Albisteak

Igartza Saria, idazle gazteei zuzendua dagoen lehiaketa

Asteazkena, 2018-03-07

"Euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz". Helburu horiekin jaio zen Igartza Saria. 35 urte azpiko idazleek bakarrik har dezakete parte eta irabazleak 6.000 euroko dirulaguntza jasoko du. Sariketaren XXI. edizioa aurreko astean iragarri zuten, Ekaitz Goienetxeak Donostian eskaini zuen prentsaurrekoan. Beasaingo Udalak sustatzen du Igartza Saria eta Elkar zein CAF enpresaren laguntza jasotzen du.

1. Deialdi honetara, narratibako lanak (eleberri edo ipuin-bildumak) egiteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta beste inondik moldatuak ez direnak.

2. Deialdian edonork parte har lezake, baina, egile berrientzat bideratua dela kontuan hartuta, bi baldintza hauek bete beharko dira: Lana entregatzean 35 urte bete gabe izatea eta aurretik lan argitaraturik izatekotan, helduentzako bi liburu baino gehiago ez izatea. Bi baldintza horien muga, proiektuak jasotzeko unekoa (2018-06-30a) da. Sari hau behin irabazi duen idazlea ezingo da berriz aurkeztu.

3. Partehartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, posta elektronikoz atxikitako dokumentuetan:

a) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, 2-4 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.

b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.

c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa Udalak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri).

4. Proiektuak, 2018ko ekainaren 30a arte bidal litezke helbide honetara: kultura@beasain.eus

5. Igor Estankona, Garazi Kamio eta Miren Amuriza idazleek osatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2018ko irailaren 15a baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.

6. Bekako diru-kopuruaren erdia, irabazle izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan, lehen erdia jasotzen duenetik urtebetera hain zuzen ere.

7. Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez, idazlan amaitua Beasaingo Udalari helarazteko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 75 bat orrialde gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso beharko du.

8. Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

9. Diru-laguntza jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez eta ondoren ere, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikoek onespena ematen dutenetik sei hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.

10. Beka-deialdi honetan parte hartzeak, bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, epaimahaikoei dagokie erabakitzea eta epaimahaikoek egin ezean, Beasaingo Udalak erabakiko du.

Beasainen, 2018ko martxoan.


Argibide gehiago jasotzeko:

Beasaingo Udaleko Kultura Saila.

Loinazko San Martin plaza.

20200 Beasain (Gipuzkoa).

Telefonoa: 943 02 80 63.

Faxa: 943 02 80 71.

Posta elektronikoa: kultura@beasain.eus


"Ekaina bukatzearekin batera amaituko da lanak entregatzeko epea" 

Igartza Sariko oinarriak martxoaren lehenean eman zituzten aditzera. Beasaingo Udalak sustatzen du sariketa hau eta Aitor Aldasoro Iturbe alkateak lehiaketaren hainbat xehetasun eskaini zituen.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)