Albisteak

"Askotarikoak izan dira Amaia Ezpeldoi pertsonaiaren bideak eta aldarriak"

Itxaro Bordarn pertsonaia aztertuko dute larunbatean Literatura EskolanAsteartea, 2013-04-16

Literatura Eskolako kideak Txantreako Euskaldunon Biltokian elkartuko dira, larunbatean goizeko 10:00etan. Honakoan, pertsonaia literario bat izango dute aztergai: Itxaro Bordaren Amaia Ezpeldoi detektibea. Iratxe Retolazak gidatuko du solasaldia eta elkarrizketatxo honetan adierazi digunez,  "askotariko gaiak jorratzen dira Ezpeldoiren nobela horietan, eta batez ere gizarte gaien inguruko ikuspegi kritikoa da nagusi".

Amaia Ezpeldoi detektibearen nobelak azpimarragarri dira hainbat alderdietatik begiratuta. Baina akaso genero ikuspegia izan da gehien nabarmendu izan dena. Identitate sexualaren bilaketaren arloan, eta aldarrikapenaren ikuspegitik ere, ikur batean bihurtu da honez gero Amaia Ezpeldoi, ezta? Edo hori gehiegi esatea al da?

Iratxe Retolaza. Amaia Ezpeldoi ibilbide luzeko pertsonaia literarioa da. Itxaro Bordak 1994an sortu zuen Amaia Ezpeldoi pertsonaia, Bakean ützi arte (Susa) nobelan, eta Amaia Ezpeldoiren azken bidaiak iazkoak dira, 2012. urtekoak. Hogei urte igaro dira ia Amaia Ezpeldoi pertsonaiaren lehen agerpen literariotik azkenera. Ibilbide luze horretan askotarikoak izan dira Amaia Ezpeldoi pertsonaiaren bideak eta aldarriak, baina, egia da, 2007. urtean Jalgi hadi plazara nobelan (Susa) identitate lesbiarra aldarrikatu zuenetik, Amaia Ezpeldoi komunitate horren ikur ere bilakatu dela. Baina, bereziki interesgarria da Amaia Ezpeldoik nobelaz nobela izan duen bilakaera ikustea, baita sexualitatearen alorrean ere, azken batean, Amaia Ezpeldoi pertsonaia nola hazi den eta nola egin den heldu ikusi dugu azken hogei urteotan, eta sexualitatea askatasunez bizitzeko aldarri hori ere prozesu horretan kokatu behar dugu (eta ibilbide horretan hartzen du indarra bereziki).


“Detektibe nobelaren kodeak berritzeko asmoa nabari da”

Amaia Ezpeldoi pertsonaiari buruz hitz egiterakoan, ia beti ezaugarri hori azpimarratzen da. Baina Itxaro Bordaren serie honetako nobeletan, bestelako hausnarketak ere jasotzen dira. Pertsonaia honen bidez, Euskal Herriaren gaineko edo inguruko hausnarketak ez dira azalekoak. Bere pisua dute nobelan, bereziki Boga Bogan (Susa, 2012) ala baita besteetan ere?

Iratxe Retolaza. Jakina, askotariko gaiak jorratzen dira nobela horietan, eta batez ere gizarte gaien inguruko ikuspegi kritikoa da nagusi (ekologia, hiritartasuna, kultur ereduak, euskaltzaletasuna, abertzaletasuna, sexualitate ereduak ...). Bestalde, gizarteari kritika egiteko azpigenero literarioen ohiko kodeak auzitan jarri ditu Itxaro Bordak nobela horietan. Esaterako, detektibe nobelaren kodeak berritzeko asmoa nabari da: detektibe emakumea, errurala (eta ez hiritarra), euskalduna (euskal auziak ikertzen ditu)... Alegia, komunitate txiki bateko detektibea dugu Amaia Ezpeldoi. Edo bidaia-nobelaren kodeetan ere zirrikiturik proposatzen da: Amaia Ezpeldoiren geografiak eta ibilbideak oso sinbolikoak dira, eta ikertzen dituen auzi gehienek bidaia sinboliko bat egitera bultzatu ohi dute. Azkenik, parodiarako joera ere nabari da nobela hauetan, gizarte kritika egiteko, eta estereotipoei iseka egiteko. Eta ezin ahaztu, hizkuntza ereduek nobela hauetako mundu literarioa osatzeko duten garrantzia, eta tetralogia honek ere ibilbilde linguistiko bat proposatzen digu nobelaz nobela: zuberera, lapurtera-behenafarrera, bizkaierako kutsua, euskara batua...

Eskolan izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko, hauxe esteka: Literatura Eskola.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)