Albisteak

ADELeko antzerki programazioa, euskal teatroarentzat irla bat

Osteguna, 2019-04-11

Euskarazko teatroa du abiapuntu eta helburu Artedrama plataformak bultzatutako ADEL ekimena. Ikastaro intentsiboak, astebetez egunero euskarazko antzezlanak, aurten emakumeek gidatutako tailerrak guztiak. Jarraian topatu dezakezue zeintzuk diren aurten iluntzeetan ikusi ahal izango diren lanak.

Ikastaroak egunean zehar, haietan izena eman dutenetzat. Inentsitatea eta kalitatezko irakazleak izan ohi dira ikastaroen ezaugarriak. Iluntzeetan berriz, euskarazko teatroa, azkenaldiko uzta astebetez ikusteko aukera; jende ugari publikoan, eta elkargunea. Antzerkigile zein antzerkizale, elkarrekin tarte bat igarotzeko uneak. Hori izan ohi da Aulestiko topaldia.

Aurten ere, era anitzeko teatro erak egitarauan: teatro fisikoa, umore probokatzailea, testutik abiatutako lanak, estetika naturalistagoak, estetika fisikoagoak. Testua maite duzuenontzat, aipatzekoa da Joxemari Carrerek idatzi eta Eztenak publikatutako Zapatak obra gorpuztuko duela Ainhoa Alberdik; Miren Tirapu aktorea eta Gaizka Sarasolaren arteko kolaborazioaren emaitza da Manifestu bat bakarrizketa, lehenak sortutako pertsonaia batetik tiraka; Rubik taldearen Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak testugintzan aspalditik dabilen Xabier Lopez Askasibarren testuak darabilzki; Kepa Errastik idatzitako lanaren emaitza da Mami Lebrun, oholtza gainean ikusteko azken aukera izango denenean.

azala_zapatak

Aukera anitza eta zabala, jarraian ikus dezakezuena:

Apirilak 22, astelehena

-Udal aretoa, 21:00: Atx teatroaren “Zazpiak bat”

Nondik dator gizakiaren gaiztakeria? Berezkoa da? Ekidinezina da? 2018an 200 urte bete dituen Victor Frankenstein inspirazio moduan hartuta, gure kulturako zazpi pekatu kapitalak eta beste kulturetako beste hainbat hartu eta guztiekin gizaki berri bati bizia emango diogu, groteskoa, basatia, gupidagabekoa... Komeria, satira eta sarkasmoaren lengoaiarekin, guztiok alfonbra azpian ezkutatu ohi duguna agerian geratuko da.

Apirilak 23, asteartea

-Udal aretoa, 21:00: Ainhoa Alberdi eta Jurdana Otxoa "ZAPATAK"

Emakume bat. Bonbak. Eskuan zapatatxo bi. Iraganez betea dator. Zapaten artean. Orainaldian zauriak sendatzera, etorkizunean libre hegan egin ahal izateko. Beti aurrera, aurrera, aurrera, haizearen norabidean!

-Udal aretoa, 21:30: Itzel produkziak “Bizimiñak”

Bizikidetza egunero lantzen dugun gaia dugu, unibertsala dena zein gertukoa, nahi gabean, multzoak agintzen duenaren arabera edo determinazioz jorratzen dugun gaia da. Baina zergatik gara multzo bateko edo besteko? Zergatik aukeratu beharra? Eta inongo ez nahiko bagenu izan? Zer da erabakitzea?

Urte luzez bizi izan dugu mina, eta oraindik mina darraio etxe askotan... Mina, gorrotoa, itsutasuna... Isiltasuna. Minaren orbainak, zauriak, erakutsi nahi ditugu, etxe guztietako leihoak zabaldu nahi ditugu, entzun, ikusi...

Kultur esparru ezberdinez baliatuz, mina eta haren bueltan dabiltzan gai ezberdinez hitz egin nahi dugu, marraztu nahi dugu, abestu nahi dugu.

Mina denok baitugu, zauria pixkanaka sendatuko da, baina zauriak utzitako orbaina erakutsi beharra dugu, galderak ditugu, ez dugu erantzunik, behar bat besterik ez gure historia guk kontatzeko beharra.

Apirilak 24, asteazkena

-Udal aretoa, 21:00: Txiflando antzerki tailerra “Fiñisterre”

Ikuskizun metaforiko honek irudi poetikoak eta hitzak margotzen ditu espazioaren etengabeko bilaketan. Denboran kokaezinak diren hiru emakume hauek itsasoan murgilduko dira berezko mugimenduaren bila istorio zaharrei amaiera emateko.

-Udal aretoa, 21:00: Beheko Larraine “Manifestu bat”

Mila esker nire hiletarako gonbidapena onartzeagatik. Festa eder bat prestatu nahi nuen nire azkenerako, baina azkenean...”

Azkenerako eta azkenean. Beti bazterreko pertsonai bat baino izan ez denak, azkenean, arreta bereganatuko du antzezlan honetan. Bere barne-ahotsek, behingoagatik, begirada guzien erdigunera bultzatuko dute. Bueltan, bere begirada itzuliko digu. Nolako begirada, halako errealitatea.

Begirada ironikoa heriotzari bizitzaren gorabeherak erakutsiz. Zerbait erakutsiko digu azkenerako?

Apirilak 25, osteguna

-Herriko plaza, 21:00: Azkona & Tolosa “Tierras del Sud – Bilduma”

BILDUMA XIX. mendearen bukaerako argazki etnografikoaren ezaugarriak aztertzen dituen antzerki lan dokumentala da.

Pulitutako zilarrezko superfizie batean irudi errealak finkatzea ahalbidetzen zuten lehen teknikak agertzearekin batera, argazkigintzak eraldatu zuen erabat errepresentazioaren istorioa eta, zehazkiago, antropologiak giza-arrazak estudiatzen zituen modua.

Argazki hauek errealitatearen isla benetakotzat aurkeztu izan dira, kontuan hartu gabe irudi hauek beste arrazen gutxiagotasuna egiaztatzeko froga antropologiko gisa hartuak izan zirela.

Izan ere, gu guztiok heziak, irakatsiak eta kolonizatuak izan gara mundua ikusteko, ulertzeko eta azaltzeko ikus-molde horren azpian.

Apirilak 26, ostirala

-Frontoia, 22:00: Rubik taldea “Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak”

Nora zoaz noraezean?

Aukeratu maleta egokia.

Nora zoaz noraezean?

Aukeratu maleta egokia.

Zein bidaia opa dizu bizitzak?

Ondarea zerrendatu.

Zer garraiatu bakardadean?

Antolakuntzan dago perfekzioa.

Nola mugitu geldirik bazaude?

Babestu, ez hoztu bihotza

Arrotzak. Maletak. Ez-lekuak.

Arren, ez ostu bihotza.

Arrotzak eguneroko bizitzan eta espazioetan.

Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak.

Apirilak 27, larunbata

-Frontoia, 22:00: Xake produkzioak, “Mami Lebrun”

Egoitz eta Miren amona Kontxa hil berriaren omenaldia prestatzen ari dira. Amonaren etxeko ganbaran aurkitutako eguneroko batzuetan oinarrituko dira, Kontxak gaztetan Pariseko Cabaret batean bizitakoak kontatzeko. Horixe izango da omenaldiaren ardatza. Hala ere, Mireni kontatu ez dion sekretu bat dauka Egoitzek...

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)