Albisteak

Anthony Burgessen "Laranja mekanikoa" euskaraz

Osteguna, 2018-11-22

Laranja mekanikoa titulua askok lehen kolpean Stanley Kubricken filmarekin lotuko badu ere, filmak jatorri duen Anthony Burgessen nobelak edukietan mundu are konplexuagoa eta gordina dakarkigu, idaztankeran erronka luzatzen diona irakurleari. Ion Olano Carlosek egin du itzulpena, Harkaitz Canok sinatu du epilogoa, biek parte hartu zuten aurkezpenean.

Liburuaren aurkezpena

Harkaitz Cano: "Pertsonaje nagusia sadiko bat da, Alex, baina sistema gero sadikoa da pertsonaia honekin ere. Sadismo hori da berreziketa lortzeko helburu edo aitzakiarekin erabiltzen duen sadismo bat".

Ion Olano Carlos: "Filma eta liburuaren arteko alde nabarmenena da nola bukatzen den bata eta nola bukatzen den bestea. Filma bukatzen da nahiko mezu etsigarriarekin, hasieran Alex gaizto-gaiztoa da eta bukaeran Alex gaizto-gaiztoa da, ez dago inolako eboluziorik. Anthony Burgessek nobela bat idatzi nahi zuen, nobela bat non pertsonaiak berez aldatzen diren, bere borondatez, ez inork kanpotik inposatu diolako ezer. Hain justu horregatik izena du Laranja mekanikoa, zeren gizakiok erabakitzeko gaitasuna daukagu gure ekinten gainean erbaki dezakegu gauza bat egin edo bestea. Bestela, ez bagenu gaitasunik izango ongia edo gaizkiaren artean aukeratzeko, orduan izango ginateke Laranja mekanikoa, alegia, gauza bat itxuraz bizirik dagoen baina barrutik mekanismoo batzuek kontrolatzen dutena, eta berak eman nahi zion eskubide hori bere protagonistari: aldatzeko eskubidea."

Aurkezpeneko irakurraldia

Ion Olano Carlosek liburuko lehen paragrafoa irakurri zuen, Maite Larburu musikariak berariaz prestatutako musikak lagundua.

Liburuari buruz

Meettok argitaletxea plazaratu du Laranja mekanikoa:

"Adi, irakurle, erne. Artefaktu berezia da esku artean daukazun hau. Azalez ezaguna da, baita izenez ere; haren mamia, aldiz, aski ezezaguna zaigu. Anthony Burgess idazleak eman zuen argitara Ingalaterran lehen aldiz 1962an, eta ondoren, 1971n, Stanley Kubrick zuzendariaren film bertsioarekin batera zabaldu zuen ospea munduan barrena. Apurtzailea izan zen filma estetikoki, soinuz eta irudiz. Alde etikotik, bestalde, galdera zorrotz ugari sorrarazi zituen. Alabaina, fokuen argiak itzalpean utzi zituen liburuaren hainbat puntu nagusi; esate baterako, ba al dakigu nondik datorren Laranja mekanikoa izenburua?

Alex dugu kontakizun honetako protagonista eta narratzailea. Arratsero biltzen da haren drugu (lagun) Pete, Georgie eta Tentelekin, moloko (esne) plus apur bat hartu, gogoa zorroztu, eta harrapatzen duten ororekin ultraindarkeriaz jokatzeko. Atsegin dute arauak haustea jostaketa hutsez, eta nadsat (nerabe) hizkera berezian mintzo dira. Alexek, gainera, zaletasun berezia du musika klasikoarekin, Ludwig Van (Beethoven) kuttunarekin bereziki. Amets goxoa dena, ordea, amesgaizto bilakatuko zaio une batetik bestera…

Aukera aparta daukagu, orain eta hemen, fruitu bitxi honen galderak eta erantzunak geure kabuz lantzeko. Arreta zorroztuz gero, irakurle, fruitu biziak bilduko dituzu. "

laranja mekanikoa

Anthony Burgess Aditua musika klasikoan eta literaturan. Alor bietan kritikaria, nobelagilea eta musikagilea, poeta, irakaslea eta kazetaria, antzerkigilea, gidoilaria eta itzultzaile eleanitza. Alemanez mintzo zen, baita espainieraz, errusieraz, frantsesez, ingelesez, italieraz, japonieraz eta malayeraz ere. Apur bat zekien halaber hebreeraz, persieraz, suedieraz eta txineraz ere. Argitalpenetan oparoa, 50 liburutik gora plazaratu zituen, tartean, 33 nobela, 25 saiakera, bi ale autobiografiko eta ehunka idazlan labur, artikulu eta iruzkin. Amorratua zen  musika zaletasunean ere: orotara, 250 piezatik gora idatzi zituen, besteak beste, hiru sinfonia, hainbat sonata eta zenbait kontzertu. Armadan ibili zen hainbat urtez, eta 1950an ingeles irakasle lanetan hasi zen Malaysian. Argitara atera zuen lehen liburua Time for a tiger izan zen, 49 urte zituelarik. Alabaina, handik gutxira gaixotu egin zen; burmuineko tumorea diagnostikatu zioten (gerora jakingo zuenez, oker) eta idazteari ekin zion, tai gabe, urtebetean bost nobela osatu arte. A Clockwork Orange nobela idatzi zuen garai hartan, bere lanik ezagunena (ez, ordea, bere kuttunena). Askoz ere lan gehiago argitaratu zituen hurrengo urteetan Burgessek, askoz hobeak bere ustez, baina nobela haren film bertsioak egin zuen munduan ezagun. Anthony Burgess (izen-abizenez, John Anthony Burgess Wilson) Manchesterren sortu zen 1917an, eta Londresen zendu 1993an, biriketako minbiziaz.

Liburu honen uberan:

Argia: "Gaizki interpretatutako nobela baten historia"

Gara: ""Laranja mekanikoa, baina ez Stanley Kubrickena"

Berria: "Gaizkia ulertu nahi duen artefaktua"

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)