Albisteak

Katixa Agirre: “Zortetik asko dauka lehiaketa bat irabazteak”

Hesperia, California ipuinarekin Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa irabazi duAsteartea, 2015-12-22

Katixa Agirrerenarekin batera, beste 62 ipuin aurkeztu ziren Bilboko Udalak sustatzen duen lehiaketa honetara. Joan den urteko kopuruaren bikoitza. Epaimahaiak ordea, Katixa Agirreren Hesperia, California kontakizuna nabarmendu du. Idazleak berak adierazi digunez, “errepide istorio bat da, bi bikote, biak ere arazoekin, Californiako errepideetatik bidaiatzen alokatutako auto batean”.

Fernando Morillo, Ana Urkiza eta Arantxa Urretabizkaia idazleek osatu dute epaimahaia, eta euren iritziz, “Katixa Agirre idazlearen kontakizunak tonu bikaina eta freskotasuna ditu”.

Gaztelaniazko sailean, Elena Alonso Frayle bilbotarrak irabazi du, Misericordia ipuinarekin.

Katixa Agirrek urte borobila osatu du. Lehiaketa hau irabazteaz gain, Atertu arte itxaron nobela plazaratu zuen 2015eko martxoan Elkarrekin.


Euskarazko 63 lan aurkeztu dira aurten. Zer suposatu du zuretzat lehen saria irabazteak?

Katixa Agirre. Poztasuna, noski, eta zorte handia izan dudan sentsazioa, izan ere, zortetik asko dauka lehiaketa bat irabazteak.

Hesperia, California ipuinari esker eskuratu duzu lehen saria. Zer kontatu nahi izan duzu lan honen bitartez?

Atertu arte itxaron (Elkar, 2015) nobela amaitu aurretik idatzitako ipuina da, baina badu asko eleberri horretik ere. Hau ere errepide istorio bat da, bi bikote, biak ere arazoekin, Californiako errepideetatik bidaiatzen alokatutako auto batean. Hemen ere bidaia fisikoa barrutik gertatzen den beste bidaia baten isla baino ez da. Estatu Batuetan kokatuta dagoenez jacuzziak, likore-dendak eta motelak agertzen dira.

Saritutako ipuin hau noiz irakurri ahal izango dugu?

Katixa Agirre. Bilboko Udalak hartzen du bere gain argitalpena, argitaletxe baten bitartez, baina uste dut itxaron egin behar dela, bi urteetako saridunak batuta argitaratuko baita.

Atertu arte itxaron nobela plazaratu zenuen martxoan, eta Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa irabazi duzu azaroan. 2015a urte borobila izan da zuretzat, ezta?

Katixa Agirre. Alde batetik bai, baina bestetik 2015ean ez dut ezer idazteko astirik izan eta horrek pena handia ematen dit. Nolabait ereindakoa jasotzen ibili naiz aurten, baina bada garaia berriz ereiteko. Horra 2016rako nire asmoa.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)