Albisteak

Deslekuan zirrikitu bat zabaltzeko poemak

Osteguna, 2017-04-20

Alaine Agirrek bere lehen poema liburua aurkeztu du: Txoriak etortzen ez diren lekua (Erein). Ospitale psikiatriko bateko egonaldietan sentitutakoak eta pairatutakoak islatu ditu bertan. “Aspaldi nago idaztera kondenaturik”. Bermeoko idazleak halaxe aitortu zuen, gordin eta ozen, liburuaren aurkezpen ekitaldian.


Deslekuan idatzitako poemak

Ińaki Aldekoa Ereingo editorearen esanetan, Txoriak etortzen ez diren lekua (Erein) ez da edozein poema liburu. “Alaine Agirrek izendatzen duen hori lehen aldiz izendatua izan dela dirudi. Eta hori da poesiak bere jatorrian duen bertuterik handiena”.

Ez da azpimarratzeko moduko ezaugarri bakarra. Ereingo editorearen ustez, poema hauei egiazkotasuna darie. “Ez da pulpitutik ari. Hortxe ikusten diot Alaineren poesiari bertuterik, egiarik eta sinesgarritasunik handiena”.

Iaz, idazle bermeotarra bitan izan zen ospitale psikiatriko batean ingresaturik. Bertan idatzi zituenak jaso ditu Txoriak etortzen ez diren lekua (Erein) poema liburuan. Izenburuko lekua, ordea, desleku bat da. “Ez da zerua, ez da paradisua, ezta infernua ere”. Desleku bati buruz ari da poeta. “Baina desleku horretan ere bizitza dago”, Ereingo editorearen iritziz.


Ospitale psikiatrikoan

“Lotsabako hasiko naiz gaurkoan. Konturatu naiz idazlea naizela”. Alaine Agirrek hitz horiekin hasi zuen bere agerraldia. Idazketa ez dela afizio kontua. Edo pasio moduko zerbait. Haratago doa idazketarekiko duen lotura: “aspaldi nago idaztera kondenaturik. Baita bizitza gutxi dagoen lekuetan ere”.

Azalpenak azalpen, bere obrak definitzen du poeta ondoen. Liburuko lehen poeman daude, hain zuzen, Alaineren lan berri hau ulertzeko gako denak, edo gehienak. Guztiz konfesionala baita. Poema hori errezitatu zuen, hain zuzen, kazetarien aurrean. Bideo honetan jasota dago une hori:


"Nire arma bakarra idaztea izan zen"

Ospitaleko lehen egonaldi hartan egin zituen idatziak ez ziren poemak. “Ez zen testu bat ere. Zirriborro lausoegi bat zen”. Ospitalean egin zuen bigarren egonaldian hasi zen lehen egonaldian idatzitakoa taxutzen. Eta idatzitakoari forma ematen hasi orduko konturatu zen bazegoela “esperantza izpiriren bat, edo kolore apur bat edo txoriren bat hortik zehar; txoririk ez zetorren leku hartan”. Alaine Agirrek Donostiako Udal Liburutegiko sotoan eskaini zuen prentsaurrekoan aitortu zuenez, “hamar aste horietan idaztea izan zen nire arma bakarra, baita idaztea debekatua zegoenean ere”.


"Nik neuretzat idazten dut"

“Ez dizuet gezurrik esango. Nik neuretzat idazten dut”. Ibilbide laburra osatu badu ere, dagoeneko hainbat sari eta hainbat aipamen jaso ditu Agirrek. Denak esker onez jasotzen baditu ere, ez du horregatik idazten. “Nik neuretzat idazten dut, behar dudalako”.

Lehen aldiz, liburua bere buruari eskaini dio. “Urtebete pasa dut handik kanpo  (ospitaletik kanpo, alegia) eta uste dut merezi dudala. Orain, hemen, zuen aurrean nago, hau benetakoa dela esateko”.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)