Albisteak

Abuztu bete lehiaketa

Osteguna, 2017-07-20

Uda giroan irakurtzeko ez ezik idazteko gogoa daukanak, aitzakia ederra dauka aurten. Irailean amaituko dira hainbat literatur genero lantzen dituzten lehiaketetara lanak aurkezteko epemugak, besteak beste, Ernestina Champourcin poesia-lehiaketa edo Oihenart aforismo lehiaketa. Albiste honetan bildu ditugu lehiaketa horiei guztiei buruzkoak.

Irailak 2

Arabako Foru Aldundiak hiru lehiaketa antolatzen ditu urtero literaturaren arloan. Poesia, saiakera eta ipuingintza: hiru genero horietako lanak saritzen dituzte, hurrenez hurren, Ernestina Champourcin, Becerro de Bengoa eta Ignacio Aldekoa lehiaketek. Hirurak amaitzen dira egun berean: irailaren 2a da lanak aurkezteko azken eguna. Interesa daukanak, hemen beheko esteketan lor dezake informazio gehiago.

Ernestina de Champourcin lehiaketako oinarriak

Becerro de Bengoa lehiaketako oinarriak

Ignacio Aldecoa lehiaketako oinarriak

Irailak 7

Zazpigarrenez antolatu du EHUko Filosofia eta Zientzien Fakultateak Oihenart Aforismo lehiaketa. Antolatzaileek adierazi dutenez "Genero gisa, aforismoa zentzu zabalean ulertuko da, eta edozein aforismo kopuru onartuko da, euskaraz idatzitako testu laburrak, originalak eta paperean argitaratu gabeak baldin badira. Aforismoek ez dute emakumeen kontrako diskriminaziorik azaldu behar". Posta arruntaren bidez aurkez daitezke lanak, bai eta sareren bidez ere. Horretarako, nahikoa da twitterren botatzea nork bere aforismoak. Hiru sari emango dira. Hemen kontsultatu ditzakezue lehiaketaren oinarriak osorik.

Irailak 28

Narratiba ez baizik antzerkia idatzi nahi duenak ere badu zer landu abuztu honetan. Izan ere, Donostia Kulturak zortzigarren aldiz antolatu du Poltsiko Antzerki Sorkuntza saria, Donostiako Udalaren eta EHAZEren laguntzarekin. Formatu txikiko antzerkiak aurkez daitezke lehiaketa honetara, eta bi sari emango dira: irabazleak 4.000 euro jasoko ditu, eta finalistak, berriz, 3.200. Aurkeztutako lau lan estreinatuko dira Donostiako Poltsiko Antzerkia jaialdian. Hemen kontsultatu ditzakezue lehiaketari buruzkoak.

Irailak 30

- Zumaiako udalak antolatzen du Julene Azpeitia ipuin lehiaketa. 6 eta 15 folio bitarteko ipuinak saritzen ditu. Hiru sari emango dira: lehenengoa, bigarrena eta Zumaiako onena. Hemen kontsulta ditzakezue lehiaketaren oinarriak.

- Augustin Zubikarai sariak nobelak sortzeko beka gisa funtzionatzen du. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak XVII. edizioko oinarriak eman dituzte gaur argitara. Xehetasun denak esteka honetan topatuko dituzue: Augustin Zubikarai Saria.

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)