Albisteak

'Altsasukoak aske' literatura lehiaketa, azken txanpan

Asteartea, 2018-01-02

Bi guardia zibilekin 2016ko urrian izaniko liskar baten ondorioz, Altsasuko hamar gazteri terrorismo delituak egozten dizkie Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Geroztik hona, auzipetuen alde ekimen ugari jarri dira martxan. Tartean, 'Altsasukoak aske' izeneko literatura lehiaketa. Nahi duen orok har dezake parte eta, aukeran, hiru dira modalitateak: poesia, narrazio laburra eta mikroipuina. Lanak aurkezteko epea aste honetan amaituko da.

Altsasukoak aske Literatura Lehiaketa. Oinarriak


Partehartzaileak

Lehiaketa honetan nahi duen guztiak parte har dezake.


Sailak

Lehiaketak hiru sail izanen ditu: narrazio laburra, poesia eta mikro-ipuina.


Kategoriak

Lehiaketaren sail bakoitzean honako kategoria hauek bereiziko dira:

A)   14-18 urte bitarte.

B)   18 urtetik aurrera.


Lanak aurkezteko epea

Lanak aurkezteko epea 2018ko urtarrilaren 4an bukatuko da. Lanak honako helbide honetan aurkeztuko dira:

Santa Kruz 36

31800 Altsasu / Nafarroa


Lanak aurkezteko modua

Lan guztiak goitizen batez izenpetuko dira. Gutun-azal handiaren kanpoko aldean garbi adierazi beharko dira honako hauek: lanaren izenburua, egilearen izengoitia, saila eta kategoria. Hori guztia ‘Altsasukoak aske’ lelopean.

Barnean, testua eta aparteko gutun-azal txiki batean egilearen datuak sartuko dira orri batean idatzirik: izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakia, helbidea, telefonoa, e-posta.


Baldintzak

a)     Lanak originalak eta euskaraz izango dira.

b)    Gaia ‘Altsasukoak aske’ lelopean sortuak.

c)     Lanek ondoko luzera izanen dute: olerkian 14 lerro gutxienez eta 30 gehienez; narrazioan, gehienez 2 orrialde; mikro-ipuinean, 10 lerro gehienez.

d)    Literatur lanak ordenagailuz idatzirik aurkeztuko dira, arial letra mota erabiliko da eta 12 puntuko hizki-tamaina.

e)     Lanak bakarkakoak edo taldekakoak izango dira.


Sariak

Kategoria bakoitzerako bina sari banatuko dira, diploma eta ‘Altsasukoak aske’ oparia. Saridunen berri hedabideetan jakinaraziko da urtarrilaren 22an.


Sari banaketa

Sari banaketa urtarrilaren 26an Altsasuko Gure Etxean ospatuko den ekitaldi publikoan egingo da. Bertan lan sarituak irakurriko dira.


Argitalpena

Altsasukoak Aske antolakuntzak, lanak argitaratzeko eskubidea izango du.


Epaimahaia

Epaimahaiko kideak literaturan adituak diren Sakanako herritarrak izango dira. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izanen da.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)
  • 64x64

    Herriak sumatzen zuen. Belarra ez zegoen hain berde, zuhaitzak ez zeuden hain sendo, eta haizeak desberdin jotzen zuen azkenaldian.

    Gau ilun hartako belar izoztua, bizirik zirudien beste izaki batek zapaldu zuen. Udaberriko berde kolorearen antzekoak ziren haren galtzak, baina pasatzen zen lekuetatik, usteltzen eta mintzen zuen lurra. Belarra gogortu, hostoak zorroztu eta lurra uzkurtu egin zen bota beltz eta gogor horiek sentitzean.

    Herriko 10 gazteek sumatu zuten eta lurra bezain beste sentitu zuten hotza, zorroztu zitzaizkien hortzak, begiak eta eskuak eta uzkurtu gorputza.

    Gaur, mundu guztiak sumatzen ditu urteko lehen argi izpiekin hazitako hosto berdeak, belarra eta haizea eta ozen oihukatzen du herriak; Altsasukoak aske!

    2018-01-03 11:07ane gebara