Albisteak

Alex Martinezen iritzi artikulua: "Gizaki gardenak"

Igandea, 2019-03-31

Alex Martinez Iturriak hirugarren iritzi artikulua plazaratu du "Sinadurak" atalean: Gizaki gardenak.

Oharra: Iraume Euskal Herriko metropoli nagusia dugu, gertu eduki arren ezezaguna zaiguna. Hilean behin kolaboratzaile ezberdin batekin aterako naiz Iraumetik paseoan, eta bien arteko elkarlana izango da artikulua. Hilabete honetan Jordi Roig (@j.roigferre) ikus-entzunezko ekoizlea izango dugu bidelagun, bere ideia, hausnarketa eta argazkiekin ornituz jardunaldia.

@Iraumetik

Gizaki gardenak

Ipuin batean nabil, fantasian murgildurik, libre hegan egiteko gai den gizakiarekin. Zenbat eta zenbat istripu egongo ziren imajinatu ondoren (nahiz eta ez ditudan inoiz bi uxo airean talka egiten ikusi), konturatu naiz txirringa, kotxe eta trenik ez genituela beharko, hiriaren fisionomia ezberdina izango zela. Baina, hegan egiteko gai bagina, existituko al ziren sikiera hiriak? Gizarte sedentarioa izango litzake gurea? Eta azkeneko hausnarketa, gehien hunkitu nauena. Nola eraikitzen da gizarte nomadaren kultura eta nortasuna?

Lagun batek deitu nau, bihar Berlinera doala, etzi bilera Londresen, baina larunbateko afarira ailegatuko dela. Afaria lagun mexikarrari agurra emateko da, duela hiru urte Iraumera etorritakoa. Qatarrera bidali dute lanera oraingoan. Arabiarrera badakien galdetu behar diot, nahiz eta erantzuna imajina dezakedan. Mezua mugikorrean, argazki ederra, gauez, terraza bateko igerilekuan, metropoliaren argiak ortzimugan. Nueva York? Txo, Singapur. Kalera irten naizenean, kosta egin zait nire inguruan etengabe gora eta behera dabiltzan aurpegiak enfokatzea.

Swing klaseko lehen eguna, betiko aurkezpenen txanda. Eta zu nongoa zara? Ni frantsesa naiz. Hark argi dauka. Ni, Buenos Airesen jaioa. Hark ez horren argi. Ni, munduan jaiotakoa naiz, nire kultura kultur unibertsala da. Umila, tipoa. Begira geratu natzaio, uhandrea daraman kartoizko kafe basoari zurruta eman dio, sagartxoak dituzten aurikularrak gorde ditu. Pentsatzen geratu naiz, ea globalizazioak saldu nahi digun kosmopolitismoa, kapitalismoak saldu nahi digun kultur unibertsala, ez den, besterik gabe, kontsumoaren kultura. Nork daki.

Erdi zorabiaturik, metropolian murgildu naiz, Iraume osatzen duten geruza ezberdinetan igerian. Hegan egin ezin dutenen auzoetan aurkitu dut nire burua. Txinako dumpling usaina ailegatu zait, Pakistaneko tea, Kolonbiako arepak, kale berberean. Kultura unibertsala, pentsatu dut, kulturen kultura. Etorkizuna ikusi dut, hiriguneko kristalezko etxeorratzak hazi egin dira, bere jainkoetara iristeko ametsarekin, jende berriz bete dira eraikinak, beste behin hustu, jende berriz bete, hustu, jende berriz bete. Bitartean, bere itzalean, kale hauetan, sustraiak errotuz doaz, hamaika hizkuntzetan abestutako doinuekin dantzan. Metropoliaren benetako kultura.

Kultur propioaren etsaiak Arabiako jainkoetan aurkitu nahi ditugu askotan, itsasoa gurutzatu behar izan dutenen azalaren kolorean. Baina Iraumen erraz entzun daitezke euskaraz eginiko otoitzak meskitan, maiz aurkituko dituzue umeak kalean kriketean esku hutsez, eskupilota moduan. Eta euskaraz eginiko Coca-Cola iragarkiaren zain jarraitzen dut.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)