka sortzen ditu erretratuak.

Osororen ustez, euskal literaturaren beraren antza du azalak, izan ere, azal itzaltsua da, Irigoienen aurpegia ez da argi ikusten, eta, hala ere, aise identifikatzen du irakurleak. Euskal letrak ere halaxe, ilunetan egon arren batzuetan, aise identifikatzeko moduko mundu bat osatzen dute. Edonola den, Osorok azpimarratu du itzal horiek uxatzeko asmoa ere baduela aldizkariak. Joxean Muñoz kultur sailburuordearen hitzak makulu hartuta, ikusgarritasuna eta agerikotasuna bereizi baitzituen, honelaxe dio Osorok aldizkariaren sarreran: “Urteak daramatzagu sorkuntza ikusgarria egiten. Eta hasi gara urratsak ematen gure literaturari behar duen agerikotasuna emateko”.

Ion Sarasola, Jasone Osoro, Alaine Agirre eta Zaloa Fuertes aurkezpenaren egunean

Argazkiak, ikusgarri

Aldizkariko argazkien indarra azpimarratu du Agirrek, Hegatsen berrogeita hamalaugarrenari heltzeko nahikoa arrazoi ei baitira Fuertesen erretratuak. Argazkilariak aitortu du handia zela erronka, iazko egilea Lander Garro izanik. Hala ere, Garrok laguntza handia eskaini dio, eta, gainera, Fuertesek azpimarratu duenez, lan hau enkargua izan arren, bere kasara sortzeko eta irudikatzeko askatasuna eman dio Hegatseko lan-taldeak. Sardina Grafikako Ion Sarasola ere bat dator horrekin: erronka handia zen, baina askatasunez aritu da, eta zerbait garbia egiten saiatu, testuak eta argazkiak nabarmentzeko.

Edukiak, hostoz hosto

Ia ehun orrialde ditu aurtengo Hegatsen aleak. Akaso horregatik iruditzen zaio Agirre zuzendariari Hegats urtekaria ere izan daitekeela, aldizkaria baino. Hartu, apur bat gainetik orri-pasa egin, eta berandu baino lehen botatzen den argitalpentzat jo ohi ditugu aldizkariak. Agirreren esanetan, hori ere izan daiteke Hegats 54, baina hamaika elkarrizketa, erreportaje eta argazki biltzen dituen honek, orri-pasarako ez ezik patxadan irakurtzeko eta begiratzeko aukera eskaintzen digu.

Hitz eta pitz

Banan-banan errepasatu ditugu edukiak Agirrerekin. Lau idazle elkarrizketatu dituzte: Joxe Azurmedi, Eric Dicharry, Miren Gorrotxategi eta Koldo Izagirre. Xabier Mendiguren eta Itxaro Borda aritu dira elkarrizketatzaile-lanetan. Lau idazleek liburu bana kaleratu dute aurten: Azurmendik, saiakera-arloan, Gizabere kooperatiboaz lana kaleratu du Jakinen eskutik. Elkarrizketaz gainera, Azurmendik berak idatzitako testu bat dakar Hegatsek, eranskin modura. Zientzia ideologietatik libre ote den galdetzen dio pentsalariak bere buruari. Eric Dicharryk, bestalde, Errudun poema-liburua plazaratu du Maiatz argitaletxearekin. Miren Gorrotxategik Agustin Zubikarai beka jaso zuen iaz, eta horren fruitu da aurten Elkarren atera duen eleberria: 33 ezkil. Azkenik, Koldo Izagirrek orain gutxi plazaratu du Franco hil zuten egunak ipuin-bilduma, Susa etxearen eskutik.

Amu gisa, hona hemen elkarrizketa bakoitzeko titular bat:

Joxe Azurmendi: “Existentziak zentzurik ez dauka mundu justuago baten alde ahaleginez ez bada”.

Eric Dicharry: “Gure artean azken urteotan euskarari esker bizitzen den burgesia bat moldatu da”.

Miren Gorrotxategi: “Irakurlea kontakizunaren hari bati tiraka hasi eta, konturatzerako, beste batean harrapatuta gera zedin nahi nuen”.

Koldo Izagirre: “Gure belaunaldiak iraultza bat gauzatuko zuela uste zuen”.

 

Eric Dicharry (Irudia: Zaloa Fuertes)

Mahaiaren bueltan, bero

Bestetik, mahai-inguruak ere antolatu dituzte: hasteko, Karmele Jaio eta Jasone Osoro idazleak bildu dituzte, bigarreneik, Garazi Arrula eta Iñigo Roque itzultzaileak, eta, azkenik, Iñigo Aranbarri, Pako Aristi eta Juan Luis Zabala. Elkarrizketatzaile-lanetan aritu dira, hurrenez hurren, Alaine Agirre, Xabier Mendiguren eta Garbiñe Ubeda.

Jasone Osorok eta Karmele Jaiok liburu bana argitaratu zuten iaz, biek ere Elkar etxearen eskutik: lehenak, eleberria, 12etan bermuta. Agustin Zubikarai bekaren bultzadari esker ondu zuen lana. Hainbat urte zeramatzan Osorok helduentzako literaturarik kaleratu gabe. Jaioren liburua ere berezia zen bere ibilbidean, izan ere, poesia jorratu baitzuen estreinakoz, eta Orain hilak ditugu liburua plazaratu. Bi idazleak bat datoz: idazteaz ari, uste dute zaila dela zerbait idaztea, biluztu gabe.

Garazi Arrula eta Iñigo Roque itzultzaileak dira biak, pasioz. Elkarlanean ere jardun dira: F.S. Fitzgeralden hainbat ipuin euskaratu zituzten, eta Elkar etxean argitaratu: Gau ilunekoak (2014). Euren kasa ere itzuli dituzte hamaika idazleren lanak, besteak besten Walter Benjamin eta Clarice Lispectorrenak. Itzulpenaren itzal-argietaz berbetan ipini zituen Xabier Mendigurenek, eta, tartean, zalantza eta galdera hauek bota zituzten Roquek eta Arrulak:

“Zenbat diru joaten zaigu euskaldundu nahi ez dutenak euskalduntzen eta zenbat diru euskaldun direnei euskarazko baliabideak eskaintzen?”

“Sarri iruditzen zait [argitaletxe gehienek] itzulpen ildo argi bat falta dutela”.

Iñigo Aranbarrik, Pako Aristik eta Juan Luis Zabalak ere liburu bana argitaratu dute azkenaldian, hurrenez hurren: Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna (Pamiela. 2016), Arrotz eta eder (Susa, 2015) eta Txistu eta biok (Algaida, 2016). Gainera, urte berean jaio ziren hirurak, 1963an, Urola bailaran: Aranbarri eta Zabala azkoitiarrak dira, Aristi, berriz, urrestillarra. Urolako magmatik ateratakoek hauxe esan diote besteak beste Garbiñe Ubeda elkarrizketatzaileari:

Aristi: “Literatura erne bizitzeko modu bat da, ezagutzen dudan modurik ederrena. Beti jakin-minez”.

 Aranbarri: “Literatura poztasuna da, eta aldi berean gaixotasun bat”.

 Zabala: “Jauzi bat bazegoen geure adinean. Gu baino bi urte zaharragoak zirenak ideologizatuago zeuden, bakoitza bere ideologiari lotuago”.

 

Jasone Osoro eta Karmele Jaio (Irudia: Zaloa Fuertes)

Hainbat gairen inguruan gogoetan

Erreportajeak ere ugari datoz Hegatseko orrialdeetan. Batetik, haur eta gazteen literaturaz idatzi du Peru Magdalenak, hainbat galdera makulu: Zertan ezberdintzen dira haur literatura eta helduena? Zer dira, bi literatur mota bereizi, literatura bakarra eta hartzaile bi? Hartzailearen arabera aldatzen al du idazleak bere literatura? Zer bilakatzen du testu bat haurrentzakoa, eta zer helduentzakoa? Horretaz guztiaz hausnartzeko, haur zein heldu literatura idatzi duten bost autorerengana jo du Magdalenak: Juan Kruz Igerabide, Leire Bilbao, Paddy Rekalde, Uxue Alberdi eta Patxi Zubizarreta.

Felipe Juaristik, bere aldetik, beste gai sonatu bati heldu dio: literaturaren eta gaixotasunaren arteko bidegurutzeari. Batetik, nazioarteko hainbat erreferente aipatzen ditu Juaristik, gaitzak pairatu eta artea sortu duten hainbat izen, hala nola Fiodor Dosteievski, Frida Kahlo eta Susan Sontag. Etxekoena ere miatu du: Anjel Lertxundi, Joan Mari Irigoien, Joxe Arantzabal, Miren Agur Meabe eta Alaine Agirre.

Igor Susaetak literaturarekin lotura estua duen arte-adierazpide bati erreparatu dio, eta toki berera heldu nahi duten bi bidetzat jo ditu musika eta literatura. Sei kantu-sortzaile elkarrizketatu ditu, eta kantuak idazteko langintzaz galdetu die: Andoni Tolosa “Morau”, Maite Larburu, Mikel Uraken, Txuma Murugarren, Jon Basaguren eta Anari Alberdi.

Azkenik, Gari Berasaluzek gertuko gai bati buruz idatzi du erreportajea, urruzunotarrei buruz, hain zuzen ere. 1985ean jarri zuen martxan Urruzuno idatz-lehiaketa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, bigarren hezkuntzako ikasleei begira. Orduz geroztik, ehunka gazte ibili dira bidaian eta elkar ezagutzan. Horietako bostekin hitz egin du Berasaluzek: Nagore Amondarain, Mikel Ayllon, Izaro Zinkunegi, Urtzi Urrutikoetxea eta Itxaso Paia. Amu gisa, Harkaitz Cano urruzunotar izandakoak bota zuen esaldi probokatzailea: “Atzera begiratuta, Urruzuno sariketa garrantzitsuagoa izan zen niretzat Euskadi Saria baino”.

Bi autoreren altxor kuttunak, eta askoz gehiago

Horretaz guztiaz gainera, bi atal berezi dakartza Hegatsek: batetik, Joseba Sarrionandiaren literatur lanetan agertzen diren toki errealen irudi-erreportajea egin du Zaloa Fuertesek. Erretratuak janzteko testuak aukeratu dituzte, Sarrionandiaren hainbat lanen artean. Bestetik, bere bizitzako liburu kuttunez idatzi du Joan Mari Irigoienek, liluratu duten liburuez, hain zuzen. Gogora dakartza, besteak beste, Gabriel García Márquezen Cien años de soledad, Juan Rulforen Pedro Paramo, Fiodor Dostoievskiren Krimena eta zigorra, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua, Jon Miranderen Haur besoetakoa eta Hermann Brochen Virgilioren heriotza.

Urteko albisteei ere begiratu die Hegatsek. Horretarako, urteko gertakarien denbora-lerroa osatu dute (urrirainoko gertakariak biltzen ditu), eta, gainera, aurten kaleratutako hamasei libururi arreta jarri: Feriatzaileak (Patxi Larrion, Susa), Izenik gabeko lurrak (Urt Zubiaurre, Erein), Kamaradak (Joxe Iriarte “Bikila”, Txalaparta), Ispilu biluziak (Edu Zelaieta, Pamiela), 100 kantu (Manex Pagola, Elkar), Zerua beti beherago dago (Karlos Linazasoro, Utriusque Vasconiae), Hauts haietatik (Unai Villena, Elkar), Globalizazioak eta erdi aro berria (Joseba Gabilondo, Erein), Gaueko zaintzailea (Julen Belamuno, Elkar), Borroka armatua eta kartzelak (Oihana Etxebarrieta eta Zuriñe Rodriguez), Fotogramak (Goiatz Labandibar, Elkar), Zazpigarren heriotza (Juan Gorostidi, Erein), Maite poemak hasiberrientzat (Juan Kruz Igerabide, Denonartean), Elur bustia (Pello Lizarralde, Erein), Alde erantzira nabil (Ekhine Eizagirre, Susa) eta Airearen isla (Mikel Hernandez Abaitua, Elkar).

Irudia: Zaloa Fuertes

Hegats, proiektu zabalago baten parte

Euskal Idazleen Elkartearen urteroko aldizkaria dugu Hegats, hala ere, aldizkari-urtekaria ez da EIEren komunikabide bakarra. Elkarte horrek bultzatzen du Bizkaia Irratiko Irakurrieran irratsaioa, bai eta atari hau ere, Hitzen Uberan. Horrexegatik, bi proiektuei buruzkoak aletu dituzte aldizkariaren azken orrialdeetan. Hitzen Uberaneko kideok antolatutako urteurren-festako argazkiak eta kronika ekarri dituzte, eta, horrez gainera, Irakurrieran saioko gidari Gotzon Barandiaranek agur-hitz batzuk eskaini dizkio urtetan irratsaio-kide izan duen Edorta Jimenezi.

Non eta nola eskuratu Hegats

Aldizkaria liburu-dendetan eskura daiteke, eta harpide ere egin zaitezkete eie@idazleak.eus helbidera idatzita. Bestalde, aldizkaria berriro aurkeztuko da Durangoko Azokan, astelehenean (abenduak 5), 13:30etan, Ahotsenean.

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)