Albisteak

Antonio Casado da Rocharen poema

Asteazkena, 2012-10-17

Antonio Casado da Rocharen poema berri bat irakurri dezakezue gaurtik aurrera Aingura Hegodunak atalean: Spánverjavígin izenekoa. Hamabostean behin hainbat egileren sormen lanak argitaratu nahi ditugu atal honetan, ezein formatutan. Azkenaldian Elisabeth Macklin, Andoni Salamero eta Little Momo izan dira testuak eskaini dizkiguten egileak.

Antonio Casado da Rochak Esku ezkerraz (Utriusque Vasconiae), bere lehenengo poema liburua, argitaratu zuen iaz, Angel Erroren hitzaurre batekin batera. Liburu honetako zenbait poema hautatuak izan dira Basque Poetry eta Donostiako euskal idazleen webgunetan. Bere blog literarioan, Laguna, idatzi ohi du.

Egileak poemari buruz:

“Spánverjavígin” hitzak “Espainiarren hilketa” esan nahi du islandieraz. Izen honetako saga edo kondairaren berri aspaldi izan nuen, laurogeita hamarreko hamarkadan, Donostian Erasmus zegoen Haukur Ástvaldsson nire lagunak erakutsi zidanean, egiazko pasadizo hura Islandiako ipar-mendebaldeko bere sorterrian gertatu zela esanez.

Islandian egonaldi bat egitera nindoala, Patxi Hipolito nire koinatua izan zenak ekarri zidan  Itxasoa (Los vascos y el mar) entziklopediako artikulu bat, zeinean Martin de Villafrancari buruzko datuak eta Jón Jakintsuaren sagaren itzulpena agertzen ziren. Gero, Islandian bertan ikusi ahal izan nituen euskaldunen eta islandiarren arteko harremanen frogak, besteak beste hiztegi txiki bat. Gaur egun gertaera honen inguruan datu ugari daude Wikipedian.

Urteak eman ditut poema hau gogoan, idatzi ezinean. Azkenean, Jon Benitoren Bulkadan  “London Cityko Balada” irakurri ostean deliberatu nuen zortziko txikiko formaz baliatzea (modu heterodoxo batean, errima pobrez) istorio hau euskaraz kontatzeko. Emaitzak zeharo ezberdinak diren arren, bi poemen arteko antzekotasun puntu bat dagoela uste dut, baina hori aurkitzea irakurleari dagokio.

SPÁNVERJAVÍGIN

 

Martin Martinen seme Villafrancakoa

bere aita zena legez Donostian jaioa

itsas gizona izanik hartu du asmoa

bidaia egiteko Islandiara doa

 

mila seiehun eta hamabostean da

hogeita zazpigarren bere urtemuga

hamalau urte zituela lehenengo aldia

Ternuara joan zen balearen bila

 

Wikipedia duzue istorioz beteta

euskal baleontziak abiatzen zirela

udara emateko arrantza-gunean

eskuan hiztegi bat euskara-islandiera

 

itsasoko zakurrak fokak omen dira

itsasoko “sackura” selur esaten da

hiztegi batek dio symphon dela “gitar”

eta pidgin honetan sonur da “semia”

 

erakartzen nautena dira buruhausteak

nola urte horretan azienda-galerak

jasan behar zituzten minak eta penak

kostaldean izotza etxean goseak

 

Reykjarfjörđuren badian zeruari ihes

hiru itsasontziek txalupak dituzte

jaitsi eta hitzarmena sinatu egin dute

kostaldeko jendeak eta euskaldunek

 

Martinek ur berotan bainua hartuta

arratsalde partean bisita egitera

oinez abiatu zen lagun batengana

opariak zituela bere alabarentzat

 

balearen buztanak bailiran enborrak

dilindan mozten ditu Martinen aizkorak

kupela olioz bete daude hiru ontziak

legatz baten azala dirudi itsasoak

 

baina enbata bortitza dator supituan

aingura askatuta hondoratu dira

eguna zabaltzean egoera latza da

eguzki apalaren izpien azpian

 

laurogei lagun dira lur-hodei horretan

bizirik atereak baina ozta-ozta

taldea desegin da eta Martinena

urriaren erdian eraso zuten han

 

Ćđey eta Sandeyrin herrixken artean

Martinek errukia eskatzen dienean

morroi batek hiltzera doakionean

jauzi egin ostean sartu da uretan

 

latinezko salmoak ozenki kantatzen

ihesari ekin dio igeri egiten

islandiarrek txalupaz harrapatu dute

Jón Jakintsuak hala salatuko zien

 

harkaitz beltzen artean arrastaka eraman

labankada ugariz heriotza eman

harri bati lotuta badian sartzean

urak baretu ziren guztiz bat-batean

 

horrela dio sagak kondaira zaharrak

Espainiarren hilketa izena duenak

urrutik ikusita ziruditen onak

herri bakoitzak ditu bere sarraskiak

 

baina zer jazo ote zen ez dakigun arren

irudika dezagun saiatu gaitezen

elkarri konprenitzen orain edo lehen

Islandiera ikasten gure mugen barren.

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)
  • 64x64

    Islandiarrez?????? Islandieraz izango da da, ezta? Islandiarrak pertsonak dira, islandiera da hizkuntza.

    2012-10-17 12:38jimmy
  • 64x64

    Eskerrik asko, Jimmy, arrazoi duzu eta akatsa nirea da. Saiatuko gara konpontzen. Bide batez, gehiago jakin nahi duenarentzat zenbait esteka eta osagarri (argazkiak, bideoak, etab.) jarri ditut nire blogean (1aguna [puntu] blogspot [puntu] com). Ondo izan!

    2012-10-18 10:29Antonio CdR