Albisteak

Aste honetan abiatuko da Poltsiko Antzerkiaren Jaialdia

Asteartea, 2018-02-13

Ostegunean hasi eta martxoaren 4ra bitartean, formatu txikiko 32 antzerki emanaldi egingo dira Donostian. Sarrera doakoa izango da Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiko emanaldi guztietan.

Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiak hitzordu berri bat du Donostian. 12 konpainia arituko dira aurten. Hiriko 27 agertoki ezberdinetan 32 ikuskizun eskainiko dituzte guztira. Iaz itxiera festa batantolatu zen eta aurten gauza bera egingo dute. Martxoaren 3an larunbata, Yogurinha Borova arituko da zeremonia-maisu gisa.

Jaialdi honen xede nagusia hauxe da: barietate antzerkiari toki egitea, baita antzerkiarentzat arrotza izan daitekeen aretoetan ere.


Saritutako antzezlanak, oholtzara

Ostegunean abiatuko den jaialdian, VIII. Poltsiko Antzerki Sorkuntza Sariketan irabazle eta finalista suertatu ziren taldeek hartuko dute parte. Ay Teatro! taldeak Zaharrak Berri (Astolasterrak) obra irabazlea eskainiko du. Atauts Sortzaile eta Rubik.Cia taldeak ere saritu dituzte aurten.

AstoLasterrak

Zaharrak berri (Astolasterrak) antzezlan sarituan, bi aktorek hiru pieza labur eskainiko dizkiote publikoari. Musika eta dantza baliatuz, tradizioa gaur egungo errealitatearekin uztartuko dute. "Aurreiritzi sozialak, berdintasuna lortzeko emakumearen borroka, eta abar. Zaharrak berri", jaialdiko antolatzaileek adierazi dutenez. Nerea Gorriti eta Ylenia Baglietto izango dira oholtzara igoko diren bi aktoreak.


Atauts Sortzaile taldearen "Gudua"

Atauts Sortzaile taldeari Gudua izeneko komedia saritu diote. "Alargun geratu berri den emakume desesperatu batek guru baten kontsultara joko du hil berri den senarrarekin harremanetan jartzeko asmoz. Baina egoera ez da espero zuena".


Rubik.Cia konpainiaren "Puer Aeternus"

80ko hamarkadan Dan Keley deituriko psikologoa ohartu zen bere paziente askok hainbat sintoma komunean zituztela: heldutasunarekin lotutako ardurak saihestea; Peter Pan sindromea, bestela esanda. Gaitz honen inguruan Rubik.Cia konpainiak hausnarketa entretenigarri bat eskaintzen digu Puer Aeternus antzezlanean; mugimenduaren poetika, dramaturgia pertsonala eta antzerki bisuala jorratuz.

Hauek eta beste antzezlan gehiago ikus ahal izango dituzue egunotan Donostian. Ekitaldi guztien sinopsiak eta xehetasunak ondoko estekan topatuko dituzue: Poltsiko Antzerkiaren Jaialdia.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)