Albisteak

Formatu txikiko antzezlanak, ipuinak eta eleberri-proiektuak aurkezteko azken asteak

Ostirala, 2017-09-08

Iraila amaitzearekin batera itxiko dira hiru literatur lehiaketara lanak aurkezteko epeak: Poltsiko Antzerki Saria, Julene Azpeitia ipuin-lehiaketa eta Agustin Zubikarai beka. Albiste honetan bildu ditugu hirurei buruzko xehetasunak.

Poltsiko Antzerki Sorkuntza saria

Formatu txikiko antzerkia eta euskarazko sorkuntza bultzatzeko antolatzen du Donostia Kulturak sari hau, Donostiako Udalaren eta EHAZEren laguntzaz. Sorkuntzarako diru laguntza eskaintzeaz gainera, antzezlan horien ekoizten eta hedatzen laguntzen du lehiaketa honek.  Alegia, bi diru-sari emango dira: irabazleak 4.000 euro jasoko ditu, eta finalistak, berriz, 3.200. Lau lan aurkeztuko dira oholtza gainean, Donostiako lau tabernetan, Donostiako Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren barruan. Irailaren 28an amaituko da lanak aurkezteko epea. Hemen kontsulta ditzakezue oinarriak osorik, eta hemen eskuratu dezakezue, berriz, eskabidea egiteko inprimakia.

Julene Azpeitia ipuin lehiaketa

Zumaiako udalak antolatzen du Julene Azpeitia ipuin lehiaketa. 6 eta 15 folio bitarteko ipuinak saritzen dira eta irailaren 30ean amaituko da ipuinak aurkezteko epea. Hiru sari emango dira: lehenengoa, bigarrena eta Zumaiako onena. Hemen kontsulta ditzakezue lehiaketaren oinarriak.

Agustin Zubikarai beka

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute Agustin Zubikarai beka, idazleen lana bultzatzeko asmoz. Nobela-proiektuak saritzen ditu beka honek. Parte-hartzaileek hauek bidali behar dituzte lehiaketara: garatu nahi duten eleberri-proiektuaren azalpena eta eleberriaren beraren lagina. Irailaren 30an amaituko da proiektuak aurkezteko epea. Hemen topatuko dituzue oinarriak eta xehetasun guztiak.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)