Albisteak

Etzi hasiko da Hitzez eta Ahotsez zikloa

Asteazkena, 2019-01-16

Seigarren urtez antolatu dute, Durangon, Hitzez eta Ahotsez zikloa. Aldiro, gai bat aukeratu, eta horren inguruan antolatzen dituzte hitzaldiak, solasaldiak eta irakurraldi girotuak. Aurten, askatasunaren inguruan jardungo dira. Hilaren 18an dute lehen hitzordua: Bertsoraino izeneko hitzaldia eskainiko du Uxue Alberdik.

Aurten, askatasuna

2014. urtean, Durangaldeko zenbait literaturzale batu ziren eta Sarri, hitzez eta ahotsez egitasmoa burutu zuten. Ia 200 lagun batu ziren. "Erantzun hori ikusirik, bigarren edizioa antolatzen animatu ginen”. Eta, urteek aurrera egin ahala, gehiago indartu da egitasmoa, eta seigarren edizioa antolatu dute jadanik. Aldiro, gai baten bueltan jarduten dira, eta, aurten, gai handia aukeratu dute: Askatasuna.

Etzitik hasi eta maiatzera bitarte, hainbat ekitaldi antolatu dituzte: etzi, hilaren 18an, Bertsoraino izeneko hitzaldia eskainiko du Uxue Alberdik, Durangoko Arte eta Historia Museoan, otsailean eta martxoan solasaldi dialogikoak egingo dituzte Bizenta Mogel Bibliotekan. Ondoren, apirilean Dorleta Kortazar ipuin kontalariak Berba Kateauak ipuin saioa eskainiko du, Bizenta Mogel Bibliotekan hori ere. Maiatzaren hasieran, Beldur eszenikoari aurre egiteko teknikei buruzko tailerra eskainiko du Julen Orbegozo EHUko irakasleak Plateruena Antzokian. Azkenik, Maiatzaren 10ean antolatu dute egitarauaren muina: Bazkaria, eta ondoren 7 orduko irakurraldi girotua egingo dute Plateruena Antzokian.

Nola iristen da emakume gorputz bat bertsoraino?

Esan moduan, etzi abiatuko da Hitzez eta Ahotsez zikloa. Uxue Alberdik irekiko du. Hain zuzen ere, Bertsoraino izeneko hitzaldia eskainiko du, Ane Arbeok aurkeztuta.

Itziar Okarizen galdera bati tiraka, "Nola iristen da emakume gorputza bat bertsoraino?", ikerketa- eta bilketa-lanari ekin zion iaz Alberdin. Hainbat emakume bertsolarirekin bildu zen, eta haien testigantzak bildu zituen: plazan egoteko moduaz, umoreaz, bertsotan lantzen diren gaiez, txapelketaz, sormenerako askatasun-marjinaz... Iruņean aurkeztu zituen estreina ikerketa horren ondorioak, Bertsolaritzari eta generoari buruzko ikastaroan, pasa den uztailean. Material horrekin guztiarekin liburu bat osatu du Alberdik (Kontrako eztarritik), eta udaberrian argitaratuko da, Susa argitaletxeko Lisipe bilduman.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)