Albisteak

Antzezlanak, paperean

Ostirala, 2017-03-03

Oholtza gainean taularatzeko idatziak izan ziren biak, eta orain liburu itxura hartu dute. Tartean teatro taldekoek Ez dok hiru, Euskal musikaren benetako istorioa (Elkar-Tartean Teatroa) liburua aste honetan aurkeztu dute eta berehala hasiko dira zuzenekoak eskaintzen. Arantxa Iturberen Koadernoa zuri (Elkar) obrak, ordea, bestelako bidea egin du. Hika teatro taldearentzat idatzitako gidoiari eleberri forma eman dio. Arantxa Iturberen liburua datorren astean aurkeztuko dute hedabideen aurrean.

Ez dok hiru, Euskal musikaren benetako istorioa (Elkar, Tartean Teatroa)

Patxo Telleria eta Mikel Martinezen antzezlan berria euskal kantutegian oinarritzen da. "Euskal Herriko imajinario kolektiboan txertaturik dauden kantuen errepaso ironiko, absurdu eta dibertigarria". Oraingo honetan, Telleria-Martinez bikoteak beste hiru musikariekin batera partekatuko du eskenatokia. Zeregin horretan ariko dira Adrian Garcia de Los Ojos, Maria Arriaga Telleria eta Ivan Allue.

EzdokHiru

Datorren astean hasiko dira zuzeneko emanaldiekin. Martxoaren 7an eta 8an Bilboko Arriagan izango dira eta, ondoren, saio ugari eskainiko dituzte Euskal Herrian barrena. Antzezlanaren mamia jasotzen duen liburua ordea, asteon aurkeztu dute.

Argazkia: Tartean teatroa.


Koadernoa zuri (Elkar)

Bi ahizpa, urtetan elkar ikusi ez dutenak, bat-batean amaren heriotzak berriro elkartu dituen arte. Asko dute batak besteari esateko, urrun egon diren bitartean bakoitzari gertatu zaizkionak, eta baita lehenagotik nork bere kolkoan gordetakoak ere. Otzan eta esanekoa izana da bata, errebelde eta lotsagabeagoa bestea, ama estu eta zurrunaren alabak biak ere. Trapu zikinak etxean garbitzeko aginduaren kontra, isilpekoak argitara aterako dituzte Arratek eta Begoņak, beren arteko arrangurak eta ezin ulertuak sendatzeko, hezkuntza zikiratzaile baten min herdoilduak goxatzen saiatzeko. Hauxe da Koadernoa zuri (Elkar) nobelaren sinopsia.

ArantxaIturbe

Hika teatro taldearentzat idatzi zuen lan hau eta, orain, antzezlana izan zena eleberri bihurtu du Arantxa Iturbek. "Sentiberatasunez eta trebeziaz, hitzekin duen dohaina eta pertsonaiekin duen enpatia agerian utziz", Elkarren prentsa-oharrean irakurri dugunez. Datorren astean aurkeztuko dute liburua. Martxoaren 9an osteguna, goizeko 11:00etan Donostiako Elkar aretoan.

Argazkia: Elkar.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)