Albisteak

“Asmo ederrik poltsikoan?”

Astelehena, 2018-07-09

Lelo horrekin iragarri dute Donostiako IX Antzerki Proiektu Deialdia. Idazlanak aurkezteko epea irailaren 27an amaituko da. Aurten, bi diru-laguntza eskainiko dira: irabazleak 4.000 euro jasoko ditu; finalistak, berriz, 3.200 euro.

 

Formatu txikiko antzerkiaren inguruan euskarazko lanen eskaintza urria izan ohi da. Errealitate hori ikusita, alor horretan euskarazko sorkuntzak bultzatzea da lehiaketa honen lehen helburu nagusia.

Bestalde, kulturaren balio katearen barruan (trebakuntza; sorkuntza; ekoizpena eta, hedapena eta ikustaldia), orokorrean sorkuntza eta ekoizpenak dira kultur erakundeetan gutxien jorratzen diren arloak. Gauzak honela, kultur balio katearen ibilbide guztia jorratzea da bigarren helburu nagusia.

Kontuan hartzekoa da era berean, “orain aurkezten dugun bederatzigarren deialdi honen xedea ez dela diru-laguntza soila, koprodukzioa baizik”, Donostia Kulturak aditzera eman duenez. “Izan ere, aukeratutako bi proiektuen sorkuntza eta ekoizpena laguntzeaz gain, bederatzigarren deialdi honetan ere landutako obren estreinaldia egingo da Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren programazioaren barruan (2019ko otsailean). Hain zuzen ere aukeratutako bi antzezlanetako bakoitzak 4 emanaldi egingo ditu hiriko beste hainbat tabernatan”.

2011n jarri zen martxan poltsiko antzerki sorkuntza deialdia, Euskal Kultur Erakundearekin izandako esperientzien elkartrukearen ondotik. Aurreko zortzi deialdietan, ia 50 proiektu aurkeztu dira. Donostia Kultura da ekimen honen antolatzailea, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen laguntzaz.

Xehetasunak eta eskabide orria esteka honetan topatuko dituzue: IX. Poltsiko Antzerki Sorkuntza.

Irudian, Ay Teatro taldearen Zaharra berri (Astolasterra) antzezlaneko promozio argazkia. Iaz, konpainia honek jaso zuen lehen saria.

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)