Albisteak

"Bingen Ametzagak tonu arina eta ironikoa ematen asmatu zuen”

1952an Shakespeareren 'Uda gau bateko ametsa' euskaratu zuenAsteartea, 2015-07-21

Bingen Ametzagak (Algorta, 1901-1969) William Shakespeareren Uda gau bateko ametsa liburua euskaratu zuen 1952an, artean erbestean zela. Baina itzulpen lan hark ez zuen argia ikusi. 63 urteren buruan, Ametzagaren itzulpenak liburu itxura hartu du. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren eta EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen elkartearen arteko hitzarmenari esker argitaratu berri dute. Edizioa aurrera eraman ahal izateko, Bingen Ametzagaren senideen eta Getxoko Udalaren laguntza izan dute.

Bingen Ametzaga (Algorta, 1901-1969) Getxoko zinegotzia izan zen 1931n, eta Hezkuntza sailburua lehen Eusko Jaurlaritzan. 36ko gerra hasi zenean erbestera jo behar izan zuen. Ingalaterrara lehenik, Argentinara eta Caracasera ondoren. Zuzenbidean lizentziatua, Caracaseko eta Montevideoko Unibertsitateetako irakaslea izan zen.

Euskal kulturaren eta euskararen alde aritu zen, eta itzultzaile lanetan nabarmendu zen batez ere. Euskaraturiko lan ugari argitaratu zituen, baina horietako asko argia ikusi gabe geratu ziren, tartean, Uda gau bateko amets.

Lan honetaz gain, getxotarrak literatura unibertsaleko beste hainbat lan euskaratu zituen, horien artean Oscar Wilden Reading baitegiko leloa, Shakespeareren HamletDanemark'eko erregegaya, Ciceronen Adiskidetasuna edo Juan Ramón Jiménezen Platero eta biok.


Bere garaian idatzi bezala eman da argitara

Ametzagaren itzulpen originala familiaren esku zegoen, eta Xabier Irujok, Bingen Ametzagaren bilobak, EIZIEren esku utzi zuen. EIZIEk orain, Donostia 2016 eta Getxoko Udalaren laguntzarekin, “Itzultzaile Aitzindariak” bilduman argitaratu du.

Elizabete Manterolak eta Xabier Irujok prestatu dute edizioa eta hizkuntzari dagokionez, testua idatzi zen garaian argitaratu izan balitz bezala plazaratzea izan da apailatzaileen helburua, ahalik eta aldaketa gutxien eginez. Bata bestearen jarraian aurkituko ditu irakurleak euskarazko eta ingelesezko bertsioak. Liburuaren amaieran, bestalde, hiztegitxo bat gehitu zaio, non gaur egungo euskal irakurlearentzat ezezagunak izan daitezkeen adierak azaltzen diren.


“Liburuak irakurketa aktiboa eskatzen du”

Elizabete Manterolak EIZIEko kidearen ustez, Bingen Ametzagaren lana aitortzeko balio du argitalpen honek. “Ametzagak uste zuen euskarak batasuna behar zuela  eta oso ausarta izan zen itzulpena bere unean zeuden baliabide gutxirekin egitean. Liburuak irakurketa aktiboa eskatzen du. Gipuzkera du oinarrian, nahiz eta beste euskalki batzuk ere erabili, eta guk moldaketa txiki batzuk baino ez ditugu egin. Jatorrizko testua oso bizia eta ingelesez duen tonu arina eta ironikoa ematen asmatu zuen Ametzagak”, hala irakurri diogu Elizabete Manterolari Getxoko Udalaren web orrian. 

UdaGauBatekoAmetsa

EIZIEk "Itzultzaile Aintzindariak" sailean plazaratu du Ametzagaren itzulpena.


Shakespeare gogoan

2016ko udan, William Shakespeareren heriotzaren 400. urteurrena beteko da. Aitzakia horrekin, Tanttaka konpainiak Uda gau bateko amets antzeztuko du Donostiako Cristina Enean parkean.

Ametzagarena ez da euskaraz egin den itzulpen bakarra. Bigarrena Aita Bedita Larrakoetxeak egin zuen eta 1974an argitaratu zen. Hirugarrena, berriz, itzulpen gaurkotua, Juan Garziak egin zuen eta 2014ko abenduan eman zen argitara EIZIEren webgunean. Azken hau izango da Tanttakak bere antzezpenean baliatuko duena.


Paperean, eta EIZIEren webgunean

Bingen Ametzagaren itzulpena paperean argitaratu dute baina edizio digitalean ere eskura daiteke, EIZIEren webgunean hain zuzen.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)