Albisteak

"Ahoa bete hots" jardunaldiak

"Euskalkiak, batua eta erregistroa ahozko kultur sorkuntzan", aurtengo aztergaiaAstelehena, 2012-10-15

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Villabonako Udalak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkar hartu zuten 2008ko abenduaren 12an Mintzola Fundazioa sortzeko, euskararen ahozkotasunaren esparruan erreferentziazko ikerketa eta bilgune izateko. Geroztik, beste ekimen batzuen artean, "Ahoa bete hots" jardunaldiak sustatu ditu Mintzolak. Azaroaren 7an abiatuko den edizioak “Euskalkiak, batua eta erregistroa ahozko kultur sorkuntzan” gaia izango du ardatz.

Jardunaldien aurkezpena aurreko astean egin zen Mintzolan, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Villabonan duen egoitzan. Bertan eman zituzten "Ahoa bete hots" jardunaldien 3. edizioko xehetasunak. "Antzerkian, bertsolaritzan, kantagintzan eta ipuingintzan maiz egiten dute talka euskalkiak eta batuak; erregistro egokiak eta zuzenak; euskararen baliabide ezak eta alboko hizkuntzen modako baliabideak… Aipatu ahozko lau generoetako sortzaileak gonbidatu ditugu gaiari buruz izan dituzten kezkak, abantailak eta korapiloak ez ezik, haiei eman aterabideen edota egin gogoeten berri ere eman diezaguten", adierazi zuten aurkezpen ekitaldian.

Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendariak ere prentsaurrekoan hartu zuen parte eta zera adierazi zuen, "euskarak aldi berean bizia, jasoa eta jostagarria izateko beharra" duela. Bere ustez, batuak funtzio formalak betetzen ditu egun, baina "ez dugu batuaren lagunarteko hizkera garatu, euskalkiak darabilzkigu horretarako". Horri lotuta hainbat galdera luzatu zituen: kontrakotasuna al dago batuaren eta euskalkien artean ala zertarako dabilzkigun da kontua? Erantzunak jardunaldiotan topatu ahal izango ditugu.


Ahoa bete hots

Euskalkiak, batua eta erregistroa ahozko kultur sorkuntzan

2012ko azaroaren 7, 8 eta 9an

Mintzolan, Villabonako Subijana etxean (Kale Nagusia, 70)

Egutegia:

Azaroak 7 asteazkena

9:00-9:15 Sarrera.

9:15-10:00 "Euskara batua eta euskalkiak antzerkian; Ipar Euskal Herriko talaiatik", Manex Fuchs (Petit Theatre de Pain konpainia).

10:00-10:45 "Euskalkiak traba edo aldeko haize dira antzerkian?", Ainara Gurrutxaga (Dejabu panpin konpainia).

10:45-11:30 "Antzezlea gidoiaren hizkuntza egokitzen duelarik bere egin arte", Itziar Ituño (Goenkale).

11:30-11:45 Pausa.

11:45-13:00 "Juglarea, puta eta eroa" antzezlana (Petit Theatre de Pain konpainia).

13:00-14:00 Mahai Ingurua: Manex Fuchs, Ainara Gurrutxaga, Itziar Ituño eta Ximun Fuchs. Moderatzailea: Julia Marin (Antzerkizale Elkartea).

Azaroak 8 osteguna

9:00-9:15 Sarrera.

9:15-10:15 "Euskara batuaren eta euskalkien lekua bertsogintzan", Xabier Amuriza (Bertsolari, idazle eta ikerlaria).

10:15-11:15 "Erregistroaren bila bertsotan", Andoni Egaña (Bertsolari eta idazlea).

11:15-11:45 Pausa.

11:45-12:45 Kantaldi hitzaldia Mikel Markezen eskutik.

12:45-14:00 Mahai Ingurua: Xabier Amuriza, Andoni Egaña eta Mikel Markez. Moderatzailea: Beñat Gaztelumendi (Bertsozale Elkartea).

Azaroak 9 ostirala

9:00-9:15 Sarrera.

9:15-10:15 "Kontalariaren jarrera eta hizkuntz egokitzapena haurrei kontatzerakoan", Pello Añorga (Ipuin kontalaria eta idazlea eta HUHEZin irakasle).

10:15-11:15 "Hizkuntza egokitasunaz eta zuzentasunaz ipuin kontaketan", Joxe Mari Karrere (Ipuin kontalaria).

11:15-11:45 Pausa.

11:45-12:45 "Harriola marriola" ipuin kontaketa Koldo Amestoyren eskutik.

12:45-13:45 Mahai Ingurua: Pello Añorga, Joxe Mari Karrere eta Koldo Amestoy. Moderatzailea: Josune Zabala (Mintzola).

13:45-14:00 Jardunaldien amaiera.

Nori zuzendua:

Jardunaldiotan jorratuko dena kulturgintzan, hedabideetan edo irakaskuntzan ari den edozeini interesatuko zaio. Irakaslea, kazetaria, aurkezlea, bertsolaria, ipuin kontalaria, antzezlea, euskara teknikaria, ikerlaria, soziolinguista, kantaria, edo besterik gabe ahozko kultur zalea bazara, jardunaldiotan topatuko duzu intereseko gairik eta emankizunik.

Matrikula prezioa:

Matrikula arrunta: 60 €

Antzerkizale, Kantuzale, Ipuin kontalari edo Bertsozale Elkarteetako bazkideak: 40 €

Aiztondo Mankomunitateko herrietako biztanleak: 40 €

Ikasle, langabetu eta erretiratuak: 35 €

Izen-ematea:

Webgunean: www.mintzola.com

Telefonoz: 943 693 870

2012ko urriaren 11tik 24ra.

Ordainketa:

2101 0381 01 0012251518 kontu korrontean, izen-abizenak jarrita.

Agiriak:

Jardunaldien lehen egunean ordainketa agiria aurkeztuko da.

Matrikulan beherapena dutenek euren egoera egiaztatzeko agiriak aurkeztuko dituzte.

EHUren kredituak:

Ikastaro honetan parte hartzen duten Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek kreditu bat eskuratuko dute.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)