Albisteak

Alexander Martinez Iturriaren kolaborazioa: "Do you understand?"

Astelehena, 2019-02-04

Kolaboratzaile talde berriari ongi etorria emango diogu otsailean. Astelehenero artikuluak publikatuko dituzte txandaka Alex Martinez Iturriak, Jon Barberenak eta Maixa Zugastik, sormen lanak Aintzane Galardik. Alex Martinez Iturriak proposamen berezia egingo digu bere testuetan: aurten Donostia Hiria Saria jaso du Iraumen ipuin bildumagatik. Idazleak Iraumen izeneko hirian kokatu du bere burua, behatzaile, eta Hitzen Uberaneko artikuluetan hiri horretako kaleetan murgiltzen jarraituko du, hainbat artistaren irudien laguntzaz. Adi egon beraz astelehenetan, eta gozatu!

Oharra: Iraume Euskal Herriko metropoli nagusia dugu, gertu eduki arren ezezaguna zaiguna. Hilean behin kolaboratzaile ezberdin batekin aterako naiz Iraumetik paseoan, eta bien arteko elkarlana izango da artikulua. Hilabete honetan Gloria López argazkilaria izango dugu bidelagun, bere ideia, hausnarketa eta argazkiekin ornituz jardunaldia.

@Iraumetik

Walter Bernjaminek azaldu zuen, Berliner Kindheit Um Neunzehnrundert liburuan, nola gal gaitezkeen hiri propioan. Autoreak dio bizi beharreko esperientzia dela hau, baina hiri propioan atzerritar sentitzea ez dela ariketa erraza. Beste garai bat zen hura.

Euskaldunak akaso ohituta egon beharko ginateke, ez baita horren arraroa tabernan eskatu eta “Lo siento, no le entiendo” entzun. Baina iritsiko da eguna zeinean, euskaraz probatu ondoren gazteleraz eskatzean, “Sorry, I don't understand” bat jaso eta benetan harrituko garen. Iraumen, ordea, ohiko egoera da hau, turistez beteriko hiria turistentzat pentsatuta baitago. Aireportuaren sindromea zabaldu egin da hiri osoan, kaletik paseoan, tabernan lagunekin edota erosketetan gabiltzanean ezin jakin munduko zein tokitan gauden. Turismoak arrotzak bihurtu gaitu gure herrian.

Uste dut, Iraumen ez ezik, Euskal Herri osoan gutxika-gutxika hedatzen joango den gaitza dela hau. Turismoa beti egon da geurean, eta elkarrekin ongi konpondu gara orain arte, baina gure interesak urruntzen doazela dirudi. Ziur lehen zantzuak igarri dituzuela. Herria hurrengo Guggenheim-a izan nahi duten eraikin garesti eta baliogabeez betetzen ari dela, esate baterako, edota alde zaharra denetarik (eta aldi berean ezer ez) saltzen dituzten dendez betetzen ari direla. Ziur naiz duela bost urte ezezaguna zitzaizuen gentrifikazio hitza ezaguna duzuela jada, bai eta bere eraginak ere.

Turismoa da hurrengo hamarkadetan gure hiriak marraztuko dituen eskua. Eta ezin ahaztu, bere interes propioak dituen eskua dela. Arazorik gabe beteko du hiribide nagusia Mango, Starbucks eta NH hotelarekin, arazorik gabe prostituituko ditu gure kultura eta hizkuntza. Hiritarrak izango gara horren eraginak nabaritzen lehenak, azaltzeko zaila den sentsazio batekin, gure herritik botatzen ari gaituztela sentituko dugu. Ostalariak, orain kontent daudenak, kale kantoian garagardoak erdi-prezioan dituen katea irekitzean, bere lokalaren alokairua igotzean, neoturismo honen onuren inguruan zalantzan hasiko dira. Agintariak, azkenik, zenbait urtez estatistikak eta grafikoak erakusten ibili ondoren botoen truke, ulertuko dute hiria ez dagoela jada beraien esku. Orduan bai, denak bat gatozenean, hasiko gara oparitutako hiria errekuperatzen. Iraumen horrela gertatu zen, baina orain egi kezkagarri bat ikuskatzen hasi gara. Emandako oparia ez digutela erraz itzuliko, agian beranduegi dela jada.

Walter Bernjaminek azaldu zuen, Berliner Kindheit Um Neunzehnrundert liburuan, nola gal gaitezkeen hiri propioan. Lastima atzerritar ez bihurtzeko metodoa azaldu ez zuen.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)