Albisteak

“Moskuko urrea” izeneko liburua plazaratu du Juanma Sarasolak

Ostirala, 2015-01-09

“Moskuko urrea: kultur eta gizarte mugimenduen eztanda Irunen, 1983-1993” izeneko librua plazaratu berri du Juanma Sarasola Murgia “Xaun”ek autoedizioaren bidetik. Elkarrizketak, argazkiak... memoria ariketa zabala egin du egileak. (Argazkia: Berria).

Mosku deitu izan zaio Irungo Urdanibia plazari, sindikalisten biltokia zelako hartu zuen izen ez-ofizial hori auzuneak. 80eko hamarkada eta 90eko hasieran kultura eta gizarte mugimenduen eztanda ezagutu zuen Moskuk, eta izen erreferentzial ugari ekarri zituen mugimendu horrek plazara, tartean Euskal Rock Erradikalean kokatuak izan diren Kortatu eta Baldin Bada bezalako taldeak.

moskuko urre azala

Nolanahi ere, musikatik haragoko eztanda izan zen hura, Euskal Herriko leku askotan bizi izan zenaren isla: gatazka politiko gordina, Franco hil osteko testuinguruan diktadurako egiturak oraindik bazterrotan itzalak zabaltzen, adierazpide alternatiboen loraldia, punk mugimenduaren eragina, fanzineak eta irrati libreak... bortizkeriaren beste muturrean sormen-askatasuna. Euskal Herriko leku gehiagotan asko-gutxi horrelako bizipenak pilatu baziren ere, Irunek bazituen bere berezitasunak: mugari itsatsitako herria zen neurrian kontraste gune, erdal eta euskal jatorriko erreferentzien talka...

Garai hura hobeto eta sakonago ezagutzeko parada eman du Juanma Sarasola Murgia “Xaun” idazle eta kazetariak Moskuko Urrea liburu berrian. Garai hartako bizipenak protagonisten ahotik jaso ditu egileak, elkarrizketa liburua baita funtsean dakarkiguna: Fermin Muguruza, Iñigo Muguruza, Jabier Muguruza, Mattin Sorzabalbere, Katu Susperregi, Clus Groten, Lisaböko Karlos Osinaga, Legaleon T. antzerki taldeko Espe Lopez, Caid Deceit eta Leize taldeetako Pedro Rodriguez, Temblores rockabillyak, Mikel Garikoitz... egileak berak aipatu izan duenez, “Kortatu, Baldin Bada, Vomito, Anti-Regimen eta beste hainbat talde eta haiek sortu zireneko testuinguru soziopolitiko nahiz kulturala eta Irungo Mosku inguruak 1983-1993an zeuzkan giroa eta sormena” ezagutzeko aukera ematen du liburuak, 50 bat protagonistaren lekukotasunen eta 400 bat irudiren bitartez. Irudi horien artean, liburuaren azalean jasotako honakoa:

moskuko urrea

Goian: Victor Pérez Cardiel, Juancar Pérez 'Pepe' ('Metal Violence' fanzinekoa), Bittor Alcalde, Fermin Muguruza, 'Katu' Susperregi. Behean: Luis Gallego (Depor-eko tabernarietako bat), Rafael Racero (besoarekin tapatua), Txemari Leitza (erdi tapatua), Paco Fernández 'Perkins', eta Maite Blanco. Depor taberna zaharrean, 1980ko hamarkada erdialdean.

Albiste honen uberan:

Egileari elkarrizketa Berrian

Elkarrizketa Zintzilik irratian

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)