Albisteak

4. Zubi deialdia zabaldu dute

Astelehena, 2017-10-23

Euskarazko antzerki ikuskizunak laguntzeko proiektua da Zubi, Euskal Herriko arte eszenikoetako bederatzi eragilek bultzatua. Laugarren deialdian parte hartzeko oinarriak zabaldu berri dituzte. Azaroaren 30a bitarte aurkez daitezke proposamenak.

Hiru lan babestu ditu orain arte Zubi deialdiak: Dxusturi taldearen Konpota, auka Teatroaren Amodioaren ziega eta Beheko Larraineren Atte hil aurretik. Azken hau oraindik ere ikus daiteke euskal oholtzetan. Honatx antolatzaileek zabaldu duten deialdia eta gogoeta:

Laugarren Zubi deialdiaren oinarriak

"Badira zenbait urte, hainbat eragile euskal antzerki sorkuntza profesionalaren egoerari buruzko kezka, uste eta iritziak elkartrukatzeko biltzen hasi ginenetik.

Ordutik, sortzaile berriek zirkuitu profesionaletan sartzeko dauzkatzen zailtasunetaz jabetuta, gure neurri apalean egoera hau iraultzeko zerbait egiten ahalegindu gara. Horrela beraz, bakoitzak gure arlotik ekarpen bat egiteko konpromezutik, euskal antzerkiaren profesionalizazioa bultzatzeko helburu irmoarekin jaio zen ZUBI.

2012 urrun hartatik, Dxusturi Teatroaren Konpota, Lauka Teatroaren Amodioaren Ziega eta Beheko Larraineren Atte Hil Aurretik antzezlanak babestu eta bultzatzeko ardura eta aldi berean plazerra izan ditugu.

Abiatutako bide hontan jarraitzearekin tematuta, Zubiren 4. deialdia ireki dugu!

atte-hil-aurretik-_325Atte Hil Aurretik

Euskal Antzerkiaren Sortzaile Berriei Laguntzen

Zubi proiektua, euskal sortzaile berriei bultzada emateko sortzen den ekimena da, eta bertako kideek hautatua den proiektuari babesa emateko hartzen duten konpromisoa du oinarritzat. Durangoko San Agustin Kulturguneak, Kultur Leioak, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoak, Zornotza Aretoak, Kulturaz Azpeitiako Kultur Kooperatibak, Elorrioko Arriola Antzokiak, Hendaiako Mendi Zolan Kulturguneak, Zumaiako Aita Mari Antzokiak eta Artedramak sorkuntza berriak bideratzeko helburuarekin, Zubi proiektua tresnatzat harturik laguntza eskaini nahi diogu euskal antzerkiko lan bat aurrera eramateko, artista edo konpainia bati.

Ekarpena

Zubiko kideok hautatutako antzezlana bere sorkuntza prozesuan babestu, bultzatu eta laguntzeko konpromezua hartzen dugu. Laguntza hau globala izango da eta egokitua aukeratua den obrak dituen beharrei.

Estreinaldia kide garen eragileetako baten espazioan egiteko aukera eskaintzen dugu eta ondotik, emanaldi bana gainerako herri guztietan. Bultzatzaile bakoitzak, antzezlanaren katxeaz gain, diru zerbait ezarriko du sorkuntza prozesuko gastuak laguntzeko.

Gainera, entseguak egiteko aretoak eskainiko dira, egonaldi labur bat, eta baita aholkularitza artistiko tekniko eta kudeaketakoa, beti ere, proiektuaren beraren nolakotasunen arabera.

Hastapen prozesuan dauden aretoko eta formatu txiki edo ertaineko proposamen artistiko berritzaileen bila gabiltza, testua duten kasuetan, euskaraz izango dutenak.

Jarraibideak eta epeak

Proposamenak helarazteko, www.zubi.eus  webgunean sartu behar da, “oinarriak” atalean; bertan ageri den formularioa deskargatu, bete eta ehkozubi@gmail.com  helbidera bidali. Horretaz gain, gehienez 3 MB izango dituen informazio osagarridun artxiboa ere bidal daiteke bide bera erabiliz.

Proposamenak jasotzeko azken eguna 2017ko azaroaren 30a izango da.

Hautatutako antzezlanaren estreinaldia, 2017-18ko negurako aurreikusten da.

ZUbi ez da ohiko diru-laguntza deialdi bat eta bide horretatik, bateragarria da beste batzuekin;. Haratago joan nahi duen proiektua da gurea, sorkuntzaren beharretara egokituko dena, euskal sortzaileen jarduera profesionalizatzea ahalbidetuz.

www.zubi.eus atarian informazioa eskegita dago

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)