Albisteak

Augustin Zubikarai beka-saria, Garazi Kamio idazle andoaindarrarentzat

"Orube abandonatuak" egitasmoarekin lortu du epaimahaiaren oniritziaOsteguna, 2013-10-24

Garazi Kamio nagusitu da Augustin Zubikarai sarian. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarrekin antolatzen duten beka da hauxe. Hogeita hamabost lan aurkeztu dira aurten, inoiz baino gehiago, eta horien artean Kamioren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen Augustin Zubikarai saria. Orain arte, Joxean Agirreren “Zwei Frauen (Bi emakume)”, Itxaso Araqueren “Damutzen ez direnak” eta berehala aurkeztekoa den Garbińe Ubedaren “Hobe isilik” sortu dira laguntza honi esker. Hurrena, Garazi Kamioren "Orube abandonatuak" izango da.

"Beti esan dut norberak bere burua pertsona arrunt moduan ikusten duela; eta noski, inguruko zenbait dituela arrotz, edo normaltasunetik kanpo baleude bezala. Baina hori ezin al daiteke alderantziz izan? Beharbada gu geu gara arraroak besteen begi arruntetan". Garazi Kamioren hitzak dira horiek. Iaz Beste norbaiten zapatak (Elkar 2012) izeneko narrazio liburua plazaratu zuen. Eguneroko kontuak, ustez txikikeriak direnak, hartu zituen mintzagai. Eta gaur egungo pertsonaiak, ustez gu bezain normalak direnak, gorpuztu istorio horien bueltan. Igartza Beka Saria eskuratu zuen lan hori osatzeko.

Orain Augustin Zubikarai bekari esker, “Orube abandonatuak” izeneko nobela osatu ahal izango du.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)