Albisteak

Estilo anitzeko idatzien collage bat

Osteguna, 2018-10-04

Iruñeko Katakrak duela bi urte hasi zen liburuak argitaratzen. Angela Davisen bibliografiatik euskarara itzuli duten bigarrena da Emakumeak, kultura eta politika. Davisek 80ko hamarkadan eskaini zituen hitzaldietako testuen zein bestelako idatzien konpilazioa. Fermin Zabaltza, Itziar Diez de Ultzurrun, Xabier Olarra, Estibaliz Lizaso eta Joxe Mari Berasategi aritu dira itzultzaile lanetan.

1983an argitaratu zuen Angela Davisek Emakumeak, arraza eta klasea lan entzutetsua. Eta urte bete beranduago, senideen eta lagunen gomendioa jarraituz argitaratu zuen Emakumeak, kultura eta politika-ren lehenengo bertsioa. Davisen bi arimak, bi eszenarioak –aktibistarena eta irakaslearena–, bost kontinenteetan zehar izan ziren solasaldietan eta jardunaldietan. Gai guztiak hiru ardatz nagusitan sailkatu zituen: emakumeen berdintasunaren aldeko borroka, nazioarteko gaiak eta kultura. Alegia: arrazakeria, emakumeen osasuna, arma nuklearrak, familia beltzak, afro-amerikarren argazkilaritza eta eraldaketa AEBetan, Hego Afrikan, Egiptoko emakumeen egoera, Clara Zetkin pentsalari klasikoa, Rupert Garciaren margolanak...

1984an argitaratu zuen lehenik eta 1990an eman zuen behin-betiko argitalpena. Hemezortzi testuk osatzen dute liburu hau. "Eta idatzi zuen garaitik hona munduaren itxura, urte gutxitan, zuztarretik aldatu bada ere, liburu hau ez da arkeologia soil bat. Liburu hau eskola bat da munduko gatazkak edota artelanak ikusten ikasteko. Hamaika pertsonaia historiko eta gatazka ezagutzeko eta sakontzeko gida bat da. Edozein gatazkan dauden faktore ezberdinen eta konplexutasunen bila aritzeko gonbidapen bat", Katakrak-etik aditzera eman dutenez. Prentsaurrekoak eman duena jaso dugu ondoko bideoan:


Bi nobela labur 

Beste bi liburu aurkeztu dira gaurko egunean. Elkarrek plazaratu ditu biak, publiko gazteari zuzendua dagoen 'Ateko bandan' bildumaren baitan. Iñaki Irasizabalen Aramotz eta Joxean Agirreren Ispiluak eta itsasoak. Argazkian dira biak, hurrenez hurren.

IrasizabalAgirre


Thriller psikologikotik gertu 

Aramotz (Elkar) nobelan, Saioa, Edy eta Lander dira protagonista nagusiak. Saioa eta Edy topo egiten dute pisu batean droga erosten. Aurretik pentsatu gabe, zoritxarreko gertakarien katean, haietako batek saltzailea hil egingo du, eta, trafikatzaileen mendeku ziurraren beldurrez, biek ihes egin beharra izango dute. Saioak urte batzuk lehenago psikiatriko bateko egonaldian ezagututako Landerri deituko dio, mutil isil eta misteriotsua. Landerrek lagundu egingo die, eta mendialde bakarti batean galdutako txabola ezkutu batera eramango ditu, gauzak baretu arte. Bere bakardade eta edertasunean, aldi berean paradisu eta infernu bihurtzen zaie naturaren erdiko paraje ahaztu hori: hirurak ere elkarri begira daude, mesfidantzaz, jokoa bere aldera eramango duen karta ezkutua noiz aterako zain, "thriller psikologikoaren eta terrorezkoaren osagaiak batzen dituen nobela labur baina trinko honetan", Elkarrek ohar bidez aditzera eman duenez.


Belle Époque sasoira garamatzan nobela

Ispiluak eta itsasoak (Elkar) nobelako protagonistak Maria Garrastazu du izena. Hamasei urteko gazte bat da, neska eder eta argia, 1920ko hamarkada aldean Zestoako bainuetxean lan egiten duena. Monsieur Perrin deritzan bezero batek, dandya izatez eta ispilu marka bateko saltzailea ogibidez, berarekin lan egitea proposatuko dio, eta, gurasoak Aizarnako baserrian utzita, bere bizitzako lehen bidaiari ekingo dio, lehenik Biarritzera eta gero Parisera eramango duena. "Dotoreziaz eta xalotasunez kontatzen digu Joxean Agirrek istorio hau, Belle Époque-ko edertasun eta xarma eta gaztaro galduaren ukitu nostalgikoa batzen dituena", Elkarrek hedabideetara igorri duen prentsa-oharrean halaxe irakurri dugu.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)